“Itzuli ezin den hizkuntza hilda dago”

toti

Toti Martinez de Lezea

Itzultzailea lanbidez, Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949) 50 urte inguru zituela hasi zen idazten, lagun batekin apustua eginda: baietz eleberri bat idazteko gai izan! Irabazi zuen erronka, baina nobela hura baino lehenago geroago idatzitako beste bat argitaratu zioten: La calle de la juderia. Ondoren, buru-belarri eman zitzaion idazmenari,  itzultzaile lana utzita. Enda Lur argitaratu zuen udazkenean, eta hil honetan kaleratuko da Nur saileko hurrengo liburua. Hala, haur eta gazte literaturan hainbat liburu argitaratu arren, helduentzako nobela historikoa jorratu du batez ere. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Zerk dauka pisu handiagoa zure liburuetan: historiak ala istorioak?
Nobela historikoa ez da nobela moduan idatzitako historia. Historia ikasi nahi duenak oso lan onak ditu eskura. Nire helburua ez da gure historia kontatzea. Nire pertsonaiak, normalean, asmatuak izaten dira, baina korapiloa une historiko zehatz batean kokatzen badut, momentu hori ondo islatu behar da.
Zergatik dauka hain fama eskasa nobela historikoak?
Ospe txarra ez datorkio irakurleengandik, irakurleek oso gustuko baitute nobela historikoa, eta asko dira. Fama hori literatur kritikari eta idazleek eman diote, batzuek diote hori ez dela literatura. Halere, ez dute kontuan hartzen Homerok Iliada idatzi zuela eta ez zegoela Troian; Shakespearek ez zuen Ricardo III.a ezagutu; Tolstoi frantsesek Errusia inbaditu baino urte batzuk geroago jaio zen; Marguerite Yourcenaur ez zen Adrianorekin egon... eta idazle horiek zoragarriak izan ziren! Ezin omen da konparatu... aurreiritzi hutsak! Beste kontu bat da nola dagoen idatzita istorioa. Munduko literaturan, liburu gehienak historikoak dira, gehien-gehienak.
Gauza asko idatzi eta esan izan duzu eleberri historikoa literaturatzat ez dutenei buruz, eta ez oso onak... Egolatria handia aurkitu duzu literaturaren arloan?
Bai, baina denok gara nahiko egolatrak. Halere, ez da egolatria bakarrik, inbidia ere bada. Nire liburuak argitaratzen hasi zirenean, aurrean mundu zoragarria irekitzen zi­tzaidala sentitu nuen. Irakurle handia nin­tzen ordurako eta pentsatu nuen irakurtzen nituen idazleak ezagutuko nituela, baina berehala konturatu nintzen ez zela horrela izango. Gaur arte! Gure etxea beti dago zabalik, beti gaude prest edozertarako, baina egun bost lagun idazle besterik ez dut, gehiagorik ez. Besteentzat ez naiz existi­tzen, eta haiek ere ez niretzat. Pena handia da, Euskal Herrian gutxi garelako, denok egon beharko genuke elkarrekin. Gure lana nazioartean ezagutarazi nahi badugu, aurkez gaitezen euskal herritar moduan, ez espainiar gisa. Oso gauza erraza da, baina denek ez dute hori horren argi. Nik amerikar edo frantses baten liburua erosten badut, badakit nongoa den erosten ari naizen liburu horren egilea. Norbaitek kanpoan nire liburu bat erosten badu, jakin beharko luke euskaldun baten liburua erosten ari dela. Nahiko nuke beste guztiek horrela joka­tzea.
Kontuan hartzen duzu literatur kritikariek zure lanari buruz esaten dutena?
Horretarako ere ez naute kontuan har­tzen... Hobe, ahantz nazatela! Zerbait ondo idatzita egonez gero, baldintza hori ezinbestekoa baita, hortik aurrera nork esaten du zer den ona ala txarra? Norbaitek zerbait “oso ona” dela badio, bere iritzia da, gustu kontua. Nik liburu asko irakurtzen ditut. Ba­tzuetan kritikak ere bai, eta beti ez dut bat egiten haiek esaten dutenarekin. Nire ustez, jendeak ez ditu kritikak gehiegi irakurtzen, ezta neuk ere.
Ez duzu ez kritikaren, ez beste idazle batzuen aitorpenik, baina bai irakurleena. Nahikoa duzu horrekin?
Bai, nahikoa eta gehiegi, zoragarria da. Salmentak ez dira sekulakoak, baina, astiro-astiro, gero eta gehiago saltzen ari dira nire liburuak. Adin guztietako jendearen artean, gainera. Maitatua  sentitzen naiz, eta horrek ez du preziorik.
Zuk dena gaztelaniaz idatzi arren, ia guztia itzultzen da...  Zergatik argitaratzen dituzu batera jatorrizko bertsioa eta euskarazko itzulpena?
Ahalegin handia egiten da horretarako, irabaziko dena baino askoz ere diru gehiago gastatzen baita euskarazko liburuak kaleratzen. Halere, bai Erein argitaletxeak, bai neuk uste dugu horrela egin behar dela, corpus bat sortzeko eta euskaraz irakurri nahi duenari aukera emateko.
Pentsatu duzu inoiz euskaraz sortzea?
Pena ematen dit, gainditu gabeko ikasgaia dut hori, baina zaharra naiz, gauzak horrela dira. Artikulu batzuk idazten ditut euskaraz, batzuek sinetsi ez arren, poemak ere bai, baina bostehun orrialdeko liburu bat... Posible litzateke horretarako bospasei urte hartuko banitu, baina ez dut astirik.
Zeu itzultzailea izanik, arazorik bai zure liburuak itzultzen dituztenekin?
Ez, bat ere ez! Nire itzultzaileak askeak dira, eta oso onak! Are gehiago, neure liburuak euskaraz irakurtzen ditudanean, zera pentsatzen dut: 'Zer ondo idazten dudan euskaraz!'. Ozenki irakurtzea gustatzen zait, eta ikasi egiten dut.
Batzuek gutxietsi egiten dituzte itzulpenak... Aukera izanez gero, jatorrizko lana nahiago?
Nik munduko literatura jatorrizko hizkuntzan irakurri dut batzuetan, badakidalako frantsesez eta ingelesez, eta euskaraz eta gaztelaniaz ere irakurtzen dudalako, baina gainontzeko idazleak? Japonia eta Txinako literatura irakurri dut, baita Errusiakoa ere, eta itzulpenak irakurri behar izan ditut. Niretzat berdin da. Izan ere, itzuli ezin den hizkuntza hilda dago. Itzulpena ona bada, ez dio axola, garrantzitsuena edukia baita. Are gehiago, kasu batzuetan itzulpenak jatorrizkoa hobetzen du!
Noiz eta nolatan ikasi zenuen euskara?
Gaztea nintzela, Gasteizen ez zen euskararik batere entzuten; horretarako, Tolosara joaten ginen, osaba-izebengana. Aitak bertsolari txapelketetara eramaten gintuen, euskara entzuteko bakarrik, ezer ulertu gabe! Hamazortzi urterekin, Alkizara joan nintzen,  gaztelaniaz ez zekien familia batekin bederatzi hilabetez bizitzera; apaizarekin ikasi nuen gramatika. Gero, Alemanian eta Ingalaterran izan nintzen. Ezkondu ondoren, Frantzian bizi izan ginen lau urtez, eta, itzulitakoan, oso argi genuen herri euskaldun batean bizi behar genuela, gure umeak euskaldunak izan zitezen, guk ezin baikenien ondo irakatsi. Hizkuntzak gaztetan ikasi behar dira: zenbat eta zaharrago, orduan eta zailago. Nik ez dut arazorik ez ulertzeko, ez irakurtzeko, baina hitz egiteko... Durangoko Azoka niretzat barnetegi sakona da! Halere, bihotza eta sentimenduak euskaldunak ditut, eta hori ez didate inoiz kenduko!
Noiz erabaki zenuen itzulpenak utzi eta idaztetik bizitzea?
Hiru eleberri argitaratu ostean, aukeratu beharra nuen: itzulpenak ala nobelak, ezin nituen bi eginkizunak uztartu. Idaztea erabaki nuen, dibertigarriagoa zen. Askotan entzuten dugu ezin dela idazmenetik soilik bizi... eta egia da gazte batek familia edo hipoteka badu, baina hori sorgin-gurpila da; izan ere, idazteari denbora osoa ematen ez badiozu, ez zara nahikoa idaztera iristen. Bizimodua ezin da atera liburu bat bospasei urterik behin kaleratuta, idazleok % 10 eta urtebeteren ondoren kobratzen dugu-eta. Ni andrea eta praktikoa naiz, eta, idazten hasi nintzenean, etxea ordainduta zegoen eta umeak kanpoan. Ez nuen zorrik, beraz, banuen denbora idazten emateko aukera. Idaztea lanbidea zela argi neukan, egunero jardutekoa, eta hori ezinezkoa da umeak eta etxea zaindu eta fakturak ordaindu behar badituzu. Gainera, zeure buruan sinesten ez baduzu, nork sinetsiko du? Norberak ere apustua egin behar du. Nik egin nuen, baina onartu behar dut abantailaz jokatu nuela. Ez dakit erabaki hori lehenago hartuko nukeen...
Sei-zortzi ordu ematen dituzu egunean idazten. Zergatik duzu horrenbeste orduz idazteko premia?
Gustatzen zaidalako, oso ondo pasa­tzen dut, plazer handia da! Noizbehinka irakurtzen dut idazle batzuek sufritu egiten dutela idaztean... bada, nik ez! Hainbeste eta hainbeste istorio daude kontatzeko... eta ni kontalaria naiz, txikitatik. Historia ere asko gustatzen zait eta, idazteko, irakurri eta ikasi egin behar dut, istorioa ondo kokatzeko. Lekuak bertatik bertara ezagutzera ere joaten naiz, ezin dut istorioa ezagutzen ez dudan leku batean girotu.
Liburu bat idazten hasten zarenean, badakizu argitaratuko dizuten?
Bai, orain bai. Nire lan egiteko moduak ere laguntzen du horretan. Orain beste liburu bat idazten hasi naiz eta berrogei orrialde inguru ditut; bada, argitaletxean irakurri dituzte dagoeneko. Ahal bada, Durangoko Azokarako egotea nahi dute, eta printzipioz hala izango da, nahiz eta normalean ez dudan jakiten nola bukatuko den, istorioak neu ere harritzea bilatzen dudalako. Dena den, arraroa bada ere, badakit oraingo honen amaiera.
Zerbait aurreratzerik bai?
Ezberdina izango da, baina historikoa, halere. Adibidez, amaren istorioa kontatu nahiko banu, frankismo betean, nobela ondo girotzeko, dokumentatu egin beharko nuke. Ama Espainiako txapelduna izan zen igerian 1947. urtean. Gasteizko neska bat, apaizen eta militarren hirikoa! Ama Vasco-Navarra taldearekin joan zen lehiatzera Zaragozara, eta irabazi egin zuen.  Ama bizi da, baina galdetu beharko nioke nola joaten zen Gasteiztik Zaragozara garai hartan, esaterako.
Zer-nolako harremana duzu argitaletxeekin? Hirurekin ibili zara batez ere: Maeva, Ttarttalo eta, azken boladan, Erein. Fidela zara?
Fidela naiz, baina baita librea ere. Ttar­ttalorekin hasi nintzen, baina gero, Maevarekin argitaratzeko aukera sortu zenean, ez nuen aurrena utzi. Ereinekin ere aspaldiko harremana nuen, berak argitaratu zuelako nire lehen liburua: Euskal Herriko leiendak. Gaur egun, batez ere, Ereinekin nabil. Gustatzen zait ez duelako jaberik, hainbat jenderen artean dirua jarrita sortu zen eta inork ez du mozkinik kobratzen. Irabaziak enpresan bertan inbertitzen dira berriro. Bertan lanean diharduten hamar lagunak ezagutzen ditut, denak dira oso jatorrak. Familia baten modukoa da eta gustura senti­tzen naiz sendi horrekin. Beste eskaintza asko ere jaso ditut, eta interesgarriak, baina...


KOLKOTIK

Liburu bat? Asko ditut gustuko, ezin bat aukeratu. Pertsonaia historiko bat? Leonor Akitaniakoa, Leonardo da Vinci... Gertakari historiko bat? Euskal herriaren beraren existentzia, gure inguruko beste herri batzuk desagertu direnean. Antzezlan bat? Cabaret Elegance da ikusi dudan azkena. Aktore bat? Meryl Streep eta Sean Connery. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Munduko gerren amaieraren berri emango lukeen edozein.   Irakurtzeko arrazoi bat? Eginkizun intimoa dela: idazlea, istorioa eta hirurok baino ez gaude. Oraindik askatasun osoz egin dezakegun ariketa gutxietako bat da. Zerk hunkitzen zaitu? Ez naiz erraz hunkitzen, baina oso hunkitu ninduten gure seme-alaben jaiotzak eta iazko Gure esku ekimenak. Zerk ematen dizu amorrua? Inbidiak eta gezurrak. Zerk lotsatzen zaitu? Ez naiz inoiz lotsatia izan... Zer eman dizu euskara ikasteak? Oso txarto hitz egiten dut, baina gozamen handia da. Orain erabiltzen ari gara erromatarren garaiko hizkuntza bat, eta hori ezin dute esan munduan herri askok.