Euskal Selekzioak

esaitESAITek agur esan du 20 urteko jardunaren ostean

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak amaitutzat jo du ia 20 urteko ibilbidea. Haatik, ESAITek adierazi du bere desagerpenak ez dakarrela ofizialtasunaren dinamikaren etena, “esparruan lanean ari diren eragile guztien arteko sinbiosia eta elkarlana lortzearren hartutako erabakia” izan delako. Halaber, ESAITek dei egin die jendarteko eragileei ofizialtasunaren alde indarrak batzeko eta Euskal Herria beste egoera batera  eramango duen mugimendua eraikitzeko. ESAIT 1996an sortu zen, hainbat kirol arlotan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrika­tzeko eta nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defenda­tzeko. Ordutik, taldearen ibilbidearen lorpenak “begi bistakoak” izan dira: “Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen ofizialak izateko gure selekzioen eskubidea. Barneraturik dute euskal kirolarien eskubidea  euskal herritar bezala aritzeko; eta Euskal Herriko kirol egituren beharra, alegia, Federazio Nazionalak izatearena, barneraturiko gogoeta da kirol esparruan”.