Negua joan da-ta…

barne

Negua joan da; udaberria, kostata, KORRIKArekin etorri zen; eta uda ate joka dago. Horren ondorioz, AEKn 2015eko udako eskaintzaren matrikulazioa antolatzen ari gara. Eskaintza zehaztuta dugu, eta dagoeneko badago aukera AEKren euskaltegietan nahiz webgunean informazioa jaso eta matrikulatzeko. Hori bai, kartelekin, argibideekin eta zehaztapen guztiekin hasi aurretik, AIZU! aldizkarian udako eskaintzaren protagonistekin egon nahi izan dugu: familia barnetegietan ibilitako aita, semea eta irakaslea, ikastaro trinkoak eskaintzen dituen euskaltegiko zuzendaria, barnetegi ibiltarietan izandakoak, udan ikastaro bat egiteak ikas-prozesuan duen garrantzia azaltzeko AEK-ko didaktika arduraduna, barnetegira lehen aldiz joango den emakumea... Helios Del Santo.

Tito Serrano
Bilboko Lizardi AEK euskaltegiko arduraduna
Zer moduzko esperientzia izaten dira udako ikastaro trinkoak?
Uda osoa zabalik egoten garen euskaltegi bakarrenetakoa gara, eta horren arrazoia da uda osoan ikastaro trinkoak izaten ditugula Bilboko Zazpikaletan, Lizardin, hain zuzen. Urteak dira uztailean, abuztuan eta irailean maila guztietako 100 orduko ikastaroak izaten ditugula.  Azken urteotan helburu zehatzei begirakoak ere izan ohi ditugu, azterketa ofizialak prestatzeko modulu laburrak, esaterako. Duda barik, udako giroak laguntzen du: garai ezin hobea da euskaraz blai murgiltzeko.
Zein garrantzi dute ikas-prozesuan?
Urritik ekainera, urte osoa euskaltegian eman eta gero, ikasle askorentzat etena izaten da udan. Hiru hilabete eskolarik gabe gehiegizko denbora izaten da eta ikas-prozesua galgatu egiten da nolabait. Ikastaro trinkoen bitartez, ostera, ikaste erritmoari eutsi egiten zaio; areago, esango nuke azkartu egiten dela. Beraz, aukera izanez gero, erabat gomendagarriak dira, zalantza barik.

Javi Urdin Sola
Tuterako Arrigarai AEK euskaltegiko ikaslea
Barnetegi bat baino gehiago egin duzu. Zer moduzko esperientzia?
Hiru barnetegi egin ditut eta esperien­tzia izugarri ona izan da. Lehen aldiz joaten zarenean, azalpenak aurretik jaso arren, ez dakizu zer topatuko duzun, baina lehenengo momentutik oso gustura egoten zara. Giroa oso ona da, eta harreman estuak sortzen dira bertan gaudenon artean.
Zer eragin dute zure ikas-prozesuan?
Ikas-prozesuari bultzada handia eman diote. Lehenengoan, zalantzak nituen gai izanen ote nintzen, azken finean 24 orduz bizi behar duzulako euskaraz, baina berehala ohartzen zara badezakezula. Ahozkoari bultzada handia eman nion, bizi naizen herrian aukera gutxi dagoelako euskaraz hitz egiteko.
Besterik?
Jendea bertara joatera animatuko nuke, primeran pasatzeaz gain, asko ikasiko duelako.

Jaume eta Julen
Familia barnetegian ibilitako aita-semeak
Jaume, zergatik eman zenuen izena familia barnetegian?
Semeari erakutsi nahi niolako Euskal Herrian badagoela mundutxo bat euskaraz normaltasun osoz bizi dena. Tamalez, Napartheid honetan, hori ikustea ez da hain ohikoa. Halaber, aukera paregabea zelako biok batera euskara ikasteko.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Primerakoa. Erabat gomendagarria. Horregatik egin ditugu hiru familia barnetegi. Hurrengoan, beste semearekin eginen dut, berari ere euskal mundura ireki nahi baitizkiot begiak.
Julen, zer moduz pasa zenuen familia barnetegian?
Oso ongi pasa nuen.
Zer egiten zenuten?
Elizondora joan, gauez mendi batera joan ginen izar iheskorrak ikustera… Urezko globoen gerra ere egin genuen!
Zer izan zenuen gustukoen?
Lagunak egin nituela.

Xabier Molinero Martinez
Barnetegi ibiltariko parte hartzailea

Zergatik eman zenuen izena barnetegi ibiltarian?
Nire euskara freskatu nahi nuelako. Badira urte batzuk ikasi nuela eta, egia esanda, euskararen inguruan ezagutu dudan jendea oso jatorra izan da beti, eta oso bizipen politak izan ditut. Horretaz aparte, natura eta kirola izugarri gusta­tzen zaizkit.
Zer da gehien gustatu zitzaizuna?
Oso aske sentitu nintzela momentu guztietan. Hainbeste egun ematen duzunean naturan, bat egiten duzu berarekin. Gainera, oso ondo antolatuta dago. Lekuz leku inolako kezkarik gabe ibiltzea, norbait kontu guztiez ardura­tzen ari dela jakinda, primeran dago.
Zer nabarmenduko zenuke?
Barnetegia bukatu ondoren, energiaz beteta sentitu nintzen, benetan. Nahiz eta batzuetan, hor zabiltzanean, nekagarria izan 15 egunez gelditu barik ibiltzea, bukatutakoan pilak beteta egoten dira. Ez dakizu nola, gainera…
Harremanak?
Harremanak jendearekin ezin hobeak dira, inor ezagutu barik joan izan naiz eta ez dut inolako arazorik eduki jendearekin jarduteko. Gainera, Euskal Herriko leku guztietako pertsonak joan ohi direnez barnetegira,  gero aukera izaten da bidaiatzeko... kar-kar! Pentsa zer-nolako harre­man sakon eta politak sortzen diren, bi urte pasa eta gero geratzen jarraitzen dugu oraindik ere...
 Euskal Herria ezagutu al duzu?
Bai, oso ondo. Gainera, ibilbideak oso egoki aukeratuta daude hainbat leku zoragarri ikusi eta ezagutzeko.
Oinez eta bizikletaz egin dituzu. Zergatik?
Bakoitzak bere berezitasunak ditu: erritmoak, ibilbidea… Baina bizikletaz eginda,  banekien oinezkoa ere berezia izango zela. Ez nenbilen oker, ez horixe!
Nola animatuko zenuke jendea izena emateko?
Nik ez dut ezagutzen beste modurik 15 egun hain ondo aprobetxatzeko, gozatzeko eta ikasteko. Gainera, hori guztia diru gutxi gastatuta.
Euskara ikasteko baliagarria izan zaizu?
Oso. Bultzada ederra eman diot euskarari; izan ere, Gasteizera bueltatu nintzenean, izugarri kostatu zitzaidan berriro gaztelaniaz hitz egitea, kar-kar!

Asier Arroita
Barnetegi ibiltarien arduraduna
Zer moduzko esperientzia da barnetegi ibiltaria?
Urterik urte, ibiltari bakoitzaren ostean, txundituta bukatzen dugu antolatzaileok, ikaragarria da. Ezin izango genuke beste era batera azaldu. Euskara praktikatzera, kirola egitera edota Euskal Herria ezagutzera datozen ikasleak (eta ikasle ez direnak) elkartu eta era natural, garbi bezain zuzenean euskaraz egoten gara harremanetan 15 egunez. Elkarrekin ibiltzen gara leku batetik bestera, euskara eta izerdia bidaia-lagun, eta Euskal Herriko txoko paregabeetan barrena gozatu eta aske bizi gara. Ez da udarako plan makala, gero! Barnetegi Ibiltari hauekin orain dela 15 urte hasi ginen arren, harritu egiten gaitu zer-nolako harrera ona duten oraindik ere ikasleen aldetik eta zer zirrara sortzen digun antolatzaileoi. Nolabait esateko, Korrikarekin berarekin aldera genezake; baina, horren aldean, gure txikitasunetik, jakina.
Zer da "ikasleek" gehien aintzat hartzen dutena?
Zaila da gauza bakarra aipatzea... Nork bere motibazio edo helburua izaten du ibiltarira etortzeko, eta gehienei ibiltarian zehar eraldatzen zaie motibazio hori… Bada ikasturtean ikasitakoa praktikatzeko edo indartzeko hurbiltzen denik, edota kirola egiteko asmoz baino ez gerturatu zaigunik ere; egunek aurrera egin ahala, baina, guztiek egiten dute bat barnetegi ibiltariaren filosofiarekin: udan oporrak euskaraz igaro, kirol pixka bat eginez, Euskal Herria ezagutuz. Urbasa, Bardeak, Bizkaiko Golkoa, Pirinioak, Aizkorri... paraje ezin ederragoak ditugu euskararen herrian! Guztiek eskertzen dute biziki, duda barik, 15 egunean euskaraz bizi ahal izatea. Ez baitago Euskal Herrian halako eskaintza askorik: udan, oporrez gozatuz, basoan barna, bizikletaz edo oinez mendirik mendi, paisaiaz paisaia, aldapak umorez gaindituz ... eta oinarri nagusia, nola ez, euskara beti ahoan! Ederra da benetan! Denek eskertzen dute bertan sortzen den giro ederra. Gerora, badu balio gehigarri aipagarria: laguntasun polit iraunkorra. Hau da, barnetegi ibiltari hauetan euskaraz errotutako harremanetatik, urteak joan eta urteak etorri, hainbat plan zein jarduera atera dira: Korrikan kilometroa erosi, beste herrialde batzuetan oporraldiak elkarrekin igaro, asteburuko txangoak eta parrandaren bat edo beste... Dena ez da-eta kirola izango!

 

Amaia Ezenarro Arrate
Durangaldeko AEK-ko irakaslea eta udan bi urte jarraian Zugarramurdiko familia-barnetegian irakasle egona
Zer moduzko esperientzia da familia barnetegia?
Egia esan, irakaslearentzat oso esperientzia sakona izaten da. Arlo profesionala ez ezik, pertsonala ere ukitzen duelako. Bizikidetza erabatekoa da 12 egunetan eta, ondorioz, talde osoaren arteko harremana etengabea eta beharrezkoa da. Ikasleen artekoa ere modu berean joaten da egunetik egunera sakontzen, uneoro daudelako elkarrekin. Kasu askotan, familiarekin horrelako “opor-ikastaroa” pasatzea aberasgarria izateaz gain, esperientzia berria izaten da. Adibidez, ama bat bi seme-alabarekin dagoenean... Dena den,  alde ona zera da: taldeak berak talde moduan funtzionatzen duela eta familia bat bagina bezala jokatzen dugula, behar denean babesa emanda. Gainera, uda izanik, turismoa eta geografia ikasteko aukera izaten da. Gure kasuan, Zugarramurdin, halako leku miresgarrian, are gehiago. Argi dugu gure lehentasuna dela euskara ikastea, hobetzea eta sakontzea, baina uda garaian gaudenez, ahalik eta modu ludikoenean egitea da asmoa, kontuan izanik tartean umeak ere baditugula.
Zer da gurasoek gehien balioesten dutena?
Gurasoek nahi izaten dute euren seme-alabekin euskaraz aritzeko ingurunea bermatu, eta, normalean, konturatzen dira euren arteko harremana gero eta euskaldunagoa dela. Etxean, euren kabuz egitea oso zaila da, gaztelaniarako joera errotuta baitago. Barnetegiak, aldiz, motibazioa eta erabilgarritasuna ziurtatzen die gurasoei (zein familia osoari), baita uneoro praktikan ipintzeko aukera ere, 24 ordu euskaraz bizitzeko aukera, alegia. Beraz, egun horietan emandako bultzadatxoak eragina izaten du familiaren hizkuntza-aberastasunean eta, hortik aurrera, eguneroko hizkun­tza-ohituretan. Horretaz gain, gurasoek umeen ongizatea balioesten dute gehien. Umeak gustura egonez gero, eurak ere lasai eta pozik egoten dira. Zorionez,  Nafarroako Dindaia erakundeko langileak izan ditugu azken urteotan; begirale lanak modu serio eta profesionalean egin dituzte, eta arazo eta ezustekoak lasaitasunez baina eraginkortasunez konpontzen dituzte.

Xabier Zugarramurdi
Arantzako aterpearen arduraduna
Zer iruditzen zaizkizue udako barnetegiak?
Beharrezkoak dira guretzat. Aterpeari eta herriari bizitza eta kolore handia ematen dizkiete udako barnetegiek. Ilusio handiz bizi ohi ditugu. Jende berria ezagutzeko leku aproposa da.
Zuen tokitik, nola baloratzen dituzue?
Hagitz positiboki baloratzen ditugu. Guk, normalean, aste barruan eskoletako haurrekin egiten dugu lan, beraz, udako barnetegiek txip aldaketa eragiten digute.  Jende helduarekin lan egitea zailagoa da, baina, era berean, eskergarriagoa. Jendea etxean bezala senti dadin saiatzen gara.
Zer daukate aterpeak eta Arantzak barnetegiari eskaintzeko edo emateko?
Anitz! Arantzako karriketan euskara da nagusi; herriaren kokapenak berak, errepidea bertan bukatzeak, xarma berezia ematen dio, eta leku aproposa bihur­tzen du urte osoan euskaraz solasean aritzeko aukerarik ez duen jendearentzat, Arantzan "isolatzeko". Aurten, 20. urtemuga dugu, 1995ean hasi baikinen AEK-ko barnetegiekin lanean. Pentsa, hasiera batean lau asteko barnetegiak egiten ziren!

 

Maria Teresa Pan Lage
Debagoieneko AEK euskaltegiko Aramaioko taldeko ikaslea
Lehen aldiz joango zara barnetegira. Zergatik eman duzu izena?
Lehenik eta behin, euskara ikasteko, eta, gainera, praktikan ipintzeko. Gustatuko litzaidake segurtasun gehiagorekin hitz egitea.
Zer espero duzu?
Hasteko, lotsa barik hitz egitea euskaraz, eta ohitura hartzea bai ondokoekin, baita semearekin ere.

Benito Fiz
AEK-ko didaktika arduraduna
Zer ematen dio barnetegiak euskara ikasten ari den pertsonari? Udako ikastaro trinkoak ere eskaintzen ditu AEK-k, zein garrantzi dute ikas-prozesuan?

Adituen esanetan, hizkuntza ez da beste gauza batzuk bezala ikasten. Ume txikiak, adibidez, ingurutik hartzen du apurka-apurka eta, ia konturatu gabe, egun batetik bestera badugu beste hiztun bat munduan. Euskara ikasi nahi duen pertsona helduak ere euskal hiztunei entzun behar die, haiekin hitz egiten saiatu behar du, eta euskaraz jolastu edo egin behar ditu gauzak ikasteko. Horretan zenbat eta ordu eta egun gehiago eman, orduan eta hobeto, eta gustura eginez gero, askoz hobeto. AEKn aspaldi dakigu hori, eta, halaber, jakin badakigu  udan denbora eta aukera gehiago izaten direla euskara ikasi nahi dutenak biltzeko eta euskaraz hainbat gauza egiteko. Gainera, hori guztia leku ederrean eta giro onean. Horixe da barnetegia, euskara ikasteko lekurik onenetakoa. Norberaren herrian bertan, edo gertu, ikastaro trinko bat egiteko aukera ere bada. Egunaren zati handi bat eman euskara entzuten, ikaskide eta irakaslearekin hitz egiten eta euskaraz gauzak egiten, udako giroan. Gustura, ia konturatu gabe ikasten.