‘Korrontzi Dantzan’ egitasmoa abiatu dute

korrontzi

Korrontzik eta Oinkari Dantza Taldeak Korrontzi Dantzan egitasmoa jarri dute mar­txan. Proiektuaren jatorria aurreko urteetan Korrontzik eta Oinkarik elkarrekin eskaini dituzten emanaldietan dago. Hemendik aurrerakoaren ardatza da herrietako dantza taldeei aukera ematea zuzeneko ikuskizuna sortzeko euren herrietan, aipatu taldeekin batera. Hala, Euskal Herriko dantza taldeei laguntza eskainiko diete haien dantzak ikusgarriagoak izan daitezen agertoki gainean. Ikuskizunok gauzatzeko, Oinkari Dantza Taldeak master classak emango ditu, Korrontziren musika oinarri, urratsak prestatu eta irakasteko. Emaitza, hortaz, ezberdina izango da herri bakoitzean; eta herriko dantza taldearen baliabideen arabera, Oinkarik dantza gehiago edo gutxiago taularatuko ditu bertako zuzenekoan. Halaber, Oinkari dantza taldeak herriko taldeek dantzatu ezin dituzten koreografiak burutuko ditu zuzenekoetan. Dagoeneko zenbait dantza taldek eman dute izena proiektuan parte hartzeko, baina zuzeneko emanaldiak azarotik aurrera kaleratuko dira, uda dantza taldeei eskolak emateko aprobetxatuko baita.


anaiarrebakANAI ARREBAK talde gipuzkoarrak bere bigarren diskoa kaleratu du, bederatzi abestiz osatua eta taldearen izen berekoa. Bonberenean onduriko diskoaren aurrerapen moduan, Zorte ona opa dizut singlea eta bideoklipa kaleratu zituzten udazkenean, lanean nagusitzen den estilo nahasketaren erakusgarri  Izan ere, 2010ean taldea osatu zuten kide rockzaleak disco musikaren bidetik abiatu ziren, baina oraingoan funkyaren eremuan ere gero eta erosoago mugitzen direla erakutsi dute. Hortaz, disko berrian, erro beltzeko musikaren barruan popa aurki daiteke ahots eta melodia itsaskorretan; elektronika, erritmoetan; eta rocka, ezkutatu ezinezko berezko izaeran. Beti ere entzulea dantzaren eremura eramateko asmoz.

 

berpizkundeaBERPIZKUNDEKO EUSKAL MUSIKA: XV ETA XVI. MENDEETAKO MUSIKAGILEAK
Hainbat musikari
5GORA, 2014

Bi urteko ikerketa eta ekoizpen lanaren ondorioa da disko hau, Jon Elizalde Goñiren ekimenez sortutako proiektua. Musikaren euskal artxibategi historikoan (Eresbil) dauden partiturak modu instrumentalean grabatu dira Errenazimenduko musika tresnak erabilita, gehienbat haizezkoak. Musikari profesionalek kolaboratu dute diskoan, antzinako musikan adituak. Emaitza musika koloretsu eta bitxia da: antzinako soinua, erritmoa, indarra eta dotoretasuna.

gontzalNIRE BIHOTZAK ZURE BEGIAK DITU
Gontzal Mendibil
Elkar, 2014

70eko hamarkadaren hasieran kantatzeari ekin eta gaurdaino lanean jarraitzen du Mendibilek. Ia 40 urte publikoari eta euskal sentimendu lirikoari eskainita, gure kulturaren garapenean eta iraunkortasunean tematuta segitzen du. Bere ibilbide musikaleko 14. disko honetako abestietan, hitzez nekez azal daitezkeen sentimenduak eta burutazioak azaleratu ditu kantariak: barneko oroitzapenak, bizitzaren gorabehera gazi-gozoak, gizakumearen nondik norakoak lur honetako pasadizoan...