Hego Korea

korearrakAdulterioak delitu izateari utzi dio

Ezkontidearekin ez besterekin harremanak dituzten hego korearrek ez dute zigorrik jasoko. Izan ere, Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi duenez, aurrerantzean adulterioa ez da delitu izango. Zehazki, Hego Koreako Kode Penalaren 241. artikulua konstituzioaren aurkakoa dela erabaki du aipatu auzitegiak. Ezkon-nahastea gertatuz gero, ezkonlagun desleialek eta amoranteek bi urtera arteko kartzela zigorrak jasotzen zituzten artikulu horren arabera. Hortaz, orain,  adulterioa legezkoa bilakatu da. Epaien ebazpenaren arabera, artikuluak norbanakoen pribatutasun eskubidea urratzen du, baita norbanakoek euren sexu-bikotea aukeratzeko duten eskubidea ere. Ageriko eskubide urraketa dirudien arren, Hego Korean oso gai eztabaidatua izan da: 1990etik 2008ra, Auzitegi Konstituzionalak lau aldiz jorratu izan du gaia, eta lauretan ukatu du legearen abolizioa. Zigortutakoen datuak ere oso esanguratsuak dira: 1985etik egundaino, 53.000 hego korear inguru salatu zituzten adulterioa burutzeagatik, eta bi heren zigortuak izan ziren. Hori bai, azken urteotan zigorrak apaldu egin ziren. Hala, 2008tik aurrera jasotako 5.466 salaketetan, % 0,4 baino ez zituzten atxilotu. Norbanakoen askatasunak bermatzeko orduan, aurrerapausoa izan da ebazpena, eta, bestelako datuek erakutsi dutenez, baita ekonomia arloan ere. Hala, erabakia jakin eta gutxira, Hego Koreako preserbatibo ekoizle handienaren akzioek % 15 egin zuten gora.