Historia

museoaNaziak Bidasoa eskualdean izan zirenekoa argazkitan ikusgai

70 urte beteko dira aurten II. Mundu Gerra amaitu zela. Hori dela eta, Nazien presentzia Bidasoan izeneko erakusketa paratu dute Donostiako Aieteko Kultur Etxean, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak antolatu du erakusketa, eta Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariak apailatutako ehun bat irudi batzen ditu. 1940az geroztik Ipar Euskal Herriaren zatirik gehientsuena okupatu zuen armadaren jarduna ikus daiteke argazkietan: okupatzaile alemaniarren eguneroko bizitza, nazien presentzia Bidasoaren alde bietan, agintari frankistekin izandako harreman adiskidetsua, aliatuen lehorreratzearen beldur euskal kostaldea gotortzeko egindako lanak... Irudi bitxi eta esanguratsuak ditu erakusketak, hala nola, Gestapoko buru  Heinrich Himmlerrek Donostia bisitatu zuenekoa. Halaber, erresistentzia mugimenduari ere leku egiten dio erakusketak; esaterako, Comète sareari. Alemaniaren menpeko lurraldeetatik euren jatorrizko herrialdeetara itzultzeko, muga zeharkatzen laguntzen zien sareak hegazkin pilotu aliatuei. Hain zuzen, sare horrek eginiko lana ezagutzeko beste erakusketa bat ere bada ikusgai Donostian bertan, San Telmo museoan: Comète, ihesbide sarea. San Telmo museokoa maiatzaren 31ra arte egongo da ikusgai; Nazien presentzia Bidasoan erakusketa, aldiz, ekainaren 7ra arte.