Shaun the Sheep Movie

shaun

Zuzendariak: Richard Starzak eta Mark Burton. Gidoia: Richard Starzak eta Mark Burton. Ekoizpen-etxeak: Aardman Animations eta Studiocanal. Erresuma Batua, 2015.

Istorioa: Etxaldeko eguneroko errutinarekin aspertu samar dabilenez, eguna libre hartzea eta hirira joatea erabakiko du Shaun ardiak. Zenbait ustekabek eta nahaste-borrastek erabat aldrebestuko dute eguna, eta, azkenean, artalde osoak joko du hirira, baita Bitzer txakurrak ere, etxaldeko nagusia han galdu dela-eta haren bila.
Ekoizpen-etxea: Animazio kontuetan, Aardman etxearen eskua lan onaren bermea izan ohi da. Horren adibide dira, esaterako, Chicken Run (2000), Wallace & Gromit  (2005) eta The Pirates! Band of Misfits (2012) ederrak. Telebistarako sailak ere egiten dituzte, film honen abiapuntua, Shaun the Sheep kasu.
Onena: Izan telebistakoak, izan pantaila handikoak, ustez haurrentzako lanak heldu askoren gozagarri ere badira. Mimoz egindakoak, irri eragileak, pertsonaia erakargarri eta, finean, maitagarriei esker. Jakina, batez ere haurrentzat eginak, umoreak badu xalotik, baina bestelako perlak ere izaten dira. Filmean ere halaxe gertatzen da, eta ikusleari zenbait eszena bikain eskaintzen zaizkio.
Txarrena: Saio laburretatik abiatuta film luzea egiteak izan ditzake arriskuak; halere, egileek asmatu dute horiek saihesten.
Eñaut Mitxelena