Bidelariak eta bidelagunak adiskide

Gaur egun, 150 herrik baino gehiagok bultzatzen dute mintzapraktika programaren bat. Astero-astero biltzen diren mintza edo berbataldeetan, sei mila lagun inguru mugitzen dira. Asko aldatu da egoera duela zortzi urtetik hona, garai hartan 15 mintzapraktika programa baino ez baitzegoen Euskal Herri osoan. AEK-k 2005-06 ikasturtean erabaki zuen Praktika Zerbitzua abian jartzea. Harrezkero, mintzapraktika sustatzeko egitasmo berri ugari jarri ditu martxan: Egingo al dugu? Gasteizen, Iriki Atia Donostian, Zilegi eskolak, Gurasolagun, Hiketalagun... Denak dira mintzapraktika programak, baina ezagunenak, dudarik gabe, mintzalagun, berbalagun eta mintzakideak dira. AEKrekin batera, dena den, beste eragile batzuk ere ari dira lanean: euskara elkarteak, udaletako euskara zerbitzuak, beste euskaltegi batzuk, guraso elkarteak... Izan ere, elkarlana dago egitasmo hauen oinarrian. Eñaut Mitxelena,  Ivan Santamaria, M. Egimendi.

testi

“Hitz egiteko orduan, Mintzalagun taldean sentitzen naiz erosoen”
Duela lau urtetik, Azkoitiko Mintzalagun egitasmoan bidelari da Lurdes Alboniga 64 urteko bilbotarra. Aspaldi hasi zen euskara ikasten, baina bizitzaren joan-etorriak tarteko, duela gutxira arte ezin izan dio ikaste prozesuari modu jarraian ekin. 27 urte daramatza Azkoitian bizitzen, eta 6 urte AEKn ikasle. “Oso eroso sentitzen naiz mintzalagunekin” dio.

Asteartero, arratsaldeko 19:00etan, Azkoitiko Zurt tabernan biltzen dira Alboniga eta bere mintzalagun taldeko gainerako kideak. Berez, ordubeteko bilkurak izan beharko lukete, “baina gu denbora gehiagoz egoten gara. Atzo bertan, 21:00 edo 21:30era arte izan ginen. Zinemaz, Mexikoz eta ez dakit zenbat gairi buruz hitz egin genuen. Denetarik!”. Mintzalagun talde gehiago badira Azkoitian, eta bakoitzak nahi duen moduan antolatzen du bere jarduna. "Nire lagun baten taldean, adibidez, mendira joaten dira noizean behin, edo museoren batera...”. Lau lagun dira Albonigaren taldean, eta mingaina patxada ederrean astintzea lehenesten dute. “Gustura egoten garelako horrela, hitz egiten. Beno, beharbada, zailtasunak dauzkagu bestelako planak egiteko. Kideetako batek alaba txikia dauka eta... halere, nahiko bagenu, egingo genuke”. Gainera,  urte osoan badute bestelako jarduerez gozatzeko aukera, Azkoitiko Mintzalagun programak talde guztientzako hainbat ekintza antolatzen dituelako: txangoak, tailerrak...
Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko ez zuen askorik behar izan Albonigak. Euskaltegikoek proposatu eta “beno, nik beti baietz!”. Esperientzia ona dela dio: “Hitz egiteko orduan, Mintzalagun taldean senti­tzen naiz erosoen”. Solte jarduten dira solasean. Akatsak egin arren, “elkarri ulertzen diogu”. Azkoitia herri euskalduna da, baina Albonigak aitortu duenez, “hemengo jendeari ulertzea kosta egiten zait. Bertokoek eta euskaldun zaharrek pentsatzen dute testuinguru euskaldun batean biziz gero, erraza dela ikastea, aise ulertu behar dugula esaten digutena. Baina ez da hala. Ez dakit nola esan... Ez da zaila, baina erraza ere ez. Niri lasaiago eta polikiago hitz egin behar zait. Gainera, zenbaitetan, nahiz eta ni euskaraz hizketan hasi, gaztelaniaz jarraitzen dute nirekin hizketan ari direnek, orain dela gutxi arte gaztelaniaz hitz egin izan dugulako”. Hitanoa ere asko erabiltzen dute azkoitiarrek, “eta hori harrapatzea ere oso zaila da”. Halere, ezinezkorik ez du ikusten Albonigak. “Pazientzia eta ohitura kontua da. Igual euskaldun zaharrek ulerkorragoak izan beharko lukete. Baina pixkanaka-pixkanaka...”. Albonigak arazorik ez du, behintzat: “Zerbait ulertzen ez dudanean, ez zait inporta 'Ez dizut ulertu' esatea. Ni jada zaharra naizelako, baina agian beste pertsona batzuei, edo lotsatiagoak direnei, kosta egiten zaie hori esatea”.
Hizketan trebatzeko, lotsa galtzea eta gogoa izatea ezinbestekotzat jotzen ditu Albonigak. Horiek eta mintzatzea. “Bestelako misteriorik ez dago askatzeko eta erraztasun gehiagoz hitz egiteko. Nahiz eta gaizki egin, hitz egin eta kito!”. Mintzalagun denetik bere hizketa hobetu duela nabari du. “Hori bera esaten didate mintzalagunek: asko aurreratu dudala. Azpeitiko euskaltegian ibili nintzenean (Azkoitiko AEKn ibili aurretik, Azpeitira joaten zen), gramatika asko ikasi genuen. Oso irakasle ona genuen. Baina ez nintzen ausartzen hitz egiten. Gutxiago egiten genuen”. Orain, ordea, asko aurreratu du alor horretan. Hala, Lurdesen esanetan, mintzalaguna izatea “oso lagungarria” da. “Orain gu biok ari garen moduan, solasaldi normalak izaten ditugu. Noizean behin, bidegilagunak zuzenketaren bat edo beste egiten digu; beste batzuetan, aldiz, ez. Hizketaldia gehiegitan moztuko baligu, agian ez litzateke ona izango. Garrantzitsuena komunikazioa da”. Alboniga “eroso” sentitzen da min­tzalagunekin, lagun giroan. Gauza asko eman dizkio egitasmoan parte hartzeak: “Hitz egiteko aukera, hizketan erraztasuna hartzea, jendea ezagutzea eta lagunak egitea...”. Horrenbestez, etorkizunean ere min­tzakide izateko asmoa du: “Oraindik badut zer ikasi, beraz, bai, jarraituko dut”.
Berak izandako hobekuntzaren jakitun, zalantza izpirik gabe zabaldu du gonbitea: “Jende askori gomendatuko nioke min­tzalagunean izena ematea. Adibidez, lehendik euskaltegian nirekin ibilitakoei. Euskaltegira joateko astirik ez badute ere, eman dezatela izena, euskara praktikatzeko eta ikasitakoa ez galtzeko. Askotan, euskaltegian ibili eta ikasteari uzten badiozu, ikasitako hori praktikatzeko ez duzu ezer egiten. Euskararekin lotura hori ez apurtzeko aproposa da mintzalagun egitasmoa”. Are gehiago, azken mandatua utzi du: “Zuk ongi azaldu zer nahi dudan: jendea euskaltegira joatera eta mintzalagun egitasmoan parte hartzera bultzatu, oso ona da-eta! A! Eskerrak eman nahi dizkiet bidelagunei, egiten duten ahaleginagatik”.

cid

“Dena oso natural ateratzen da; azken finean, lagun taldea gara”
Mitzakide taldea osatu dute Altsasun haurrak ikasteko sasoian dituzten gurasoen artean euskarazko komunikazioa sustatzeko asmoz. Bego Cid bidelaguna da talde horretan.

Sakanako eskualdean, duela hainbat urte jarri zituen martxan  AEK-k lehen Mintzakide programak. Helburua beti izan da euskararen erabilera bultzatzea. Ez dira soilik euskaltegian ikasten ari diren per­tsonentzat. Euskaraz aritzeko aitzakia bat eskaini nahi diete euskaraz mintzatu nahi duten herritarrei, halako egituren bidez. Euskaldunak elkartzea dute xede, azken finean.
Azken urtean, gurasoek osatutako taldea sortu da herrian. Ikastolako eta eskola publikoko gurasoei begirako eskaintza da. “Gurasoak elkartzeko gune bat da, harreman horiek euskaraz egiteko aukera izan dezaten. Euskaraz bizi ahal izateko toki bat” azaldu du Bego Cidek. Bidelagun gisa parte hartzen ari da Cid egitasmoan. Euskaraz bazekien Cidek, baina berari ere balio izan dio taldeak aspaldi ikasitakoa freskatu eta praktikara eramateko.

Eskaintzak oso harrera ona izan du herritarren artean. Hogei lagunek eman zuten izena hasieratik. Bi taldetan banatzeko aukera ere aztertu zuten, baina, partaideek eskatuta, talde zabala eratzea onetsi zuten. Ostiralero elkartzen dira, goizez. Eguraldiak laguntzen ez duenean, kafetegi batean bil­tzen dira. Alabaina, aurrera begira bestelako ekintzak eta txangoak ere prestatuko dituzte. “Badugu gogoa Albaola faktoriara bisita bat antolatzeko, baina eguraldiak ez digu lagundu”.

Euskararen alde egiteko giro “oso ona” sortu dela azpimarratu du Cidek. “Maila ezberdinak daude, bai, baina partaideek asko laguntzen diote elkarri. Nik ez dut askorik egin behar, egia esan, beraien artean konpontzen dira”. Saioek ere ez dute prestaketa berezirik behar. “Edozertaz aritzen gara, bizitzaz, nor bere kontuez. Dena oso natural ateratzen da; azken finean, lagun taldea gara”. Gehienak haurrak eskolan edo ikastolan dituzten amak dira, adin ezberdinetakoak.

Sakana osoko ikasleak Altsasuko euskaltegian biltzen dira. Bailarako herri handiena da Altsasu, 7.000 biztanlerekin. Gaur egun, 140 ikasle daude. Ikasketa horiekin batera, Mintzakide programak zabaltzeari ekin dio AEK-k azken urteotan. Talde horretatik aparte, beste bi daude Altsasun, bi Irurtzunen eta bana Olaztin eta Etxarrin.

Gurasolagun programa bera ere laster hedatzeko prestatzen ari dira. Hain zuzen ere, hamabi gurasoko talde bat abiaraziko da Irurtzunen. Kasu horretan, taldearen asmoa da asteburuetan txangoak antola­tzea, haurrekin batera. Umeekin batera egiteko ekintzak ere bultzatu nahi dituzte Altsasun, azpimarratu du Cidek. “Eskola ezberdinetako haurrak elkartzea ona litzateke, ikus dezaten euskaraz bizi daitekeela, posible dela. Gurasoak erakusle izan daitezen horretan”.

Menperatzen ez den hizkuntza batean hitz egiteari zaion beldurra uxatzeko zubi lana egitea ere bada programaren helburua. Zalantzati daudenei mezu argia eman die Bego Cidek. “Jendearen beldur handiena hitz egiten hastea da. Horretarako gaude gu, besteei laguntza emateko. Oso lasai sentitu behar dute; dena den, giroa oso lagun artekoa denez, ez da ezer teknikoa”. Altsasuko esperientzian parte har­tzen ari direnak “animatuta eta gogotsu ikusten ditu.

Euskarari lotutako ekintzak ez dira faltan sumatu Sakanan, Korrika igaro dela baliatuta. Mingaina dantzan jartzeko aukera ere eskaini dute, martxoaren 26an eskualdeko lehen Mintzodromoa egin baitute,   Altsasun bertan.

edorta

Argazkia: Aitor Argote

“Bidelagunek ematen dutena baino askoz gehiago jasotzen dute”
Edorta Lopez (Ortuella, 1970) da AEKren Praktikatu mintzapraktika egitasmoen koordinatzailea. Bera arduratzen da, Leire Montekatine lankidearekin batera, hainbat eta hainbat herritako proiektuak garatzeaz, horietan dabiltzan dinamizatzaileei lagun­tza eskainita.

Lopezek ziur adierazten du egitasmo hauen hazkundearen lehen arrazoia euskararen erabilera bultzatzeko premia izan dela: “Sustatzaileentzat hori izan da lehen arrazoia. Administrazioak ere jabetu dira horretaz, eta lekua egin diete normalizazio plangintzetan mintzapraktika programei. Askotan deitzen digute galdezka ea zer egin dezaketen ikasitakoa erabiltzen ez duen jendearekin, ikasitako hori ez dezan ahaztu. Edota zerbait eskatzen digute, beraien herrian euskararen ezagutza oso handia izan arren, kalean ez delako entzuten”.

Dena den, badira egitasmo hauetara horrenbeste lagun lotzeko bestelako motiboak, “batez ere, parte-hartzaileen motibazioak”. Horiek bi multzotan banatzen dira: “Batetik, bidelariak daude, euskararen bidean dabiltzanak: euskara ikasleak, ikaste prozesua amaitu ez zuten ikasle ohiak, euskara hobetu nahi dutenak... Bestetik, bidelagunak, euskaraz ondo dakitenak, laguntzera hurbil­tzen direnak. Batzuen eta besteen motibazioak askotarikoak dira: euskaraz hobeto egitea, lagunekin edo familiartean sarriago erabil­tzea, lagun berriak egitea, azterketa gaindi­tzea, euskaraz egiteko aukerak areagotzea, euskaraz bizitzea...”.
Egitasmo hauetan parte hartzea dohainik da, bai bidelarientzat, bai bidelagunen­tzat, “konpromisoa besterik ez zaie eskatzen: puntualtasuna, asistentzia, errespetua...”. Nola finantzatzen dira orduan egitasmoak horrenbeste ekintza antolatzeko? Lopezek azaldu duenez, “horretan herri administrazioek laguntzen dute, guztiek jotzen dutelako arloa ezinbestekotzat. Koordinazio eta aktibatze horren atzean, lan profesionala egiten duen taldea dago, eta dinamizatzaile bana herri guztietan”.
Esan daiteke, hortaz, bidelagunak “oparitu” egiten diola bere denbora egitasmoari? Lopezen ustez, “arrazoi nagusia euskararekiko atxikimendua” da. Ez deritzo oso egokia “opari” kontzeptuari: “Balorazioetan jasotako emaitzen arabera, bidelagunek ematen dutena baino askoz gehiago jaso­tzen dute, adibidez, euskarazko harreman sareak indartuta, lagun eta eskaintza berriak eraginda, herrian euskara gehiago en­tzunda...”.
Dena den, leku batzuetan egitasmoen hazkundeak arazoak sortu ditu bidelagunak aurkitzeko, haien kopurua ez delako igotzen bidelariak bezainbeste: “Arazorik handiena hirietan eta erdara nagusi den guneetan dugu, horietan gehiago kostatzen baitzaigu bidelagunak topatzea. Gainera, parte-har­tzaile askok ez dute beraien burua euskalduntzat hartzen eta, maila polita izan arren, ez dute bidelagun papera hartu nahi”. Halere, ez zaio inori aparteko ezer eskatzen bidelaguna izateko, “euskara maitatzea eta sentimendu hori transmititzeko guraria baino ez. Hortik abiatuta, astean ordubete beste lagun batzuekin konpartitzeko gogoa badauka, lekua izango du mintzapraktika programetan”. ­