Ondarroako Victoria

victoria

Fernando Agirre Aramaio historiazale ondarrutarrak frogatu du munduari bira lehen aldiz eman zion ontzia ondarrutar batena zela. Txomin L. Aramaio.

Cristobal Colonen Santa Maria, Pinta eta Niña, Vasco da Gamarena, Francis Drakena eta Elkanoren Victoria dira, besteak beste, historiako itsasontzirik ezagunenetakoak. Ameriketara heldu zen aurrenekoa, munduari lehen aldiz bira eman ziona... Balentria handiak egin zituzten den-denek. Horrelakoak egin ahal izateko, ez ziren edonolakoak. Hori dela-eta, hamaikatxo testu, liburu eta artikulu idatzi dira horien guztien gainean. Dena idatzita eta aztertuta zegoelakoan, bat-batean Fernando Agirre Aramaiok harrituta utzi gintuen Hondarroa 2014 urtekarian argitaratutako aurkikuntzarekin. Izan ere, Joan Sebastian Elkanok 1522an munduari bira emateko erabili zuen itsasontzia, jatorriz, ondarrutar batena  izan zen: Domingo Apalluarena.
Fernando Agirrek urteak daramatza ar­txiboak arakatu eta arakatu. Ondarroako Historia Zaleak taldeko kidea da, eta 2001etik +++Hondarroa urtekarian argitaratzen du bere lana. Betidanik idatzi izan du; argitaratu, ordea, urtekarian baino ez. Ikasle garaiarekin lotzen du artxiboak arakatzeko zaletasuna, eta ordutik ez da gelditu. “Bere garaian, fraidea izan nintzen, agustindar errekoletoa, hain zuzen ere. Filosofia eta teologia ikasi nituen, eta latina ondo dakit. Baita greko klasiko apurra ere. Garai hartan zaletu nintzen artxiboekin, eta, harrezkero, aisialdiko tarte handi bat horretan ematen dut. Ihesbide modukoa da niretzat” azaldu du Agirrek.
Ondarrutarra bera, herriarekin lotutako gauzak aurkitzen ahalegintzen da. Halaxe egin du Victoria itsasontziaren jatorriaren aurkikuntza. "Lagun batek esan zidan Sevillako fitxategi protokoloetan gordetako dokumentu batzuen arabera, Victoria itsason­tzia Ondarroako armadore batena izan zitekeela". Ondorioz, kasua ikertzen hasi zen duela hil batzuk. Hainbat agiri eta liburu orraztu behar izan ditu; halere, azpimarratu du horietan guztietan lagungarriena Juan Gilek idatzitako El exilio portugués en Sevilla. De los Braganzas a Magallanes liburua izan dela. "Lan horrek argibide garran­tzitsu bat eman zidan, izan ere, esaten zuen Elkanok munduari bira emateko baliaturiko itsasontzia aurretik Santa Maria deitzen zela, eta jabea ondarrutarra zela". Gogoan izan Ondarroako Ama Birjinaren izena Andra Maria dela.
Ikerkuntzarako, Sevillako fitxategi protokoloko arduradunekin jarri zen harremanetan, garai hartako agiria aurkitzen lagun ziezaioten. "Kopia bidali zidaten, eta lortu nuen bertan idatzita zegoenaren zati bat ulertzea. Garai hartako idazkeran egon arren, berba garrantzitsuenak identifikatu nituen. Hondarroa, Pedro de Arizmendi eta Domingo de Apallua modukoak ondo bereizten ziren. Hala ere, testua interpretatzeko, laguntza behar izan nuen".
Sevillatik bidalitako agiri osoa itzuliko zion norbaiten bila hasi zen. Azkenean, aditu bik lagundu zioten. Itzulpenak jaso ostean, artean sekula esan eta aipatu gabeko hainbat datu eta baieztapen berri jakin zituen. "Dokumentuak dio, besteak beste, Pedro Arizmendi, Domingo Apallua aitaren izenean, Santa Maria izeneko itsasontzia koroari saltzera derrigortu zutela, familiaren gogoaren kontra. Agiriaren arabera, gainera, itsasontzia erosi zuten momentuan Sevillako portuan zegoen, zamarekin Londres aldera irteteko prest. Gero, gauzak ekarri behar zituzten handik bueltan".
Agirian bada beste datu bat: itsason­tziak berez balio zuena baino diru gutxiago jaso zuela Santa Mariaren truke Apallua familiak. Koroak 800 urrezko dukat eman zizkien. “800 urrezko dukat dirutza zen garai haietan, baina ontziak gehiago balio zuen”.
Karlos I.a Espainiako erregeak bidaia egiteko bost itsasontzi behar zituen, eta horietako bat Apalluatarrak desjabetuz lortu zuen. "Artxiboetan ez da desjabetza berba erabiltzen, baina gaur egungo desjabetzaren antzekoa izan zen. Itsasontzi eder eta sendoa behar zuen koroak, eta Santa Maria Sevillako portuan ikusi zutenean...” zehaztu du Agirrek. Beste ikerketa batzuei esker jakin duenez, Santa Maria gisa eraikia izan zen on­tziari Fernando de Magallanesek berak aldatu zion izena. Errege espedizioa egiteko, Victoria izena hartu zuen, izen bereko Ama Birjinaren omenez.
Victoria, Trinidad, San Antonio, Concepción eta Santiago itsasontziak 1519ko abuztuaren 10ean irten ziren Sanlucar de Barramedatik (Cadiz, Espainia). Handik hiru urtera bueltatu zen espedizioa. Victoria besterik ez zen itzuli, gainerako lau ontziak itzu­leran hondoratu edo galdu zirelako. 1522ko irailaren 6an porturatu zen, hamazortzi laguneko eskifaiaz (239 atera ziren). Hemezortzi horietatik lau euskal herritarrak ziren: Elkano kapitaina Getariakoa, Juan Akurio kontramaisua bermeotarra, Juan Arrate txoa bilbotarra eta Juan Zubilete morroi barakaldarra. Munduari bira eman ostean, Victoria luzaroan egon zen Sevillako kaian. "Inork ez zuen erosi nahi eta, azkenean, oso merke saldu zuten: 285 dukat inguru ordaindu zuen erosleak. Desagertu zen arte, Sevilla eta Amerika arteko zama bidaiak egin zituen".
Baieztatzeko dokumentuen faltan, gainera, historiazaleak susmoa du Ondarroan egin zela itsasontzia. Kontuan eduki behar da espedizioa bost ontzik hasi zutela eta Victoriak bakarrik amaitu zuela; gai izan zen ordura arte inork egin ez zuena egiteko. Ezinbestean, ontzi sendoa behar zuen izan. "Garai hartan, ontziola garrantzitsuak zeuden Artibai itsasadarreko alde bietan. Hainbat ikerketaren arabera, oso itsasontzi sendoak egiten ziren gure ontzioletan; Ternuara bakailaotara joaten ziren ontziak, esate baterako". Dena den, datua baieztatzeke dauka oraindik.
Teoria batzuek, baina, badiote Elkanok espresuki eskatuta Zarautzen (Gipuzkoa) egin zela Victoria itsasontzia. Horrela azal­tzen du, behinik behin, Elkanoren biografia idatzi zuen Jose Artetxek.  Hala eta guztiz ere, historiazale ondarrutarra ez dago batere ados datu horrekin. "Victoria ontzia 1515ean Zarautzen egin bazuten, ez du zen­tzurik gero egindako izen aldaketak. Dokumentuetan, argi eta garbi ipintzen du deitura aldatu ziotela. Gainera, itsasontzia Elkanok eskatuta egin bazuten, zelan zen hiru urte geroago ondarrutar bat haren jabea? Horrez gain, 1515ean Elkano erdi pirata  zebilen beste itsaso batzuetan bueltaka. Azkenik, jakin badakigu Elkanok espedizioaren zatirik handiena Concepción ontzian egin zuela. Victoriaren jabea bazen, normalena izango zen bidaia bere ontzian egitea, ezta?".
Itsasontziaren jabeari buruz ere hainbat datu bildu ditu Agirrek. "Duela bost mendeko erroldetan, hainbat biztanle agertzen dira Ondarroan abizen horrekin". 1511ko errolda batek dio herrian bertan bizi izan zela: "Kale Handikoa zen, eta negozio ugari eduki zituen".
1992an, Victoria itsasontziaren erreplika egin zuten Sevillako Exporako. Egun, itsasontzia munduan zehar dabil, eta urriko lehen astean Ondarroako portuan egingo du pare bat eguneko geldialdia.
Zein aurkikuntzarekin harrituko gaitu Agirrek hurrengo Hondarroa urtekarian? Zain geratuko gara.