Sopelan, pezetiagatik durorik ez

esaerakApirileko azken zapatuan, hilaren 25ean, jokatuko da Esaera Zaharren Txapelketa. Sopelako AEK-k antolatzen duen lehiaketak 22 urte beteko ditu aurten. Jakina den moduan, ekitaldiaren oinarria da bertsoak eta atsotitzak elkartzea, eta, bide batez, primeran pasatzea.
Ohi bezala, bi saio izango ditu aurtengoak ere: lehen fasea (kanporaketak) goizean izango da, herrian zehar; bigarrena (finalerdiak eta finala), Sopelako frontoian, herri-bazkariaren ostean. Bertsoak, goizean, Algortako Bertso Eskolarenak izango dira; aldiz,  arratsaldekoak, Nerea Ibarzabal eta Aitor Sarriegi bertsolariek botako dituzte.
Txapelketan 2-4 kideko taldeek har dezakete parte, eta xedea da entzundako bertsoak zein esaerari dagozkion asmatzea. Atsotitzak 100eko zerrenda batean daude bilduta (www.aek.eus), partaideek aurretiaz ikas ditzaten, txapelketan ezin izango baita esaeren zerrenda eskuragarri izan. Atsotitz horietako bat, haatik, ez da benetakoa. Esaera “berri” hori identifikatzen dutenen artean sariren bat zozketatuko da; edonola ere, esaera hori besteak bezalaxe erabiliko da txapelketan. Hau da, erantzuna ematean, ezin izango dira esaerak edozein modutara esan: zerrenda “ofizialean” agertzen diren era berean, hitzez hitz, adierazi beharko da atsotitz bakoitza, epaileak on­tzat emango badu.
Txapelketan parte hartu ahal izateko, apirilaren 20a baino lehen eman behar da izena. Horrek 10 euro balio du taldeko, eta bazkariak 20 euro laguneko. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, deitu telefonoz (663050918 / 695774015), edo bidali mezua posta elektronikoz: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.