Berdin, euskaraz sendatu nahi dut

berdin

Berdin elkartea aurkeztu dute berriki osasun arloko hainbat langilek eta beste zenbait eragile eta pertsona ezagunek. Oso helburu zehatza dute guztiek ere: euskarazko osasun arreta bultzatzea. Hori lortzeko, hainbat jarduera aurreikusi dute: sarea sortu, informazioa partekatu, ekimenak sustatu, aholkularitza eta laguntza eskaini eta eskatu... guztia teknologia berrien bidez. M. Egimendi.

Sare sozialak baliatuta eta www.berdin.eus webgunea martxan, xedea da osasun zerbitzuko erabiltzaileek arreta euskaraz jaso­tzea. Berdinek argi du hori oinarrizko eskubidea dela. Beraz, eskubide hori bermatzen laguntzeko helburua du elkarteak, maila guztietan, anbulatorioan zein arreta espezializatuan edota ospitalean, edonoiz, ahoz eta idatziz. Aitor Montes medikuaren ustez, jende askok ez daki hori eskubidea dela, “edo ez dauka nahikoa sentsibilizaziorik eskatzeko. Normala iruditzen zaigu osasun zerbitzua erdaraz jasotzea, bere garaian komunikabideekin edo hezkuntzan gertatzen zen bezala. Kolonizatuaren mentalitatea da, normaltzat hartu eta onartu egiten dugu anormala dena, ohartu gabe sartu digutelako hezur-muinetaraino eta zainetatik. Orain, ordea, osasungintza euskalduntzeko ordua heldu da, garai batean hezkuntza bezala”.
Elkartea osasun arloko langileen eta erabiltzaileen arteko elkarlanean oinarrituko da, eta eraginkorra izan nahi du: bide efikazak erabiliz eskatu, eskaintza egon dadin; ondoren, eskaintza sortuta, eskaera bultzatu. Montesen esanetan, “informazioa partekatu eta ekimenak bultzatu behar dira, eta sortzen direnei erantzun egokia ematen saiatu. Guk jendeak ez daukan informazio asko dugu eta ezagutzen dugu osasun sistemaren egitura, bertan egiten dugulako lan. Erabiltzaileek, aldiz, guk ez dugun informazioa emango digute”. Ondo kudeatuta, “gauza handiak” lor daitezkeela uste du.
Elkartearen lana izango da sentsibilizazio kanpainak bultzatzea jendeak osasun arreta euskaraz eska dezan, eta eskatzen duenari laguntza eta aholkularitza eskain­tzea. Adibidez, nola eta non eskatu herrirako mediku edo pediatra euskalduna? Edo historia klinikoa euskaraz? Montesek 38/2012 Dekretua aipatzen du: “Hor argi adierazten da historia klinikoaren jabea pazientea dela; hortaz, eskubide osoa du bere dokumentazio klinikoa euskaraz edukitzeko, eta jendeak ez daki hori”. 
Era berean, jendarteak ez daki pasa den hilean Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak zirkular bat zabaldu zuela langileen artean jarraibideak emateko, ahozko komunikazioetarako lehentasunezko hizkuntza erregistratzeko. Montesek dioenez, “Osakidetzak ez du publiko egin, baina medikuok badakigu. Paziente berrientzat baino ez da, hots, jaioberriei eta etorri berriei begirakoa. Gainontzeko guztion fitxetan, ordenagailuak 'en castellano' aukeratzen du berez. Guk badakigu nola eta nora jo aukera hori guztion­tzat izan dadin eskatzeko. Hortaz, elkartearen kanpainetako bat izango da osasun arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonak erregistro hori eskatzera animatzea eta nola egin behar duten azaltzea. Osakidetzak, guk behartu ezean, ez du aukera hori jendarteratuko, baina, hamar mila lagunek eskatzen badute eta, aldi berean, Elebiden eta Behatokian kexak plazaratzen badira...”. Berdin elkartearen eginkizuna izango da presioa eragitea, sentiberatze kanpainak sortuta, ekimenak abiarazita eta tokian tokiko kexa, ardura, kanpaina edota ekimenei laguntza, aholkularitza edota babesa eskainita.
Lan egiteko orduan, toki bakoitzeko egoerara moldatzeko asmoa du Berdinek, euskarari dagokionez oso egoera ezberdinak egon daitezkeelako. Adibidez, Frantziak ez du sinatu Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, baina Espainiak bai. EAEn eta Nafarroan, Europako legedia loteslea da: “Espainiar guztien dokumentazio klinikoa aplikazio informatikoan gordetzeko Espainiako Gobernuaren proiektuan, oso argi zehazten da aberasgarria dela, tokian tokiko hizkuntza kontuan hartuta, dokumentazio hori galegoz, katalanez eta euskaraz ere egotea. Hori Madrilek esaten du, baina ez Nafarroak edo Gasteizek”.
Elkartea dagoeneko aurkeztu da jendaurrean, eta jaso ditu hainbat atxikimendu. Osasungintzako langileez gain, ekimenean parte hartzeko gonbita luzatu dute, besteak beste, Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Naia Alzola, Pako Aristi eta Miren Amurizak. Ekainean egingo dute lehen bilera, osasungintzako langileen, bestelako eragileen eta norbanako anonimoen parte hartzearekin, elkarteko partaide izatera animatu eta ekarpenak egin ditzaten. Martxan da Berdin.