Jendartea

Krisi ekonomikoa dela-eta, suizidioek gora egin dute

krisiErresuma Batuan eginiko ikerketa baten arabera, azken urteotako krisi ekonomikoaren eraginez 10.000 lagunek baino gehiagok egin dute euren buruaz beste Europan, AEBetan eta Kanadan. Oxfordeko Unibertsitateak eta Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikaleko Eskolak egin dute ikerketa 24 herrialdetako datuak aztertuz. Emaitzek erakutsi dutenez, krisia hasi zenetik nabarmen igo dira suizidioak herrialde gehienetan. Europan, esaterako, 2007ra arte suizidio kopuruak beheranzko joera izan zuen. Baina 2007tik 2009ra, % 6,5 igo ziren, eta portzentaje berari eutsi zioten 2011ra bitartean. Kanadan ere, antzeko: 2007ra bitarte beheranzko joera izan arren, 2008an aurreko urtean baino 240 suizidio gehiago izan ziren. AEBetan ez zen beheranzko joerarik, baina, krisia hastearekin batera, asko hazi zen bere buruaz beste egin zutenen kopurua: ikerketaren arabera, 4.750 heriotza gehiago izan ziren. Ikerlarien aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak: lanik gabe geratzea, etxea galtzea eta zorrak izatea. Nolanahi ere, joera horri aurre egin ahal zaiola uste dute ikertzaileek, baldin eta arriskuan dagoen jendearen aldeko neurriak hartzen badira. Horren erakusle, hiru herrialde: Suedia, Finlandia eta Austria. Herrialde horietan suizidio kopuruak bere horretan mantendu baitira krisiak iraun bitartean.