Arrosa, irrati sarea ehuntzen

Irrati libreek hedatutako uhinak ez dira atzo goizekoak Euskal Herriko zeruetan. 80ko hamarkadan, sekulako loraldia ezagutu zuten eta, batzuk desagertu arren, beste batzuek ordutik gaur egunerainoko bidea egin dute, gorabeheratsua eta nekeza gehienetan. Alabaina, zenbait gauza aldatzen ari dira, eta onerako, oro har. Irrati libreez gain, ordea, badira tamaina txikiko beste batzuk ere, askotarikoak: udal irratiak, herri irratiak, eskualdeko edo nazio mailako ikuspegia dutenak... Horietariko asko biltzen ditu Arrosa sareak. Hori ere ez da jaioberria, ia 15 urte igaro baitira sortu zenetik. Denbora horretan, bertan batutako irratien mesederako jardun du lanean, elkarren berri izan eta, neurri batean, behintzat, batera aritu daitezen. Izan ere, zein bere kasa ibiltzen ziren irratiak izanik, Arrosak bultzatutako elkarlanak aukera eman die beren jardunean indartzeko, baliabideak eta irratsaioak partekatzeko eta tokian tokiko ikuspegia zabaltzeko. Saretzeko parada, azken batean. Ivan Santamaria, Egoitz Zelaia, Arkaitz Almortza.

arrosa

“Irratiak sortzen ari dira, jendeak irratirako gogoa du”
Tokian tokiko irrati txikiak eta euskarazkoak biltzen ditu Arrosa sareak. Orain dela hamalau urte sortu zuten, hedabide horien arteko elkarlana sustatzeko asmoz. Koordinazio lanak egiten ditu Arrosan Jon Aranburuk.

Hamalau urtez, irratsaioak trukatzeko eta barne mailako lankidetza bideratzeko plataforma izan da, batez ere, baina kanpora begirako lana indartzeko gogoa ere aipatzen dute. “Konturatu gara sare bezala gauza askoz gehiago egin ditzakegula. Euskarazko irratien sektore gisa saretzeko aukera dugu, presentzia handiagoa izateko”, Aranbururen irudiko.
Grina horri lotuta hasi zen Arrosa topaketak antolatzen. Laugarrenak joan den martxoan egin zituzten, Bilbon. Beharrak eta azpiegiturak kudeatzeko barne mailako elkargune izatetik programa zabalagoa egitera pasa dira azken garaiotan. “Kanpoko jendea gonbidatzen hasi ginen, irratien beharrei erantzuteko. SGAEren baimenei buruz zalantzak daudela? Bada, orduan abokatu bat ekarri dugu. Nola jokatu sare sozialetan? Bada, transmediako jendearekin izan gara” zehaztu du Aranburuk.
Sarea oso zabala da, eta irrati bakoitzak oso behar eta egoera ezberdinak ditu. “Gure artean, irrati batzuk ia % 100ean profesionalak dira (Ipar Euskal Herrikoak, esaterako); beste batzuk, aldiz, orain dela oso gutxi sortu dira”. Jardunaldiak irratirako gogoa pizteko bidea ere izan dira. “Lehenbiziko jardunaldietara joan, gogo handia sortu eta lagun batzuek irrati bat sortzea erabaki zuten, Azkoitian: Kontrako Eztarrixe”.
Kezka batzuk, hala ere, gehiago errepikatzen dira sektorean. “Euskarazko komunikabideen egoerari buruzko ardura hor izaten da beti, irratiak zer-nolako etorkizuna duen ere ohiko gaia da” nabarmendu du Aranburuk. Generoarena ere mahai gainean dago. “Zoritxarrez, emakume gutxiegi dago irratietan”. Jardunaldietan, azken finean, islatu nahi dute hedabide sarea dena pertsonen arteko sarea ere badela.
Aranburuk azpimarratu du irrati berriak sortzeko gogoa ere badagoela. “Irratiak sortzen ari dira, jendeak irratirako gogoa du”. Indarra hartzeko asmoz dabilen azken proiektua Markinako Eup da, baina beste batzuk dagoeneko badira martxan. Edonola ere, elkarte horiek gorabehera handiak dituzte. “Tas-Tas irrati historikoaren desagerpena oso adibide tristea da, Bilbon halako frekuentzia librea lortzea larria zelako. Zorionez, 97 irratiaren proiektuak ordezkatu zuen, indartsu”.
Komunikazioaren eta teknologiaren aroan, tokiko irrati batek eskain dezake oraindik ere ahots propioa izateko aukera. “Mundu guztiak dauka Twitterra, baina irrati batekin, norberaren komunikabide batekin, zeure burua bereizteko aukera duzu”, Aranbururen ustez. “Gainerako irratietan lekurik ez duen informazioa emanez ere bilaka zaitezke hurbilagoa, edo bestelakoa, gainerakoei dagokienez”.
Sarearen beste lorpen bat irratsaioen hedapena da. Irrati baterako egiten diren saioak beste leku batean emititzea ahalbidetu du. Euskal Herria ehuntzeko bide bat izan da hori, eta gauza bitxiak ere badaude. “Irulegi irratiko musikari buruzko saio bat, Adi izenekoa, Arrosako irrati gehienetan ematen dute, esaterako”.  Ondarroako Radixu irratiko beste bat datorkio burura Arrosako koordinatzaileari. “Arraunari buruzko saio bat dute, denboraldia hastearekin batera abiatzen dute: Toleta apurtu. Ondarroan arrakasta handia du, eta sareko beste irrati batzuk galdezka ari dira noiz hasiko den berriro”.
Gogoz kontra, Eusko Jaurlaritzak irrati lizentziak banatzeko egindako lehiaketaren auzian dago Arrosa. “Eskandalua da. Gauzak ez dira ondo egin, hasieratik” ohartarazi du. Sareko irrati batzuk saiatu ziren lizentzia lortzen, baina prozesuak geldirik segitzen du, epaitegietan helegiteei arrazoia eman zaien arren. Aranburuk argi du eztabaidaren muina: “Espazio erradioelektrikoa geurea da, publikoa da, eta denok dugu eskubidea hor jarduteko. Araudiak, behintzat, kontuan hartu behar gaitu. Euskarazko irratiei dagokien tokia bermatu behar zaie, eta irabazi asmorik gabekoei ere bai”.

zapiain

“Arrosa sarearen partaide izateak elkar babesteko, prestatzeko eta indartzeko balio digu”
Termometroa hogeitik gora. Kaferako baino, garagardorako dago giroa. Hendaiako ostatu bateko terrazan topatu dugu Aitziber Zapirain. Antxeta Irratiko koordinatzaile eta kazetari dabil lanean Zapirain. Arrosa sareko kideak dira beraiek ere.


Aurten, Antxeta Irratiak 15 urte beteko ditu sortu zenetik. “Bai, anitz dira. Garai hartan, hedabide erdaldunak ziren nagusi gure eskualdean, bai pribatuak, bai publikoak; eta orduan sortu zituzten Pausu Media gobernuz kanpoko erakundea eta, gure irrati historikoak (Euskal Irratien Federazioan gaude, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza-rekin batera). Erran genezake Gerrate Zibilaz geroztik lehenengo euskal irratia izan zela, EiTBren aurretik”. Horrez gain, badu ezaugarri berezirik: irrati elkarte izaera du Antxetak. “Irrati librea, komunitarioa... deitu nahi bezala. Frantziako legeek irrati elkarteak legeztatzen dituzte; Espainiakoek, aldiz, ez. Beraz, hemen irrati-elkarteak legalak dira eta Hego Euskal Herrian ez. Irrati elkarteen helburu bat komunikazioaren demokratizazioa da, komunikabide soila izatea baino, eraldaketarako tresna komunikatibo eraginkor eta ani­tza sortzea. Antxetan, adibidez, 60 kolabora­tzaile inguru ditugu. Bagara tresna bat gure inguruko komunitateen betebeharrei eran­tzuteko; dela euskararen normalizazioa, dela etorkinen gizarteratzea, besteak beste”.
Hastapenetatik, euskararen aldeko eragile gisa sortu zen Antxeta: “Euskararen aldeko eragilea gara, programazioz kanpo ere euskararen aldeko jarduerak antolatzen baititugu. Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan euskara ofiziala ez bada ere, euskaraz kontsumitzeko eskubidea dugu, eta, alderdi horretatik, erakunde publikoek beraien betebeharrei erantzuten ez dieten bitartean, kondenatuak gaude funtzio publiko bat betetzera.”
Arrosa Sareko kide da Antxeta. Zapirainen hitzetan, “Euskal Herriko irratien sarea osatzen dugu. Euskaraz lan egiten dugun tokiko irratiak gara, espiritu bera dugunak. Txoko guzietako zuzeneko berriak heltzen zaizkigu, eta hori luxua da. Programazioa osatzeko ere arras lagungarria zaigu Arrosa. Komunikazioa eraldaketarako tresna dela sinesten dugu, eta sareko partaide izateak elkar babesteko, prestatzeko eta azkartzeko/indartzeko balio digu”. Desberdinak dira Hendaiako, Pausuko edo Biriatuko kontsumitzaileen nahiak eta Irun edo Hondarribikoenak. “Guk eskualde osoa hartzen dugu aintzat, baina Arrosak asko laguntzen digu Irun edo Hondarribiko kontsumitzaileen nahiak asetzen; esaterako, Zebrabidea magazinarekin. Halaber, Antxeta Irratiak egin dezake Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoarekiko zubi lana”. Zapirainen esanetan, tokian tokiko irratiek gero eta garrantzia handiagoa dute. +++“Beste irrati batzuei bezainbeste entzuten digute, eta, azken bolada luzean, tokian tokiko agenda ere markatzen ari gara. Beste hedabideek serioski hartzen gaituzte kontuan, eta gure lanaz baliatzen dira”.
Antxeta Irratia nahiz Arrosa Sarea proiektu sendoak dira. “Ekonomikoki egonkorrak izatea baino ez da eskas, baina horretarako ere bagabiltza lanean. Gure proiektua loraldian dago. Gogotsu eta irmo jarraituko dugu, ez dugulako elkarlanik eta kolabora­tzailerik gabeko irratirik amesten”.

etxegarai

“Arrosari esker, gure parrila euskararekin osa dezakegu”
Ukitu berezia ematen dio Zintzilik irratiak Arrosa sareari. Izan ere, Julen Etxegaraik zuzentzen duen Matxura buruan eta ibili munduan irratsaioa igotzen dute astero, umorea Euskal Herrian barrena zabaltzeko xedearekin. Aspaldi egin zuten bat proiektuan, eta, Etxegarairen hitzetan, Arrosari esker euskarazko saioak zabaltzen dituzte Zintzilikeko uhinetan, Oreretan euskal hizkuntzaren normalizazioaren bidean aurrera eginda.   

“Ez gara arduratzen gure saioak sor ditzakeen kalte mentalez”. Irria ahoan, horrela hitz egiten du Julen Etxegaraik bere saioaz. “Buruko gaitzak sor dakizkioke jendeari gure irratsaioa entzutean” azaldu du. Surrealismoak eta errealitateak elkarri ematen diote eskua osteguneroko Matxura buruan eta ibili munduan irratsaioan. 2008tik dihardute egunerokotasuna eta umorea uztartzen, eta horixe da Arrosa sareari egiten dioten ekarpena.
Irrati librea da Oreretako Zintzilik. Txikitasunean, handia. Egun, 20 lagunek baino gehiagok kudeatzen dute hedabidea, eta askotariko saioak eskaintzen dituzte. “Arrosari esker, gure parrila euskararekin osa dezakegu” dio Etxegaraik. Historikoki, oso herri garran­tzitsua izan da Orereta, eta urteek aurrera egin ahala hainbat herritatik iritsitako bizilagunen etxe bilakatu da. Horrek euskararen galera eragin du herrian: “Egiari zor, euskara bere lekua hartzen ari da Oreretan, baina, oraindik bidea dago egiteko”. Hori dela-eta, Arrosa sareak horretan laguntzen duela iritzi dio: “Herriko errealitatea kontuan hartuta, Zintzilik irratiko irratsaio gehienak ez dira euskaraz: agian, erdiak izango dira, eta, horrenbestez, Arrosaren bidez euskara indartzen dugu gure programazioan”. Izan ere, proiektuaren baitako irratiek euskarazko saioak igotzen dituzte zerbitzarira.    
Arrosa sarea Euskal Herriko irratien bilgunea da. Udal-irratiek, libreek zein komunitarioek, parte hartzen dute. Horiek horrela, gainerako irratiekin harremanak sustatzeko eta besteen errealitatea gertutik ezagutzeko baliatu dute Zintzilik irratiko lagunek. “Euskal Herriko beste irratietan egiten dena ezagutzeko aukera ematen digu. Oro har, iruditzen zait primerako plataforma dela euskarazko irra­tsaioak trukatzeko” azpimarratu du.
Pausoz pauso, ibilbide oparoa egin du Oreretako irratiak, eta 31 urte bete ditu dagoeneko.  Irrati librea da, ez dute inolako diru-laguntzarik jasotzen, ez dute iragarkirik ematen, eta ikasturtean antolatzen dituzten ekitaldiekin lortzen dute ekonomikoki aurrera egitea. “Herriko jaietan, esaterako, txosna ipintzen dugu, eta hori da gure diru-iturri nagusietako bat” dio. “Guztiz garrantzitsua da independentzia ekonomikoa izatea” nabarmendu du. Antolakuntzaren aldetik, batzar horizontalak eginez dihardute, eta horietan irratiko gorabeheren gainean hitz egiten dute: “Pertsona guztien iritziek balio bera dute”.    
Herritarrek ematen diote indarra irratiari. “Herriko kolektiboek sortu zuten, eta gure asmoa da kolektibook irratia berreskuratzea”.Egun, talde guztietan antzeko egoeran gabil­tza, militantzia anizkoitza dago, jendeak ez baitu parte hartzen duela urte batzuk bezala”. Irratiak herriko egunerokotasunean indar handia duela deritzo: “Nire ikuspuntutik, oso beharrezkoak dira tankera honetako hedabideak”. “Kolektiboen ahotsa izan nahi dugu” azpimarratu du. Egun, esaterako, AEK euskaltegiak irratsaioa egiten du ikasleekin, eta uste du oso tresna aproposa dela haientzat. Baita sakabanaketaren kontrako Sare taldearen­tzat ere, bere saioa egiten duen heinean. Zalantzarik gabe, irrati libreek ukitu berezia ematen diote euskal jendarteari, eta Arrosa sareak lagundu egiten du euskal uhinak kolore anitzez margotzen.