Herriko gazta, herriko ardiekin

 

 

 

ardiak

Haizea baretu egin da Nafarroako mendialdean. Orain dela zazpi urte, Erronkari jatorriko gazta egin ahal izateko, kanpoko ardi arrazak sartzea ahalbidetzen zuen araudia jarri zen martxan. Proposamenak hautsak harrotu zituen, artzainek ez baitzuten begi onez hartu; izan ere, beren esanetan, artzain askoren etorkizuna kinka larrian jartzen zuen, ezin zirelako ustiapen intentsibo handiekin lehiatu. 2014ko abenduan, ordea, Europak bertan behera utzi zuen araudia. Horrenbestez, Erronkari jatorriko gazta bertako ardien esnearekin baino ezingo da egin, rasa eta latxa arrazakoenarekin, hain zuzen ere. Hona hemen artzaingintza tradizionalaren alde borrokatu direnen kronika. Arkaitz Almortza. Argazkia: Amaia Zabalo.

Argi-izpiak ikusi dituzte azkenean. Izan ere, 2008an hodei beltzak nagusitu ziren Nafarroako larreetan, eta mendietako artaldeak aurrera egin ezinik geratu ziren. Urte hartan, Erronkari Gaztaren Jatorri Deituraren Batzorde Arautzailean gehiengoa osatzen zuten taldeek (nekazarien UAGN sindikatua eta industria gasnagilea) ukuiluko ateak ireki zizkieten kanpotik ekarritako ardi arraza intentsiboei, Erronkari jatorriko gazta egin ahal izateko. An­tza, assaf eta lacaune ardiek esne asko ekoizten dute, eta, hala, argudiatu zuten urtean 400.000 litro sortzetik 800.000 litro sortzera iritsiko zirela. Azkenean, 2008ko otsai­laren 4an abiatu zuten araudi berria.
Erabakiak, ordea, ez zuen artzain gehienen oniritzia jaso (% 90 kontra agertu zen). EHNE-Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak (garai hartan gutxiengoa zen batzorde arautzailean) uko egin zion neurriari. Josune Gorriti sindikatuko kideak zera dio: “Haien apustua kantitatea izan da, ez kalitatea. Guk, berriz, beti egin dugu gure produktuen kalitatearen alde, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure gazta bertako ardiekin ekoiztea”.
Hamaika ezaugarri ditu jatorri deiturak; hain zuzen,  horiek guztiek bilakatzen dute berezia produktua. Artzainen lan egiteko modua da horietako bat. Nabarmentzen dutenez, Nafarroako mendialdeko artzainek naturarekin bat egiten dute. “Horrek ematen dizkio gaztari kalitatea eta ospea. Gainera, gaztaren merkatua oso zabala denez, jatorri deiturarekin bereizi behar gara merkatuan” azpimarratu du Gorritik. Iritzi berekoa da Orbaizetako Olako Patxi Zabal­tza. Orotara, 24 urte daramatza artzain Aezkoako mendietan eta bertoko ardiarekin egiten du behar, latxa arrazarekin, alegia. Zera dio: "Niri, bisitatzen ditudan lekuetan, bertako produktuak dastatzea gustatzen zait. Izan ere, lurralde bakoitzak  bere berezitasunak ditu, eta horiek islatzen dira eskain­tzen dituen produktuetan, hau da, horiexek bereizten dituzte gainerakoetatik”. 
Urte gogorrak izan dira
Arrain handia arrain txikia irenstear egon da. Hobeto esanda, otsoa ardia jatekotan. EHNE sindikatuak azaldu legez, 2008ko araudiak ataka gaiztoan utziko zuen ustiapen txikien geroa. “Oso etorkizun iluna izango zuten ar­tzain askok. Kanpoko arrazek esne asko produzitzen dutenez, ziurrenik esnearen prezioa jaitsi egingo zen eta, ondorioz, ardi latxarekin dabiltzan artzain anitz ezingo ziren ustiapen handiekin lehiatu” dio Zabal­tzak.   
Alta, artzaingintza tradizionalaren alde eta bertako ardien etorkizun beltzari buelta emateko, artzainak eta EHNE sindikatua buru-belarri hasi ziren lanean, “jasandako erasoei” aurre egin nahian. Bien bitartean, 2009an, Elikagai-Merkatuen eta Industria Zuzendaritza Orokorrak batzar arautzailearen ebazpena onartu zuen,  Erronkari jatorriko gazta lau arrazaren esnearekin egiteko aukera babestuta. Urte hartan bertan, baina, Europako Batzordeak esan zuen ez zuela ebazpena onartuko, ardi arraza horiek ez zutelako inolako loturarik zonaldearekin. Hura izan zen hodei beltzen artean agerturiko lehen eguzki-izpia, txikia bezain itxaropentsua. Haatik, ukuiluko atea arraza berriei zabaldu zizkietenak negoziazio prozesuan hasi ziren Europarekin 2012an. Ondorioz, beste araudi bat jarri zuten martxan: lacaune arraza baztertu eta assaf arrazaren esne kopurua % 35era jaistea proposatu zuten.
Handik gutxira, areagotu egin zen kanpoko arrazei atea ixteko indarra. 2013an, esaterako, Nafarroako Parlamentuko oposizioko alderdiek (PPN salbu) eskaera egin zioten Nafarroako Gobernuari araudia bertan behera utz zezan, artzainei sortzen zizkien kalte sozioekonomikoak argudio. Beste urrats bat izan zen, garrantzitsua, dudarik gabe.  Tenore horretan, Erronkari Jatorri Deituraren Batzorde Arautzailea berritzeko hauteskundeak burutu ziren 2013an, eta industria gasnagileak (Enaquesa, Aldanondo) eta UAGN sindikatuak hautagaitzarik aurkeztu ez zutenez, EHNE sindikatuak eskuratu zuen gehiengo osoa. Ostarteak zabaldu ziren mendialdeko zeruan.
Artzain askoren amets gaiztoa izan zena amaitzeko zorian zegoen. Batzorde Arautzaile berriak bertan behera utzi zuen moldaketa 2014ko ekainean eta, epe laburrean, Nafarroako Gobernuak Espainiako Ministerioari eskatu zion Bruselak aginduriko ebazpenari ipinitako helegitea bertan behera uzteko. Espainiako Gobernuak amore eman zuen eta 2014ko abenduaren 22an amaitu zen zazpi urteko borroka. Haizeak baretu egin ziren.
Horiek horrela, Erronkari jatorri deiturako gazta tokian tokiko ardien esnearekin eginen da aurrerantzean. EHNE sindikatuko kide Josune Gorritiren hitzetan, jatorri deiturak landaguneak eta bertako ekonomia garatzeko tresna egokiak dira. Ildo beretik, Orbaizetako artzain Patxi Zabaltzaren aburuz, “herri txikien etorkizuna bermatu nahi badugu, lan egiteko modua ere babestu beharra dago, bereizezinak direlako”. Beraz, guztion esku dago geurea babesten jarrai­tzea.