Ongizatea

happySuitza da munduko herrialderik zoriontsuena

Zoriontasuna kontzeptu oso subjektiboa izan arren, bada munduko herrialdeen zoriontasun maila neurtzen saiatzen denik. Horixe egin du, esaterako, nazioarteko aditu talde batek World Happines Report 2015 izeneko txostenean, Nazio Batuen Erakundeak hala eskatuta. Txostenaren arabera, 158 herrialdek osaturiko zerrendan Suitza da munduko zoriontsuena, Islandiaren eta Danimarkaren aurretik. Jarraian datoz, hurrenkera honetan, Norvegia, Kanada, Finlandia, Herbehereak, Suedia, Zeelanda Berria eta Australia. Kontrara, herrialdeok daude zerrendako azken postuetan: Togo azkena, eta aurretik Burundi, Siria, Benin eta Ruanda. 2012. urtean hasi ziren zoriontasunaren zerrenda egiten, beti ere herrialdeetako ongizate mailari erreparatuta. Horretarako, hainbat datu eta aldagai hartzen dituzte kontuan txostengileek: herrialde bakoi­tzeko garapen soziala, herritarren ongizatea bermatzeko gobernuek garaturiko politikak, herritarren askatasun maila, Barne Produktu Gordina, bizi-itxaropena, herritarren diru-sarrerak…  Aintzat harturiko datu asko garapen ekonomikoari lotuta badaude ere, badira bestelako osagai subjektiboagoak ere, alegia, norbanakoen pertzepzioari lotuagoak: segurtasuna, ingurukoen gaineko interes maila, atseden orduen kalitatea… Horiek guztiak oinarri, Euskal Herria zein postutan koka daiteke? Zerrendan ez da ageri, baina irudikatu nahi duenak badauka Frantziaren eta Espainiaren kokapena aztertzea: Frantzia 29. postuan ageri da eta Espainia 36.ean. Bakoitzak atera ditzala kontuak.