Nahiko aspergarria iruditzen zait beti txisteak kontatzen-eta ibiltzen den jendea

pagadiMikel Pagadizabal
Umore egile eta gidoilaria


Zuzenbidea eta Diseinu Grafikoa ikasi bazituen ere, umoreak egin du ezagun Mikel Pagadizabal edo Pagadi (Villabona, 1974). Gidoilari eta umore egilea, aktore ere ibili izan da. ETB1eko Wazemank, Noaoa!, Wazemank 2.0 edota Airean saioetan lan egin du. Herri txiki, infernu handi saioan dabil aurkezle lanetan, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera. Potologuak lanean ere badihardu, umorezko bakarrizketak eta elkarrizketak uztartuz. Sare sozialetan ere jarduten du, bideoak, ateraldiak eta beste partekatzen.

 

Herri txiki, infernu handi aurkezteko, bekataria izan behar?
Nahikotxo, nahikotxo. Bekatu handiak oraindik ez dauzkagu, baina txikiak asko!
Herri txiki, infernu handi?
Egia esan, justu kontrakoa iruditu zait. Herri oso txikiak ezagutu ditugu eta, beno, infernuak badaude, baina infernu onak. Maitasun asko eman digute herrietan.
Jendearengana hurbiltzeko, umorea tresna egokia da?
Kasu honetan, baietz uste dut. Emisioa hasi aurretik, jendea apur bat harrituta geratzen zen, ea zertara joango ginen-eta... Igual ohituta zeuden ni esketxetan eta halakoetan ikusten, eta agian ez zekiten programa nolakoa izango zen. Baina telebistan ematen hasi ondoren, kontuaren nondik norakoaz jabetu eta jendeak ederki hartzen gaitu. Umorea bai, baina errespetuarekin. Ez gara ganberroarena egitera joaten.
Serioa zarela diozu. Nola sinistu?
Baliteke jendeak pentsatzea umore-kontuetan lan eginda egun osoa eman behar duzula jarrera horrekin. Lagun artean-eta, besteak bezala aritzen naiz; ez naiz graziosoarena egiten ibiltzen. Nahiko aspergarria irudi­tzen zait beti txisteak kontatzen-eta ibiltzen den jendea. Tarteka, agian bai; baina beti, behintzat, ez. Jendeak, beharbada, ustekabea-edo hartzen du, ezta? Ikusten zaitu erosketak egiten eta +++“Ama! Pagadi serio dago!”. Noski, eta zer nahi duzu ba? Hortxe, txipiroiak erosten eta txisteak kontatzen egotea? Bada, ez!
Umorea egiteko, bada inspirazio iturri hoberik eguneroko gauza txikiak baino?
Niretzat ezinbesteko iturria da. Nire umorea nahiko oinarrizkoa da, ez dut bestelako umorerik, umore politikoa eta halakorik, gehiegi egiten. Beraz, nire kasuan, bai: inguruko gauza txikiek eta familiako kontuek-eta asko balio izan didate.
Sare sozialik gabe, Pagadi desberdina izango al zinateke?
Ez, berdina. Sare sozialak ihesbide modukoak dira, nolabait. Sare sozialik gabe ere, lasai bizi nintzen, berdin. Gehigarri modukoa da: gustuko ditudan gauzei publizitate pixka bat eman, zer edo zer partekatu; ateraldiren bat... Baina sare sozialik gabe ere ondo biziko nintzateke. Igual hobeto, ba­tzuetan estresagarri samarra izaten da-eta!
Frikia, hipsterra... Zein etiketa ez dizute ipini oraindik?
Auskalo, denetarik esan didate-eta! Askotan, arrazoirik ere ez dute... Beno, friki samarra banaiz, espazioko gauzak eta halakoak atsegin ditudalako. Baina hipsterra... ez dakit ba. Oso modernoa ere ez naiz, egia esan. Tendentziazalea-eta ez naiz... Batek daki zein etiketa falta zaidan! Ez eman ideiarik, badakizu-eta: jendeak berehala jartzen dizkizu etiketak.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Albiste on batek.
Eta tristatu? Edozein arazok, edo albiste txar batek.
Zerk eragiten dizu barrea? Oso sinplea naiz. Txiste sinple batek.
Eta negarra? Edozein egunkaritako edozein gauzak, albiste onik ez dago-eta.
Zerk haserrarazten zaitu? Luze jotzen duten semaforoek. Gorria tokatuz gero, seko sumintzen naiz, beti nabilelako berandu.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Bizilagunak azalorea prestatzen duenean, kristoren usaina uzten duelako eskailburuan.
Umore egile bat: Berto Romero asko gustatzen zait.
Telesail bat? The Sopranos. Nire ustez, borobilena azken boladan.

Eñaut Mitxelena