Iraganeko etorkizuna

Nora joango ote dira inoiz gauzatu gabeko asmakizunak? Zer gertatuko ote zaie, norbaiten buruan sortu arren, argia ikusi gabe geratzen diren teknologiei? Non gorde ote dute txikitan saldu ziguten etorkizun teknologiko oparo eta ikusgarria? AEBetako basamorturen batean lurperatuko ote zuten, ET estralurtarraren bideo-joko penagarri hura bezalaxe?
Benetan, jarri pentsatzen: urte batzuk badituzuenok gogoratzen duzue nolakoa irudikatzen genuen XXI. mendeko teknologia 70-80ko hamarkadetan? Ikuspegi inozo samarra zen, beharbada, baina hainbat kontu egintzat ematen genituen: autoak hegalariak izango ziren eta, distantzia txikiak egiteko, propultsio bidezko motxilak erabiliko genituen. Etxeko lanak giza itxurako robot adimen­tsuek egingo zituzten. Arma kontuetan, laser izpiek izan behar zuten jaun eta jabe, eta, eguneroko bizitzari dagokionez, konputagailu hiztunek ere non-nahi egon behar zuten: dendari, tabernari zein irakasle lanak egiten, besteak beste. Holozinemarik ere ez daukagu... are gehiago, 3D telebista porrot komertzial izugarria izan da.
Trukean, espero gabeko aurrerapauso handiak izan ditugu, noski: ordenagailuak han eta hemen, sakelako telefonoak, etengabeko konexioa Interneti esker... xarma urriko kontuak, inondik inora, auto hegalari, propul­tsio bidezko motxila edo androide hiztunen aldean.
Baina txarrena ez da hori, izan ere, iruditzen zait dagoeneko ez dugula lanik hartzen irudikatzeko nolakoa izango den teknologia 50 urte barru. Ez dago etorkizuneko teknologiaren gaineko halako irudi komunik, garai bateko auto hegalari eta konputagailu hiztunen ordezkoa. Inguratzen gaituen teknologia hainbeste aldatzen da urtetik urtera, ezen dagoeneko uko egin baitiogu zer bide hartuko duen imajinatzeari. Edo, beharbada, batzuek diotenez, inguratzen gaituzten makinek irudimena murriztu digute. Edo okerrago: informazioaren teknologiak inposaturiko erritmoan, ez dugu astirik etorkizuna irudikatzen jartzeko. Pena da, kontuak kontu, etorkizunari buruzko ikuspegi konpartitu okerra baino, batere ikuspegi partekaturik ez izatea.

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/338736
ET estralurtarraren bideo-joko kalamitatearen historia, GAUR8 aldizkarian.

http://ttiki.com/338737
Aspaldiko zientzia-fikzioari buruzko irudi, artikulu eta bideo bilduma xarmagarria, etengabe eguneratzen dena (ingelesez).

http://www.retrothing.com
Traste (teknologiko) zaharrei buruzko bloga, ingelesez, tekno-nostalgia pizteko aproposa!