Pediatrak liburuak errezetatzen ditu

bularretik

Haur txikientzako ipuinak, poemak, kantak, hitz-jokoak… etxetik kanpoko eremuren batekin lotzekotan, aurrena bururatzen zaigun tokia eskola edota liburutegia da; nekez otuko zaigu osasun zentroa. Irakurzaletasuna sustatzeko Bularretik Mintzora egitasmoak, ordea, Osakidetzako pediatria zerbitzura zabaldu du bere lan esparrua, etorkizunean haurra irakurtzera bultza dezaketen materialak haren osasunerako onuragarriak direlakoan. Hala, urte honen hasieran Iurretako osasun zentroan abiatu da egitasmoa. Dena den, lehenagokoa, eta lehenengoa, da Bilboko La Peña-Abusu auzoko osasun zentroko esperientzia. M. Egimendi.

Galtzagorri Elkarteak bultzatzen du Bularretik Mintzora egitasmoa. Oihane Etxegibel koordinatzaileak dioenez, proiektua osasun esparruan landu nahi dute, “irakurketa ohiturak onak izan daitezkeelako haurraren garapen integralerako; hortaz, ohitura horiek ia jaiotzarekin batera sustatzearen aldekoak gara”. Adituak dioenez, “irakurketa parteka­tzeak eragina du haurraren garapen fisikoan, psikikoan eta intelektualean; horregatik txertatu behar da ahalik eta azkarren ohitura hau, modu naturalean, haren bizimoduan”. “Komunikazio une lasaiak aberasteko baliabiderik egokienak eskaintzen dizkigu haur literaturak” dio Etxegibelek. “Haurraren emozioak eta sentimenduak elikatzeaz gain, kezkak eta urduritasunak azaleratzen lagun­tzen dio, hainbat kasutan haurraren garapen orekatuaren giltza bilakatzeraino”.
Proiektua ezagutzen 2012an hasi arren, La Peña-Abusuko osasun zentroko pediatria zerbitzuak 2014ko urtarrilean jarri zuen martxan egitasmoa, emakume haurdunekin eta haurrekin. Osasungintzako profesionalak dira, umea haziz doan heinean, bere ongizate orokorrari eusteko aholkuak ematen dituztenak, haurraren garapen orokor osasuntsua lortzeko. Etxegibelen iritziz, hortaz, “loaren erritmoa nola bideratu, elikaduran zein pauso eman, motrizitate askea bultzatu eta hainbat iradokizun egiten badituzte, zergatik ez zabaldu familiartean gozatzeko hitz-jolas, sehaska kanta eta antzeko ohiturak? Izan ere, horiek eragin positiboa dute umearen garapen emozionalean eta intelektualean, eta lotura afektiboa indartzen dute haren eta gurasoen artean”. Hala, medikuntzako profesionalek adierazten dutenez, “egitasmoko adituek markatutako bidea jarraitzen dugu”. “Beraiek azaldu digute programa honek zer-nolako onurak dituen, eta eurek laguntzen digute” diote osasun zentroko emaginak, pediatrak eta erizainak. “Elkarrengandik ikasten dugu, gurea izan delako lehenengo osasun zentroa egitasmoa gauzatzen”.
Abusuko pediatria zerbitzuko profesionalak prestakuntza saioen bidez egin ziren Bularretik Mintzora egitasmoaren oinarri teoriko-praktikoen jabe, eta gurasoei aholkuak transmititzen jakiteko oharrak ere jaso zituzten. Pediatriako protokoloaren baitako derrigorrezko bisitaldietan egiten da jarraipena: irakurketa ohiturak jasotzeaz gain, bidean aurrera egiteko laguntasuna eskaintzen zaie gurasoei, baita espresuki sortutako irakurketa errezetak eman ere. Errezetok adinaren arabera banatuta daude:  0-6, 6-12, 12-18, 18-24 eta 24-36 hilabeteko haurrentzat.
Bizpahiru urteko ibilbidea
Ama izango denak emaginaren kontsultan izaten du egitasmoaren berri, haurdunaldiaren 24. astean-edo. Hark azaltzen dio zenbaterainoko garrantzia duen jaio gabeko haurrari hitz egiteak, ipuintxoak kontatzeak, nola kontatu ipuin horiek, zein kadentziarekin… “Horri esker, amak haurrarekiko lotura sendotuko du” dio Gloria Gutiérrez de Terán emaginak. Garai horretako errezetaz gain, ipuin, poema, abesti eta hitz-jokoz osatutako CDa eta liburuxka jasotzen ditu opari haurdunak. “Egunero horretarako 10-15 minutuko tartea hartzea eta ohitura bihurtzea aholkatzen zaie. Finean, amek naturaltasunez egiten duten zerbait sistematizatzean datza”, Gutierrez de Teránen ustez. Berak azaltzen die, halaber, proiektuak jarraipena izango duela, lehenengo pediatrarekin eta ondoren eskolan eta liburutegian.
Behin umea jaiota, pediatrak hartzen du egitasmoarekin jarraitzeko ardura: “Hilabete betetzen duenean hasten gara, etxean gauzak pixka bat lasaitzen direnean, lehenengo asteak oso estresagarriak izaten direlako” dio Jaime Fernandez zentroko zuzendari eta erizainak. Derrigorrezko bisitaldietan, garai bakoitzari egokitutako gomendioak ematen zaizkie gurasoei errezeten bidez: une bakoitzean haurrak zer-nolako gaitasunak dauzkan, nola hasten den ahotsak bereizten, nola komunikatzen den inguruarekin, nola ezagutzen duen bere gorputza, zer ulertzen duen, nola ikasten duen ondo ahoskatzen, nola ikasten dituen berbak… Prozesu horretan lagun diezaieketen kanten, ipuinen, poemen eta hitz-jokoen berri emateaz gain, gurasoei auzoko liburutegira jotzea gomendatzen zaie, han aurki ditzaketen liburu lagungarrien bila.
Nekane Arana pediatraren esanetan, gurasoek “naturaltasunez” jarraitzen dute prozesua: “Emaginarekin ezagutu dutenez, badakite zer den, eta ipuinak kontatzearen edo kantatzearen errituala barneratua izaten dute. Gure eginkizuna garai bakoitzeko errezeta ematean eta jarraipena egitean datza. Lehen sei hiletan, esaterako, haurraren eta gurasoen arteko komunikazioa sendotuko duten jolasei, laztanei, masajeei eta kili-kiliei lagunduko dieten kantuak proposatzen dira. 6 eta 12 hil bitartean, haurra esertzen hasten denean, begira diezaiela liburuei gurasoekin batera. 12-18 hileko tartean, berriz, ahozko jolasak eta kantuak gomendatzen dira, umeari ondo ahoskatzen irakasteko. Komeni da egunero isiltasun une batzuk sortzea etxean, liburuei begiratu, haurrari ipuinak kontatu eta kanta­tzeko. Azken batean, haurrekin betidanik egin ohi diren gauzak dira, baina kasu honetan gurasoek badakite, haurrarekin jolasteaz gain, jolas eta kantu horiek badutela haurraren ikaskuntza prozesuan eragiteko xedea”. Pediatria zerbi­tzuko kideen ustez, “egitasmoa bultzatu duten adituek oso lan ona eta interesgarria egin dute material hau sortuta”.
Irakurtzearen onurak
Egitasmoari esker, liburuak ezagutzen eta gertuko sentitzen irakasten zaio haurrari, eta, egunero 10-15 minutu eskainita, ohitura bihurtzen da berarentzat liburuei begiratzea. Etxegibelen esanetan, “ez da gure asmoa, inolaz ere, haurra lehenbailehen irakurtzen hastea, baizik eta, heldua bitartekari duelarik, haur literaturaren edukiez gozatzea, kalitatezko testuak hizpide”. Dena den, proiektuaren azken helburua irakurzaletasuna bultzatzea bada ere, Arana pediatraren iritziz, “jaio baino lehen haurrarekin hitz egiten duten gurasoak edo bi hilabete dituenean lasaitzeko ipuintxo bat kontatzen diotenak, umearekiko lotura indartzen ari dira. Azken batean, osasun kontua da haurra ondo zaintzea, familia giro atsegina sortzea edota haurrarekin sor daitezkeen zailtasunei aurre egiten jakitea”. Gurasoek oso ondo hartzen omen dute egitasmoa: “Badago astirik ez duela esaten dizun baten bat, baina, oro har, interesatzen zaie eta motibatu egiten ditu berez egingo luketen zerbait egiteko”.
Azken batean, Jaime Fernandezen ustez, “mundu guztiak daki irakurtzen duen jendeak abantailak dituela ikasketetan. Beste gauza bat da konstantzia: hor egiten dugu huts batzuetan. Umeekin edo umeei irakur­tzea guraso askok egiten dute, baina egitasmoa harago doa, ohitura sortzeko eguneroko tartetxo bat eskatzen baitu”.
Gaur egun, 0 eta 2 urte bitarteko 268 umerekin ari dira lanean La Peña-Abusuko osasun zentroan. Proiektuan sartu ziren aurrenekoak urte eta erdirako bidean dira orain, goizegi ondorioak ateratzeko. Dena dela, zentroko itxaron gelan ipuinez beteta dagoen altzariak ere argi erakusten du bertaratzen diren haurrek pozik baliatzen dituztela liburuxkak, guztiz eskukatuta baitaude. Iurretan, berriz, aurtengo urtarrilean hasi dira. Dagoeneko dozenatik gora haur dabil murgilduta egitasmoan. Etorkizunean ikusiko dira, beraz, Bularretik Mintzora programaren ondorioak.

Liburutegia, osasun zentroa eta eskola elkarlanean
La Peña-Abusuko osasun zentroak aspaldikoa du auzoko liburutegiarekiko lotura. Garai batean, anbulatorioan bertan izan zuten irakurketa gune bat: liburutegitik bidaltzen zizkieten katalogotik kanpo geratutako liburuak edota hondatu samar zeudenak. Hala, osasun zentrokoek liburutegiaren arduradun Gotzone Butronen bidez ezagutu zuten Bularretik Mintzora egitasmoa: “Interesgarria iruditu zitzaigunez, Galtzagorri Elkarteko Itziar Zubizarreta etorri zitzaigun proiektua azaltzera, eta, zuzendaritzak aurrera egiteko baimena eman zigunean, Zubizarretak berak eskaini zizkigun prestakuntza saioak”.
Gurasoen esku jartzen diren kantak, hitz-jokoak, ipuinak… euskaraz daude, baina auzoan oraindik heldu askok ez dakitenez, errezetak elebidunak dira. Haatik, euskaraz ez dakiten gurasoentzat ere oso baliagarria omen da materiala, euskarazko kantak ikasteko. “Guraso askok ez jakin arren, auzoko umeek eskolan euskaraz egingo dute; beraz, lagungarria da eurentzat egitasmoa euskaraz garatzea” dio Fernandezek.