Bizipoza

uU
Piztiak
Buztinbaltza, 2015

Talde batzuek erdietsitakoa baino arrakasta handiagoa merezi dute eta beti pentsatu dut Piztiak talde horietako bat zela. Baina orain, U taldearen zazpigarren diskoa entzuten ari naizela, beste modu batean ikusten ditut gauzak. Izan ere, zer da arrakasta? Ia hogeita bost urteko ibilbide luzea edukitzea, harro egoteko moduko zazpi lan kaleratzea, zenbait zalerentzat (berdin dio asko ala gutxi izan) zuk egindakoa oso garrantzitsua izan dela jakitea... ez al da arrakasta izatea? Badirudi taldekideek horrela ulertu dutela, eta, beharbada, horregatik da U ospakizuna: rock 'n' roll kementsu melodia distiratsuetara salto egiten duten hamaika abestiko festa. Diskoari argia, baikortasuna dario leku guztietatik, bizipoza (tira, Gehiegi-ren moduko kantu goibelagoren bat edo beste ere badago). Norbere lanarekin pozik eta gustura egoteak ematen duen lasaitasuna dario. “Ez dago ezer galtzerik, dena irabaztea da. Dakienak badaki, besteak ze inporta?” kanta­tzen dute Josh Kexpiren baladan. Horixe ba. 
Gotzon Hermosilla