Europako Batasuna

kargaSakelako ororentzako bateria-kargagailu komuna, geroz eta gertuago

Aurki beteko da, apika, Europako erabiltzaile nahiz kontsumitzaileen elkarteen aspaldiko eskakizunetako bat. Hots, mota eta marka ezberdinetako sakelakoek bateria-kargagailu komuna izatea. Oraingoz, segapoto ekoizle bakoitzak bere bateria-kargagailua merkaturatzen du, eta horrek kexa ugari eragin izan du, ez delako batere praktikoa eta ez duelako ekoizleen etekin ekonomikoak handitzea beste eraginik, erabiltzaileen kaltetan. Europako Batasunak (EB) aspaldi iragarri zuen bateria-kargagailu mota bakarraren alde egingo zuela, baina asmoa agertzetik haragoko urratsik eman gabe. Bada, badirudi azkenean bide horri heldu diotela: EBko herrialdeetan saltzen diren sakelakoek bateria-kargagailu komunekin bateragarriak izateko arauak hitzartu ditu Europako Batasunak (EB), kontsumitzaileen gastuak gutxitu eta sektoreak sortzen duen hondakin kopurua murrizteko. Halere, lehen urratsa besterik ez da. Orain, EB osatzen duten gobernuek berretsi beharko dute akordioa, baita Europako Parlamentuak ere. Indarrean jarriz gero, EBko gobernuek bi urteko epea izango dute euren herrialdeetako legediak aldatzeko. Ikusi egin beharko epeak betetzen dituzten eta, batez ere, telekomunikazio konpainia handien interesei men egin gabe, hasierako asmoei bere horretan eusten dieten.