Umorea eta askoz gehiago izango da Leioan

umoreazoka

Indartua dator Leioako XVI. Umore Azokaren egitaraua, hala zenbakiz, nola edukiz. Zenbakiei dagokienez, 50 konpainia, beste horrenbeste ikuskizun, horietarik 22 erabateko estreinaldiak, eta 170 emanalditik gora izango dira. Edukiz ere oparoa izanen da, umorezko lanez harago, askotariko diziplinak eskainiko baitira Leioan maiatzaren 21etik 24ra: an­tzerkia, dantza, clowna, musika… Ohi denez, euskal konpainiek presentzia garrantzitsua izango dute. Aurten, orotara, 17k hartuko dute parte, eta horietatik 12k ikuskizuna estreinatuko dute: Cielo Raso konpainiak, Colectivo Hiriko taldeak, Dantza Konpainiak, Dikothomia konpainiak, Ékoma Teatrok, Ertza Dantzak, Gaitzerdi Teatrok, La Pez taldeak, Muyuyai taldeak, Rouge Eléak, Twisting the balancek eta Zirkozaurrek. Gainontzeko eskaintza Espainiako eta nazioarteko taldeek osatuko dute. Guztira, 33 konpainia, 18 estreinaldirekin. Bestalde, emanaldiez gain, bestelako ekintzak antolatuko dira Umore Azokak iraun bitartean, baita hasi aurretik ere. Hala, profesionalentzako bi ikastaro egingo dira aurreko asteetan. Egitarau osoa www.umoreazoka.org gunean dago ikusgai.


magiaMAGIAK hartuko ditu Bilboko Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak maiatzean, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolaturiko XI. Magiaren Topaketari esker. Maiatzaren 9tik 28ra bitartean, magiari loturiko ekitaldiak izango dira bi auzoetako kale, plaza, taberna eta udaltegietan. Besteak beste, Katalunia, Fran­tzia, Espainia eta Alemaniatik etorritako magoen lanekin gozatzeko aukera izango da, Euskal Herriko artisten jardunarekin batera. Euskal magoen lanen artean, hainbat euskaraz izango dira: Asier Kidamen 1805; Madiber Magoaren Hor doa magia eta Debote Enboteren Vademecum. Era berean, Magia kalean eta Magia merkataritzara hurbilduz izenburupean, Asociación Vizcaina de Ilusionismo elkarteko kideek hainbat erakustaldi egingo dituzte kalean, elebitan. Maiatzaren 14an Otxarkoagako Udaltegian izango den Euskadiko eta munduko izarren gala izenekoan ere euskarak lekua izanen du. Egitarau osoa http://kulturabarrutik.net/eu/ gunean eskura daiteke.

LABURREAN

ZUZENEKO emanaldiak eta aldibereko jarduerak eskainiko dituzte maiatzaren 8tik 10era Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XX. Jaialdian. Emanaldiei dagokienez, Euskal Herriko zein atzerriko hainbat talde eta artista ariko dira: Mathieu Moustache; Deabru Beltzak; El Gran Rufus; Ortzi; Je­ssica Arpin; Primital Bros; Dikothomia; El Espejo Negro; Circo Los; Mago Sun; Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta Cie Cacahuète. Hain juxtu, aldibereko jardueren baitan, Cie Cacahuète konpainia frantsesak kale antzerki ikastaroa emango du jaialdiak iraun bitartean. Halaber, Corrado Masacciren Igelen metamorfosia erakusketa izango da ikusgai Arrigorriagako udaletxean. Igela ardatz duten txotxongiloekin osaturiko erakusketa maia­tzaren 13ra arte ikusi ahal izango da.

FANTNAZIOARTEKO 13 FILM LUZE lehian sail nagusian; 22 film labur ikusgai, erdiak euskal egileenak; Hayao Miyazaki zuzendari japoniarrari eta Dario Argento italiarrari eskainitako sailak; erakusketak eta ikastaroak, beldurrezko menuen eskaintza... Ohi lez, eskaintza ugari eta zabala izango du FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren XXI. Jaialdiak. Gainera, ekitaldi andanaren artean, omenaldi berezia eskainiko zaio iaz istripuz hildako Alex Angulo aktoreari. Xehetasun guztiak http://fantbilbao.net/ Fant2015/eu/ gunean.