Ingurumena

koalaGainpopulazio arazoak tarteko, ia 700 koala hil dituzte Australian

Australiako hedabideek jakinarazi dutenez, 2013 eta 2014an 686 koala hil zituzten Otway lurmuturrean, Melbourne hiritik hego-mendebaldera 200 kilometrora dagoen eremuan. Victoria estatuaren zati da lurraldea, eta Australiako gainerako lurraldeetan ez bezala, koalak ez dituzte legez babestuta. Victoria estatuko Gobernuaren aginduz hil zituzten koalak. Gainera, ekologisten eta australiarren kritikak saiheste aldera, isilpean burutu zuten kanpaina. Hedabideek orain ezagutarazi dute gertaturikoa eta, ondorioz, agintariek azalpenak eman behar izan dituzte. Otway lurmuturrean koala gehiegi zeudela argudiatu du Gobernuak; antza, 8.000 koala inguru bizi dira han, 11 ale hektarea bakoitzeko. Hori gehiegizkoa omen da, herrialdeko gainontzeko lurraldeetako batez bestekoa askoz baxuagoa delako: koala bat hektareako. Hots, gehiegi izaki, koala asko gosez hiltzen ari zirelako eta osasun egoera txarrean zeudelako akabatu dituzte. Hori bai, hiltzeko orduan animalien sufrimendua ekidin zutela nabarmendu nahi izan dute: koalak harrapatu, lasaigarriak eman eta ondoren hiltzen zituzten. Jakina, egindakoak kritika ugari piztu ditu, baina erabakiaren aldeko iritziak ere ez dira gutxi izan. Nolanahi ere, agintariek ziurtatu dute aurrerantzean ez dutela antzeko kanpainarik egingo eta, adituen laguntzarekin, bestelako bideak aztertuko dituztela. Ez zuten hori lehenago egiterik, ala?