Euskara, olé!

aitziberSevillak eta euskarak duten erlazio bitxiak liluratuta nauka azkenaldian. Bi kasu ditut buruan: bata orain deskubritu dudana, gai honen inguruan hausnartzeko bidea ireki didana, hain zuzen; bestea, berriz, betidanik ezagutu dudana. Duela gutxi, Reyes Prados aurkezlea elkarrizketatzeko ohorea izan dut. Sevillarra bera, urtebetean euskara ikasteko gaitasuna izan du, eta nola ikasi, gainera! Aho zabalik gelditzen naiz hizketan hasten den aldiro. Ikaragarria da zerotik hasi eta denbora gutxian halako maila lortu izana. Txikitatik ezagutzen dut hizkuntza, sehaskan ikasitakoa, ama-hizkuntza. Baina badakit ez dela ikasteko erraza; ez du parekotasunik beste ezerekin eta logika oso bestelakoa du gainerako hizkuntzekin alderatuta. Misterioz, salbuespenez eta aditz amaigabez aberastutako zurrunbiloa da euskara, onartzen dut, baina hain da polita, hain da gurea! Izugarrizko poza ematen dit Sevillatik etorritako baten ahoan dabilela entzuteak. Bizitoki aukeratutako herriari zor diozun errespetua dela esan dit Reyesek; erabat ados nago; hemengoek jarrera bera balute, ez ginateke euskararen egoeraz kezkatuta egongo…
Bigarren kasuak ere Sevillara narama, koadrilako bat sevillarra baitugu. Han jaio, hazi eta bizi izan da Maite, baina aita zaldibiarra dutenez,  txikitatik hitz egin die euskaraz seme-alabei. Gogoan ditut udako egun haiek, hona etorri eta aitaren ahotik ikasitakoa praktikan jartzeko aprobetxatzen zituen... beti gustatu izan zait zaldibiar  peto-petoaren euskara hori ukitu andaluziarrarekin entzutea, xarma berezia du gure euskalkiak Maiteren ahoan. Haurra nintzenean, ez nintzen konturatzen, agian ez nuelako egunerokotasunetik haragoko hausnarketarik egiten; nahikoa genuen gure lagun sevillarrarekin jolasean aritzea. Alabaina, orain konturatu naiz zenbat miresten dudan Zaldibiatik Sevillara joandako aita horren kemena bere seme-alabei euskara irakasteko.
Seko hunkitzen naute halako kasuek. Miretsi egiten ditut euskaldun berriak, datozen lekutik datozela; euskaraz egiten dute, beraz, euskaldunak dira. Olé!

Aitziber Garmendia