Gaueko doinuak

 

nit

Zeinen ederra den gaua!/ Lo aurreko ipuinen antzera/ zoragarria da gaua/ xagu txiki bat dator kuku egitera. Halaxe kantatzen diote gauari Kataluniatik etorritako bi printzesa bizardunek. Sagu txikiaren antzera kuku egitera heldu eta opari zinez ederra utzi du Euskal Herrian 2princesesbarbudes taldeak: gaua hari nagusi hartuta onduriko Gaueko entziklopedia koxkorra disko-liburu ilustratua (Gaztelupeko Hotsak, 2014), etxeko txikiak eta handiak gauaren barrunbeetan gozoro3 murgiltzen dituen lan dotorea. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: 2princesesbarbudes.

“Zenbat diskok tratatzen dituzte haurrak heldu gisara eta helduak haur gisara? Bada, hau bakan horietako bat da”. Halaxe zioen Andoni Tolosa Morau musikariak Berria kazetan Gaueko entziklopedia koxkorrari buruz egindako iruzkinean. Ez zebilen oker. Ustez haurrentzako lana dena, umeentzako ez ezik helduentzako ere arras gomendagarria delako. Familia osoarentzako lan jostaria, dibertigarria, dantzagarria... eta aski landua. Berez, katalanez egindakoa da jatorrizko lana: L'enciclopèdia baixeta de la nit. Haatik, euskaraz egitera ere ausartu dira bi printzesa bizardunak, jatorrizkoa maitasun handiz moldatuta.
Helena Casas eta Marc Marcék osatzen dute 2princesesbarbudes taldea. Abeslaria (Pomada eta Conxita taldeetako kantaria izan zen) eta ilustratzailea bata, musikaria eta soinu teknikaria bestea. Conxita taldean elkarrekin aritu ziren, baina geroxeago hasi ziren haurrentzako lanak hain modu berezi eta berezkoan egiten. “Helduentzako musika egiten genuen bi musikari gara. Bikotea ere bagara, eta lehen haurra izatean, jostailuzko hainbat musika tresna oparitu zizkigutela-eta, mota horretako instrumentuekin sortu genuen egitasmo hau, familientzat” azaldu du Casasek. Egitasmo zabalagoetarako kolaborazioak egin ostean, 2012an aurkeztu zuten lehen ikuskizun-diskoa: Cançons i rimetes. Lan horretan, Kataluniako betiko abestien interpretazio minimalista egin zuten, kantuak pop moldean eskainita. Iaz, aldiz, L'enciclopèdia baixeta de la nit aurkeztu zuten. Euskarazko lana iragan urteko udazkenean kaleratu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak.
Disko-liburua da, Casasek egindako marrazkiekin hornitua. Ikuskizuna ere bada. Euren burua musikaritzat duten arren, ikuskizun moduan taularatzen dituzte beraien sorkuntzak, musikari antzerki apur bat gehituta. Gaueko entziklopedia koxkorra ere halakoa da. Hamahiru kantuk osatzen dute, denak gauaren jira-biran: ametsak, ilargia, gaueko piztiak eta izakiak, izarapeko nagia, logurak eta logale ezak... horiek guztiak jorra­tzen ditu entziklopedia bitxi honek, umorez, irudimen handiz, zolitasunez eta soiltasun landuaz. Hori bai, ohiko entziklopediek ez bezala, obra hau ez dator ezertxo ere irakastera. “Ez dugu lan pedagogikoa izaterik nahi, ezta haurrek ezertxo ikasterik ere. Tira, gustuko duzun zerbait egin edo entzuten duzun unetik, zer edo zer ikasiko duzu ziur, jakina. Baina gure lana, batez ere, ongi pasatzeko da, hitzekin irudimena lantzeko, musikarekin disfrutatzeko eta kantatzen dugunarekin jendea iradokitzeko”. Musika entzuteko eta gozatzeko, finean.
Musika jostailuekin
Erakusteko asmorik gabeko entziklopediak berezia behar du izan, derrigor. Taldeak bezala, bidenabar. Izan ere, ezohiko musika tresnak baliatzen dituzte euren lanak sortzeko: jostailuzko musika tresnak, pilarik ez dutenak. “Zenbat? Ene, asko dira!” dio Helena Casasek, eskuartean izaten dituztenak zerrendatzen hastearekin batera: “Akordeoi parea, bateria, pandereta, ukelelea, plastikozko saxofoia, klarinetearen antzeko beste jostailu bat, txintxarriak, estutzean 'ñiki-ñiki' soinua egiten duten tximeleta batzuk, piano txiki bat... Ziur bat edo beste ahaztu dudala!”. Tankera horretako musika tresnak erabiltzeak berezko izaera ematen die sorkuntzei, jakina. Baditu, era berean, abantailak eta desabantailak. Casasen hitzetan, “musika tresna hauekin jotzea oso zaila da. Afinatzeak lanak ematen ditu, agian ez dira nahikoa ozen entzuten... Ez da erraza”. Haatik, haurrak xaxatzeko egokiak izan daitezke: “Haurtxoentzat ona da. Hurbilekoak dituzte tresna horiek guztiak, eta guk nola erabiltzen ditugun ikustean, gure moduak imitatuz, beharbada ordura arte kasurik egin ez dieten etxeko jostailuak erabiltzen hasten dira”.
Pop doinuak egin ohi ditu 2princesesbarbudes-ek, baina eurek bestelako etiketa darabilte beraien lana izendatzeko: musica baixeta. Musika baxua edo koxkorra, alegia. Zergatik izendapen hori? Musika tresna txikiekin eta pilarik gabekoekin, ozenegiak ez direnekin, egiten dutelako; “xumea eta minimalista” delako, artisau erara ondua; eta “haurtxoak baxuak direlako”. Casasek dioenez, “musika sinplea, soila, egin nahi dugu, ez dugu nahi konplikatuegia izatea”.
Katalanetik euskarara jauzia ematean, musika koxkorrari eutsi diote, eta printzesa bizardun bat gehiago izan dute bidelagun eta ezinbesteko laguntzaile: Ainhoa Aranburu, Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialean Casasen irakasle izandakoa. Aranburuk berak zuzendu du Casasen ahoskera, baita letren egokitzapenak egin ere. Casasek aspaldi ikasi zuen euskara, gure hizkuntzarekiko jakin-minak bultzatuta. Katalan Filologian lizentziatua da Casas eta unibertsitatean ikasi zuen euskara, duela 15 bat urte. Gainera, aspaldi dauka euskal musikarekiko interesa. “Lau urtez ikasi nuen euskara Hizkuntza Eskola Ofizialean. Behin, irakaslearekin, Ainhoa Aranbururekin, gure lana euskaraz egiteko aukera aipatu genuen, txantxetan”. Esan eta egin, ordea. Erronka eta jolasa izan da aldi berean, baina ez nolanahikoa.
Hitzekin jolas
Moldaketak dezenteko lana eskatu die. Jatorrizkoa osatzerakoan, katalanaren silaba laburrekin eta silabon ahoskera sendo nahiz suabeekin jokatu zuten taldekideek hitzak eta musika ahalik eta egokien ezkontzeko. Jatorrizkoan bezala, musikaren eta letren arteko uztarketa ongi zaindu dute, doinuen eta letren arteko erritmo eta errima jolasari euskaraz ere eusteko eta jatorrizko testuen ideiak, istorioak, poesia eta umorea euskarara egoki ekartzeko. Casasek dioenez, “Ainhoak egin du lanik garrantzitsuena, ez baitira itzulpen soilak. Katalanez oso hitz motzak ditugu, baina euskaraz... Ondorioz, bestelako bidea egin behar izan dugu, jatorrizko kantuen hitzak beste modu batean esaten saiatuta. Zenbaitetan, musika ere zertxobait aldatu behar izan genuen, euskarazko hi­tzak egoki moldatzeko doinuetara”. Dena dela, “Ainhoak oso gustuko duenez bertsoak egitea eta hitzekin jolastea, erronka ez ezik, plazera ere izan da berarentzat”.
Laguntzaile gehiago ere izan dituzte Gaueko entziklopedia koxkorra ontzerakoan. “Luxuzko” kolaboratzaile bi: Maialen Lujanbio eta Joseba Tapia. “Tapia lehendik ezagutzen genuen, Kataluniako musika tradizionalaren inguruko proiektu batetik. Ainhoak, aldiz, ondo ezagutzen du Maialen. Hortaz, parte hartu nahi ote zuten galdetu eta  baiezkoa eman ziguten”. Hala, Lujanbiok Ondoloin izeneko abestia idatzi eta Tapiarekin batera abestu du diskoan. Horrez gain, beste zenbait kantutan ere ahotsa ipini du Tapiak, eta jostailuzko akordeoia ere jo du. “Gaixoa! Akordeoia jotzea eskaini genion, nahiz eta gure seme-alaben jostailua denez, oso hondatua egon. Baina saiatu ginen eta oso ongi jo zuen. A zer-nolako atarramentua ateratzen dion!”.
Euskal merkatura disko-liburua iritsi den arren, berez musika ikuskizun formatua du Enciclopèdia baixeta de la nit lanak. Abestiak oinarri eta osagai nagusi izanda, klun apur bat, antzerkia eta poesia bisuala uztartzen dituzte taula gainean. Horretarako, Ildefons Alonso hirugarren taldekidearen laguntza izaten dute. Katalanez eskaini ohi dute, baina euskaraz ikusteko aukera izan zen iazko Durangoko Azokan, baita Iruñean ere, iragan apirilaren 22an. Gainera, aurrerantzean euskarazko emanaldiak egitera ausartuko direla baieztatu du Casasek. Oraingoz, hitzordu bakarra dute finkatuta: ekainaren 13an, Gasteizen.
Hori eta etor litezkeenak iritsi bitartean, Gaztelupeko Hotsakek kaleratutako disko-liburua hartu eta gozatu. Ondoloin!

www.2princesesbarbudes.org
www.hotsak.com