EHE

‘Euskaraz Bizi Eguna’ egingo dute Otxandion

Euskaraz bizitzeko izan, egin eta ekin beharra aldarrikatuko dute apirilaren 18an Otxandion, Euskal Herrian Euskaraz taldeak seigarren urtez antolaturiko Euskaraz Bizi Egunean. Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera leloa edukiko du oinarri egunak eta, ongi azaltzen duen moduan, euskararen aldeko jarrera aktiboa izateko deia zabalduko dute; geldi egon barik, egin eta ekiteko beharra azpimarratu, alegia. Horretarako, ekitaldiz beteriko egitaraua izango da egun osoan. EHEk Otxandioko hainbat eragilerekin batera atondu du egitaraua, eta aldarrirako ez ezik, dibertimendurako tartea ere utzi diote egunari. Hala, besteak beste, mendi-irteera, kantu-poteoa, haurren txokoa, harri-jasotze erakustaldia eta herri bazkaria izango dira. Arratsaldean, aldiz, euskaraz bizitzeko hautua erreibindikatzeko ekitaldia eginen da. Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuak emango dio amaiera aurtengo Euskaraz Bizi Egunari.