Euskara

anaiatasunaAnaitasuna, aldaketaren aldeko topagune

Jendez, emozioz eta euskaraz bizitzearen aldeko aldarri ozenez mukurutu zen iragan apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolaturiko ekitaldian. Herritarrek bete zituzten kiroldegiko harmailak eta kantxa, eta herritarrak izan ziren, hain juxtu, ekitaldiko protagonista nagusiak: urtetan herritarrek euskararen alde egindako lana eskertzeko balio izan zuen topaketak, alegia, lan eskerga horri merezitako aitortza eskaintzeko. Horretarako, leku egin zieten eguneroko bizitzan milaka herritarrek erakusten dituzten grinari eta ahaleginari, hainbat istorio eta lekukotasun jasota. Era berean, aurrera egiteko aldaketaren beharra nabarmendu zuten, euskarak ardatz izan behar duela azpimarratuta. Hala, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hizkuntza-politiketan erroko aldaketa eragin behar dela gogorarazi zien arduradun politikoei.  Sinbolismoz beteriko gertakizunean, Nafarroan euskararen normalizazioak izan beharreko lau zutabeak irudikatu eta erakutsi zituzten: lege esparru egokia, hizkuntza-politika planifikatua, baliabide egokiak eta herri gogoa. Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, “gure hizkuntza berreskuratuko badugu, lau zutabe sendo behar ditu; eta aldaketa gertatuko bada, zutabe sendoak ahalbidetuko dituen hizkuntza-politikak ekarriko du. Gure hizkuntza berreskuratzeko, horixe da modu bakarra”. Hori bai, lanean jarraitzeko gonbita ere ez zuen bazterrean utzi Bilbaok. Hala, amai­tzeko, mezu argia zabaldu zuen:  “Jarrai dezagun lanean, indartsu eta zoriontsu”.