Den-denaz ezin daiteke barre egin

axpiAinara Azpiazu Aduriz Axpi
Ilustratzaile eta komikigilea

Komikiak, zintak, liburuetako ilustrazioak, horma-irudiak, afixak... Euskarri eta esparru ugaritan ilustrazioak egiten ditu Axpik, Igeldon bizi den hernaniarrak. Soziologia ikasketak egin zituen, soziolinguistika lanak egin ere bai, baina “irudiekin jolasteko” gogoari jarraituta Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta ikasketak sakondu Italian. Besteak beste, H28 euskarazko aldizkari satirikoan parte hartzen du. http://ainaraxpi.blogspot.com.es/ blogean jarrai daiteke bere lana.

H28. Beharrezkoa zen halako aldizkaria Euskal Herrian?
Erabat, nik uste. Charlie Hebdoren inguruko gertaerek egin dutena izan da hori bizkortu eta hor zegoen gogo bati nolabaiteko forma eman. Eta eskerrak Asisko, Zaldieroa eta Marko pixka bat menturatu ziren horrelako zerbait proposatzera. Gero, nork bere buruari neurria hartuko dio horren barruan, baina bai, erabat beharrezkoa zen.
Denaz egin daiteke barre?
Niri denak ez dit graziarik egiten, baditut nire mugak. Bestearekiko ere ulertzen dut nork bere mugak edukitzea. Beraz, esango nuke den-denaz ezetz. Tira, muga hori zenbat eta zabalagoa izan, bizitza umorez hartzeko gai zaren eta gauzak serioegi hartzen ez dituzun seinale. Zure buruaz ere badakizula barre egiten erakusten du, gainera. Baina iruditzen zait umorea egiteko erak batzuetan ez direla errespetuzkoak, edo badagoela batzuetan mespretxurik umorea egiteko joko edo jolasean. Muga horiek zaindu egin behar dira. Beste batzuek esango lukete dena dela irrigarria, eta hori errespetatu egiten dut.
Zein umore motarekin zabiltza erosoen?
Konturatzen naiz asko koldartzen naizela zerbait publikatu behar dudanean. Bi beldur dauzkat: ez ulertua izatearena eta iraingarria izatearena. Horregatik, batzuetan, iruditzen zait nire burua gehiegi autozentsuratzen dudala. Alde horretatik, gustatuko litzaidake neure buruarekiko muga hori gehiago zabaltzea eta ohi baino pixka bat urrutirago joatea.
Zintak egiteko zer lagungarriago, Soziologia ikasketak edo Arte Ederretakoak?
Kalera kafea hartzera ateratzea. Soziologiak betaurreko batzuk eman dizkit, eta hori oso ongi dago.
Ilustraziotik bizitzerik badago?
Bai, baina lan asko egin behar da. Sei urte daramatzat autonomo, eta hasieratik oso garbi neukan ipuinak ilustratzetik bakarrik bizi nahi banuen, seguruenik ezingo nintzela bizi nire etxean eta ezingo nituela faktura guztiak ordaindu. Izan ere, emari handia behar da. Lan eskari handia izan behar duzu. Horregatik ere erabaki nuen hastapenetatik esparruak zabaltzea, horrek dakarrenarekin. Zure burua mugatzen baduzu, hobeto egiten duzu, hori egia da.
Komikigunearen sorrera, euskarazko komiki liburu gehixeagoren argitalpena... Zerbait aldatzen ari da?
Oso pixkanaka, baina uste dut baietz. Oso poliki joan arren, jendea ere errazago hurbiltzen ari da komikietara. Hori da nire irudipena. Oso-oso motel, agian, baina euskarazko komikia aurrera doalakoan nago.
Igeldo, herria ala auzoa?
Herria. Sinesten ez duena etor dadila ikustera, eta gero kontatuko du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Pozik esnatzeak.
Eta tristatu? Bakarregi sentitzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok... Maite dudan jendeak.
Eta negarra? Maite dudan jendeak.
Zerk haserrarazten zaitu? Hitza eman eta ez betetzeak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Eman nahi dudana baino gehiago eskatzeak.
Bizio bat: Kafea.
Marrazkilari bat: Hiru. Bere buruari dion fideltasunagatik, Elena Odriozola; kolorea, akuarelak erabiltzeko eta paisaiak egiteko erarengatik, Brecht Evens; eta gauzak kontatzeko inteligentzia eta freskuragatik, Camille Jourdy.

Eñaut Mitxelena