Athletic

gabarraGabarra, museoko pieza

Bilboko itsasadarrean gora ez bada ere, talde zuri-gorriaren zaleek badute Athleticen gabarra berriz ikusteko eta gozatzeko aukera, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan paratu baitute ikusgai. Bilboko Portu Agintaritzak laga dio, gabarraren egokitzapen lanak burutu ostean. Hartara, Athleticen azken kirol garaipenen ospakizunak gabarran bertan oroitu ahal izango dituzte zale zuri-gorriek. Gainera, ontzia museora eraman dutela baliatuta, haren inguruko erakusketa ere ikusgai izango da Itsasadarra Itsas Museoan irailaren 28ra arte. Athleticen Museoarekin batera antolaturiko erakusketan, besteak beste, gabarraren jatorria, haserako erabilera eta ondoren hartu duen esanahiari buruzko jakingarriak paratu dituzte. Ziur zaleek gustura bisitatuko dutela, bai gabarra bera, baita erakusketa ere. Hori bai, segur aski inork gutxik nahiko du ontzia betiko geratzea museoan. Ez, behintzat, gabarra zaharraren historian, uretaratu den azken aldietan izandako eginkizuna kontuan hartuz gero...