Erresumaren ilunsentia

liburu kritikaMila Salterain
Txalaparta, 2014

1190. urtea. Bizkaia, Nafarroa, Durangaldea, Gaztela, Aragoi, Poitiers, mairuak, Akitania. Zaldiak, arkume erreak, bidegurutzeak, ezkontzak, ezpatak, irina, ermitak, bideak. Serorak, tenienteak, sasikoak, alabak, semeak, zelatariak, handikiak, olagizonak, ­etxandreak, auzokoak, apaizak.
Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Haro familiaren laguntzarekin Nafarroako Antso VI. erregeari Bizkaia kendu zionetik urte gutxira hasi da nobela koral hau, hainbat pertsonaiaren barruak aldi berean agertu zaizkigulako da-eta honakoa nobela korala. Garai hartako Durangaldeko bizi-antolamenduaren berri izango du liburuaren orrialdeetan murgiltzeko aukera duenak, eta, bi erresumen arteko muga izan zenez hura, bertako azpikeria politikoak ezagutuko ditu.
Handikien gose aseezinarekin batera, herritarren eguneroko gorabeherak islatu dira eleberrian; Latrone tenientearen eta Antso Azkarraren bizi-grinez gain, maitasunaren eta maitasunik ezaren arteko talkak erakutsi dira, bai eta bor­txaketen, indarkeriaren, halabeharrezko ezkontzen eta gosearen ondorio larriak ere.
Hala, Durangaldeko toponimia aberats jada galduan galduko gara geu ere, berakatz zopa eta txerriki erreak usainduko ditugu, eta hiztegi zabala ikasteko aukera izango dugu.
Sar gaitezen, bada, erresumaren ilunsentian, egunsentian nondik gatozen gogora dezagun.
Alaitz Andreu