Anaitasunan, Anahitasuna

 

 

 

anaita

Euskaraz bizitzeko gogoan irmo, oztopo ugariren gainetik euskarak aurrera egin du urteotan Nafarroan, lagun askoren laguntzari esker: proiektuak eraiki eta denboraz eta diruz elikatu dituzte, eta hizkuntza komunitateari aitzinera joateko nahia kutsatu diote. Euskararen aldeko jarduna Nafarroan “epikoa” izan da. Orain, egindakoari dagokion balioa emateko, nafar euskaldunek iritzi diote bat egiteko eta datozen urteotan indarberriturik ateratzeko ordua dela;. denon artean aurrera egiteko modu eraginkorrenak zein diren aztertzeko garaia, euskaraz bizitzeko eskubidea errealitate bihur dadin bultzada handia ematekoa. “Aldaketa garaia da. Euskara Nafarroan aurrera aterako bada, beste hizkuntza politika batekin izango da. Hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du euskarak” dio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian hitzordua paratuta. Egun horretan, politika horren oinarriak azalduko dituzte, eta “gutako bakoitzak aurrera egiteko dugun konpromiso tinkoa erakutsiko du”. Nahitasunez, harrotasunez, #ap25anahitasuna.