Zein adinetan emango zenioke sakelakoa haur bati?

ikamika

Teknologia berrien garapenak goitik behera aldatu du gure bizimodua. Bistakoa denez, abantailak ugariak dira, baina arazoak ere izaten dira: norbanakoaren intimitatea urratzeko arriskua, menpekotasuna, erabilera desegokia... Haurrak ez dira libratzen, ikerketa asko egin dira sakelakoak haiengan duen eraginaz. Alde onak izan arren, eguneroko bizitzan eta ikastetxeetan buruhauste bilakatu dira batzuetan. Adituek azpimarratzen dute erakutsi egin behar zaiela sakelakoa zentzuz erabiltzen, eta ez zaiela erosi behar gazteegiak direnean. Izan ere, erabilera okerrak ondorio kaltegarriak eragin ditzake umeengan, nahiz eta, askotan, haurrak ez izan horren jakitun, irizpide nahikorik ez dutelako. Nolanahi ere, haurren eskaerak gero eta ugariagoak eta goiztiarragoak dira. Noiz erosiko zenioke lehen segapotoa haur bati? Zergatik? Bilboko Urtats AEK euskaltegiko B2 mailako goizeko taldea

1. Unai

Alde batetik, segapotoak ondo daude umeak kontrolatzeko, adibidez, non dauden, norekin dauden, etab. Beste aldetik, denbora luzeegia pasatzen dute eskuko telefonoekin, eta baliteke batzuek beren ikasketak alboratzea.

2. Alfonso

Ez dago argi zein izan daitekeen haur batek sakelakoa eramateko adin egokia. Deiak jasotzeko edo egiteko arduratsua izan behar du, baina gurasoek haiek kontrolatzeko ondo dago. Familia bakoitzak erabaki behar du.

3. Iratxe

Oraindik ez dut horri buruz pentsatu, nire umeak oso txikiak direlako. Batetik, ez litzaidake gustatuko sakelakoa oso goiz edukitzea. Bestetik, badakit haurrek gero eta lehenago eskatzen dutela. Inportanteena ondo erabiltzen irakastea da.

4. Kristina

Haurrek ez dute teknologia behar. Nik, txikitan, 14 urtera arte gutxienez, ez nuen sakelakorik izan eta primeran bizi nintzen. Gainera, hobe da haurrek kalean harremanak egitea. Gaur egungo haurrak sakelakoan “murgilduta” bizi dira.

5. Raul

Nahiz eta erantzun bat ematea ez den erraza, eta guraso bakoitzak bere errealitatea ezagutzen duen, 11 urtera arte, gutxienez, barik egon beharko lukete. Umeek merezi dute-eta pixka bat libreagoak izatea.

6. Ziortza

Buruarekin erabili behar dugu: ondo dago teknologia berria, baina nola erabili irakatsi beharko da, eta haur bati ere bai. Seme-alabak edukiko banitu, sakelakotik Internet kenduko nuke, batez ere haurrak babesteko.

7. Marta

Egoeraren arabera, baina zenbat eta beranduago, orduan eta hobeto. Nire kasuan, kanpinera joaten garenez, alabari sakelako bat erosi diot, zelan dabilen kontrolatzeko. Txikia izanagatik, arduratsua da eta ondo erabiltzen du.