Literaturian, literatura odolean

literaturia

Literaturia 2015-Euskal Letren Plaza ekitaldiak Zarautz hartuko du hil honen azken asteburuan. Odolean daramagu lelopean, antolatzaileek azaldu dute ardoa izango dela aurten literatur ekitaldien hari gidaria: “Ardoa idazle askoren inspirazio iturri izan da historikoki, baina baita galbide ere. Asko dira ardoaren inguruan idatzitakoak. Era berean, ez dugu ahaztu behar zer-nolako garrantzia duen Euskal Herrian gastronomiak, jateak eta edateak, eta, horri lotuta, Zarautzek eta inguruak txakolinarekin egiten dion ekarpena”. Euskal literaturak herrigunea hartuko du hiru egunez, ekitaldi ia guztiak Modelo aretoan eskainiko direlako, liburu berriak Garoa liburu-dendan aurkeztuko direlako eta literatura herritarren esku jarriko delako udaletxe aurreko liburu azokan. Hainbat idazlek hartuko dute parte Literaturian: Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Jule Goikoe­txea… besteak beste.


ilustratu2JENDE DESEGOKIA du izenburu Gaizka Zabarteren bigarren nobelak. Narratzaile nahiko orojakile baten ibilera desegokien kontakizuna da, eta korapiloak bi abiapuntu ditu. Batetik, gonbidapen bat, Peter Zuazo protagonistak Desegokien Elkartea izeneko baltzu batetik jasotzen duena, Bilboko jardunaldi batzuetan hizlari  parte hartzeko; hor hasiko dira bere buruhausteak. Bestetik,  aipatu Desegokien Elkartearen genesia. Pertsonaien sentimenduen artean, bakardadea, gorrotoa, botere harremanak... ageri dira, baina amodioa, desamodioa eta mendekua nagusitzen dira. Eleberria kaleratu duen Susa argitaletxeak dioenez, “komedia zorrotz hau umore onez dabiltzanentzat baino ez da gomendagarria”.

AITAGUREAAITA GUREA
Iñaki Irasizabal
Elkar, 2015

Autoetarako piezak fabrikatzen dituen lantegi txiki bat. Bi enpresari eta beraien familiak. Prentsa hidraulikoak, trokelak, matrizeak… eta makina horiek guztiak erabiltzen zenbait behargin, nor bere arazo eta ametsekin, baina denak lanpostua galtzeko beldurrez. Horien guztien artean, gaizki-ulertuak, etsaigoak, istripuak, lapurretak eta hainbat herio­tza. Eleberri beltzean espezializatu da Iñaki Irasizabal; krimenari baino, arreta handiagoa jarrita gizartearen argi-ilunei.

molloyMOLLOYGehiago irakurri
Samuel Beckett
Itzultzailea: Gerardo Markuleta
Meettok, 2014

Molloy ez dago geldi. Zango zurruna gorabehera, bizikletaz edo makuluen laguntzaz ibil daiteke. Amarenera omen doa, edo bere buruaren bila, edo beti ihesi dabilkigun ziurtasunaren xerka. Bigarren atalean, Molloy bera aurkitu behar du Moran detektibeak. Moran ikertzen hasi eta Molloy bihurtzen da. Pertsona beraren bi alderdi? Biek bat egiten bide dute niaren bilaketa amaigabean. Idazlearen erudizio itzelak jakiteko gogoaren eta ezinaren arteko dilemara eramaten gaitu.