Astebururo herrian jendetza biltzen dela-eta, nola daramazue txotx garaia?

ikamika

Txotx denboraldian, jende mordoa joan ohi da Hernani eta Astigarragara, bertako sagardotegiez gozatzera. Plan erakargarria da; nori ez zaio gustatzen sagardo berria eta mokadu gozoak dastatzea? Gainera, azken urteotan ekimen ugari paratu dute martxan sagardogile eta erakundeek mundu hori hobeto ezagutzeko: museoak, bisita gidatuak... Nolanahi ere, sagardotegietako parranda Hernani eta Astigarragara luzatu ohi da ondoren. Jakina, ekarpen ekonomikoa garrantzitsua da bi herrientzat, baina arazoak ere sortzen dira: astebururo kaleak jendez gainezka, zalaparta ordu txikitan, begirune barik jokatzen duen jendea, mozkorrak, zikinkeria... Zer iruditzen zaizue txotx denboraldian horrenbesteko jendetza biltzea astebururo?  Hernaniko goizeko EGA taldea

1. Marina

Hernanin, gazteentzako giro aproposa sortzen da asteburuetan. Sagardogileek eta herritarrek etekinak ateratzen dituzte, beraz, herriarentzat aberasgarria da. Baina, zenbaitetan, herritarrek pairatzen dute okerrena: istiluak, kale-zurrutak...

2. Ander

Txotx garaiak alde onak eta txarrak ditu; herrian giro ona sortzen da eta tabernetarako ekarpenak nabarmen egiten du gora. Bestalde, ez dut begi onez ikusten bazter guztietan txiza egitea, izan ere, plazan komun publikoak jartzen dituzte.                       

3. Maialen

Egia da arazo ugari sor­tzen dituela txotx denboraldiak gure herrian. Batez ere, tabernen inguruan bizi diren hernaniarrek pairatzen dituzte auzi horiek. Hala ere, jasangarria dela deritzot, ekarkinak izaten baitira.

4. Dani

Alde batetik, giro polita sor­tzen da. Koadrila asko biltzen gara denboraldiaz gozatzeko, baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik ezer errespetatu. Halere, kontziente izan behar dugu bizilagunak ere badaudela eta kaleak ez direla zakarrontzia.

 

5. Amaiur

Ondo iruditzen zait, baina ondo legoke herriko gauzak bere horretan uztea eta jendea errespetatzea; ondo pasa daiteke istilurik sortu gabe. Abantailak ere baditu, lan eskaintzak egoten baitira. Bakoitzak bere aldetik jarriko balu, denok egongo ginateke pozik.

6. Adats

Nire esperientziatik eta kanpotik ikusita, arazoa da. Herria zarataz, zikinkeriaz, istiluz eta kontrolik gabeko jendetzaz betetzen da. Sagardogileentzat nahiz tabernentzat primerako aukera da, baina, nire ustez, ez du merezi herriak halako egoera pairatzea.

7. Marian

Gustuko dut denboraldia, baina asko aldatu da gazteagoa nintzenetik. Orain, jende gehiegi elkar­tzen da, eta, batzuentzat hainbat onura ekarri arren, beste batzuek kaleko zikinkeriak eta iskanbilak besterik ez dute jasaten.

8. Monica

Denboraldia herrirako ekarpen ekonomiko garrantzitsua da. Alde horretatik, jendea erakartzeko antolatzen diren ekimenak oso interesgarriak dira. Halere, denon ardura da sortzen diren arazoak herritarrek ez pairatzea eta denok disfrutatzea festaz.