Erresuma Batua

urtxintxaKatagorri grisari jazarpen gehiagorik ez

Urte askoz katagorri grisaren (Sciurus carolinensis) aurka borrokan aritu ostean, amore eman dute Erresuma Batuko agintariek: aurrerantzean ez dute urtxintxa grisaren kontra egingo. Berez, Erresuma Batuan espezie inbaditzailea da katagorri grisa. XIX. mendean ekarri zuten AEBetatik eta, ordutik, izugarri zabaldu da, bertako katagorri arruntaren (Sciurus vulgaris) kaltetan. Izan ere, lehiakide gogorra baita urtxintxa grisa: katagorri arruntek ez bezala, lurrean topaturiko elikagaiak ere jaten dituzte, eta ezkurrak digeritzeko gai dira. Hori gutxi balitz, urtxintxa arruntentzat hilgarria den birusa ere kutsatzen diete. Hori dela eta, batzuen populazioak gora egin ahala, besteenak nabarmen egin du behera azken hamarraldiotan: azken kalkuluen arabera, 30.000 urtxintxa arrunt inguru bizi dira Erresuma Batuan, eta ia 3 milioi katagorri gris. Egoera horri aurre egin nahian, aspaldi hasi ziren neurriak hartzen agintari britainiarrak. Hala,1937an onarturiko lege baten ondorioz, britainiar oro urtxintxa grisen presentzia salatzera behartuta dago, euren lurretan halakorik ikusiz gero. Era berean, beste zenbait legeren arabera, harrapaturiko katagorri grisak askatzen dituztenek isunak eta zigorrak jaso ditzakete. Haatik, neurri horiek guztiek ez dute ezertarako balio izan, urtxintxa grisak ugaritzen jarraitu baitu. Ondorioz, haien kontrako borroka ez dela bideragarria erabaki eta bertan behera utzi dute agintariek.