Osasuna

kafeaEgunero hiruzpalau kafe hartzeak bihotzekoak saihesteko balio dezake

Kafeak osasunean eragin ditzaken onura zein kalteei buruzko albisteak nahiko ohikoak izaten dira. Zenbait ikerketek kaltegarria dela diote, beste hainbatek, aldiz, osasungarria dela. Gakoa neurrian dagoela diotenak ere ez dira gutxi. Hain zuzen ere, Heart aldizkarian argitaraturiko ikerketa batek halaxe dio: bihotzekoak saihesteko lagungarria izan daiteke egunean hiru edo lau kafe hartzea. Seulgo (Hego Korea) Kangbuk Samsung ospitaleko ikerlari talde batek egin du ikerketa. Ikerlarien arabera, egunero kafea neurrian hartuz gero, arteriosklerosia izateko arriskua murritz daiteke, arterietan kaltzio gutxiago pilatzen delako. Hain juxtu, besteren artean kaltzio pilaketa jotzen da arteriosklerosiaren eragiletzat. Ikerketa egiteko, Hego Koreako 25.000 lagunen datuak baliatu dituzte. 21 urteko batez besteko adina zuten, eta gaixotasun kardiobaskularren sintomarik ez. Ikertzaileen arabera, egunean hiruzpalau kafe hartzen zituztenen artean, arterietako kaltzio ratioa baxuagoa zen, kafe gu­txiago hartzen zutenen artean baino. Zehazki, egunean kafe bat eta hiru bitartean hartzen zutenena baino % 10 gutxiago, eta bakarra hartzen zutenena baino ia % 20 gutxiago. Nolanahi ere, ikertzaileen iritziz, emaitzak tentuz hartu behar dira. Batetik, ikerketa gehiago eta sakonagoak egin behar direlako. Bestetik, Hego Korean egin dutelako. Beste hainbat herrialderekin alderatuz gero, Hego Koreako elikadura ohiturak ezberdinak dira. Hortaz, datuok ezin dira estrapolatu, ikerketaren egileen aburuz.