“Proiektu honetan, crowdfunding ez, auzolanfunding egin da”

mb

Bi ahots, gitarra parea eta 16 kanta Arrainentzako Himnoak diskoan. Sekreturik gabeko ia 3 urteko bidea Interneten, arrainentzakohimnoak.org-n: nahi izan duen orok jakin du nola garatu den egitasmoa, eta edonork egin ahal izan ditu ekarpenak. Morau ta Beñardok kasik 30 emanaldi eskaini dituzte. Badauzkate oraindik beste batzuk aurretik, baina hasiak dira amaieran pentsatzen. Hortaz, bizi izandakoa kontatzeko eskatu diegu Andoni Tolosari (Hernani, 1963) eta Beñardo Goietxeri (Zugarramurdi, 1969). M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Blogean The End jarri zenuten martxoaren hasieran...
Morau: Bai, baina jendea probokatzeko izan da... pixka bat beldurtzeko!
Beñardo: Edo pozteko! Kalaka emateari utziko diogu, kar-kar!
Ezohiko proiektuari, ezohiko amaiera?
M.: Hori da asmoa. Kasu honetan, emaitza baino, bidea izan da garrantzitsuena. Hasieratik izan da oso prozesu emankor eta berezia. Orduan, amaiera ere halakoa merezi du. Egitasmo honen mamietako bat zen kantuen prozesua erakustea, hortaz, amaitzeko, kantuekin lotutako zerbait egin beharko dugu, prozesua erabat borobiltzeko.
Noiz izan daiteke hori?
B.: Ideologoak erran beharko du... (Morauri begira). Ni ez naiz blogean egunero sartzen, bera da kalakari nagusia. Abendua izan liteke data, juxtu urtea beteko baita diskoa argitaratu genuenetik, pixka bat gehiago zuzenean jotzen hasi ginenetik. Hori izaten da goitik-behetik disko baten ibilbidea, gero sormen prozesuak berak zirikatzen zaitu aldatzera.
Bete dira duela bi urte zenituzten aurreikuspenak?
M.: Nireak, behintzat, gainditu egin ditugu, nahiko luze, gainera, ez nuen espero halako harrerarik; dena den, hori egitasmoaren ezaugarriekin lotuta dagoen sentsazioa dut.
B.: Aitzineko diskoekin izandako esperientzia oinarri, nabari da aldea. Arreta handiagoa eskaini digute hedabideek, eta jendeak ere beste modu bateko kitzikadura sentitu du, beharbada diskoaren formatua aldatu delako, biluziago...
M.: Jende askok galdetu dit, eta poztekoa da neurri batean, ea non egon den Morau azken hamar urteotan. Alegia, lan hau hasiera-hasierako diskoarekin lotzen da.
B.: Proiektu honek nabarmenago utzi du, ziur aski, kantautore sena.
M.: Eta aurreko diskoekin alderatuta, kantuak landuago daude, dezente borobildu ditugu. Itzuli asko eman dizkiegu, elkarrekin, bakoitzak bere aldetik, emanaldietan...
Non egon da “txikitasunetik txikitasunera” sortutako egitasmo honen arrakastaren gakoa?
M.: Hain zuzen ere, txikitasunetik abiatu eta helmuga txikitasuna izatean, sekulako aurreikuspenik sortu ez eta sekulako motoa ez saltzean. Halaber, zintzotasunez jokatzean, hots, dena kontatuko duzula esanez gero, kontatu egin behar da. Horrela lortu dugu, nire ustez, jendeak proiektu honi beste begi batzuez begiratzea.
B.: Xumetasunean, gure muga musikal eta teknikoen jabeago izatean, gauza onak eta txarrak (batez ere) umorerik galdu gabe erakusteko ausardian...
Txikia izateak askatasun handiagoa ematen du?
M.: Bai, argi eta garbi. Guk geuk kudeaturiko proiektua izan da hasiera-hasieratik eta horrek sekulako askatasuna eman digu: geuk markatu ditugu epeak, gure erritmoaren arabera moldatu dugu lana, gauzak sortu ahala egin ditugu... Norabidea aldatu nahi bagenuen, alda genezakeen, ez baikeneukan ez inolako presarik, ez presiorik.
B.: Grabazioa egin genuenean, beharbada, kantu guztiak ez zeuden erabat biribilduta, baina tira, betiko aitzakia da, dena ezin baita izan perfektua, hori onartu beharra dago.
M.: Nik asko disfrutatu dut. Normalean, beti sufritu izan dut diskoa grabatzen, eta kantuak egitea asko kostatzen zait. Baina kasu honetan, lan handia eginda ere, inoiz baino gehiago ari gara gozatzen. Hori transmititu egin dugu, neurri batean.
B.: Lagun arteko kontua delako.
Txikitasun horrek badu zerikusirik, musikaz gain, beste lanbide bat edukitzearekin?
M.: Bai, azken finean musika lanbide baduzu, ziur asko morrontza handiagoak dituzu, bai industriarekin, bai publikoarekin. Guri, musikatik ezin bizi izanak, edo bizi nahi ez izanak, edo dena delakoak, aukera eman digu nahi duguna askoz ere libreago egiteko. Gauza horiek baloratu egin behar dira. Musika lanbide bihurtu nahi badugu, ikusi egin behar horrek zer-nolako mendekotasunak ekarriko dizkigun. Askotan entzuten da euskal musikarien gaitzetako bat dela musikatik bizitzeko ezintasuna... Ados, baina jakin dezagun aprobetxatzen horrek dakartzan abantailak, gutxi izan arren.
Euskara irakasleak zarete biok ere. Jar­tzen dizkiezue zuen kantak ikasleei?
B.: Kar-kar! Nik ez, baina azaltzen diet zertan nabilen eta euren kabuz ikusten dute. Batzuk jarraitzaileagoak dira beste batzuk baino, baina ez dut nire kanturik erabili eskolan. Kalaka ematen aritzen naiz, beraz, neure burua agertzen den beste txoko bat erakustea ez zait atsegina egiten, ez naiz eroso sentitzen. Lotsa galdua dut dagoeneko, baina pixka bat ematen dit, lotsa sanoa. Morauren bat edo bertze jarri dut. Hori errazagoa da, bera delako kantuen sortzailea eta hitzen egile nagusia. Ni laguntzailea naiz...
M.: Blogean dena kontatzeko, lotsa apur bat irentsi behar izan dugu, baina nire kantu bat ikasleekin lantzeak erreparoa ematen dit, ez dut sekula egin.
Kantuak etengabe aldatzeko asmoa izan duzue hasieratik, jendearen ekarpenak aintzat hartuta. Asko aldatu dira?
M.: Bitxia da: batzuk, izugarri; beste ba­tzuk, ia batere ez.
B.: Asko aldatu direnen kasuan, nahiz eta hezurdura nagusiari eutsi, agian izan da ehundu gabe zeudelako. Gainera, kantuak berdinegi ez egiten ere ahalegindu gara. Erritmo eta forma aldetik aldatzeko nahi horrek ere eman digu lan pixka bat.
M.: Kantu batzuk asko kostatu zaizkigu. Batzuetan izaten duzu kantu bat egina dagoen sentsazioa, baina beste batzuetan bueltaka jarduten duzu, ezinean. Nik sortu nituen, baina Beñardorekin beste izaera bat hartu dute.
Garapen horrek izango du inoiz amaierarik?
M.: Ez, kantu bat berez oso irekia da eta beti hobe daiteke. Gainera, publiko egiten denean, ihes egiten du gure eskuetatik, orduan ez da inorena. Norbait txistuka badoa goizean, gure kantu bat jotzen, bere egin du. Hori izugarri polita da.
B.: Beharbada, horretan, badu zerikusia musikazale eta bertsiozale amorratuak garela. Geure kantuen bertsioak egitea ere maite dugu, eta segitzen dugu gozatzen.
Ez dira izan jendetzaren aurrean kanta­tzeko abestiak. Zer-nolako komunikazioa lortu duzue entzuleekin?
M.: Leku txikiek hurbiltasunaren abantaila dute, edozein komentario entzuteko aukera dago. Oso natural jokatzen dugu agertoki gainean, ikuslea ikuskizunean nolabait integratzeko.
B.: Hurbiletik sentitzen da jendearen gozamena, txaloak... Jende hori gu ikustera etorri da, kantuak maite ditu eta, gozatzen ari dela ikusiz gero, geuk ere gozatu egiten dugu.
M.: Gainera, tabernak eremu irristakorrak dira musikariontzat... Hemen ez dago tabernetan kontzertuak entzuteko ohiturarik. Musikaria da tabernan lekuz kanpo dagoena, ez edanean dabilen jendea. Beraz, entzulea geureganatu beharra dago, ofizio hori tabernetan ikasten da.
Proiektuaren izaera parte-hartzaileak eragina izan du zuzenekoetan?
M.: Bai, lehen gure musika bakarrik ezagutzen zuten batzuek orain proiektu honetan parte hartu eta aurrez aurre ezagutu dugu. Pertsona horiek gero emanaldietan agertzen dira eta konplizitate handia suma­tzen da, oso gauza bitxia da. Blogean ere denen izenak eta ekarpenak agertu dira, zirkulua ixtea bezala da.
Musikaren industria, orain arte ezagutu dugun bezala, desagertzear dago?
B.: Ez, segituko du. Formatu berri iraultzailerik ez dago, biniloa berriz indartzen hasi da... Modak ere izaten dira tartean, baina musikak beharko du eskuetan hartzeko zerbait, oroigarritarako bertzerik ez bada ere.
M.: Musikariek beti beharko dituzte managerrak, ekipoa, teknikoak... Industriak jarraituko du, nahiz eta orain ez jakin nola atera sosak egoera berritik. Lehen negozioaren diru iturriak diskoen salmenta eta kontzertuak ziren. Horiek huts egiten badute, negoziorik ezean, industriarik ez! Halere, asmatuko dute, noski. Hori bai, musikariok planteatu beharko genuke zer-nolako industria nahi dugun, nola saldu nahi dugun gure musika, kontua ez baita guk kantuak egin eta beste norbaitek saltzea. Guretzat lan handiagoa izango da, baina askoz ere emankorragoa.
B.: Halere, negozioa beti negozio.
Autoekoizpenaren gorakada, hedapen bide berriak... Premiak eraginda sortu dira ala teknologia berriei esker?
M.: Bi arrazoiengatik. Bazegoen horretarako premia, autoekoizpena oso aukera ona da hizkuntza gutxituentzat, publiko jakin batengana jotzen duzulako. Teknologia berriek azkartu egin dute aukera hori. Orain, sortzaileok inoiz baino bitarteko gehiago ditugu egiten duguna garatu, landu eta zabaltzeko, inoiz baino bitartekari gutxiagorekin. Hori izugarria da!
B.: Horrela, produktu etxekoagoak atera­tzen ari dira, etxeko sukaldekoak.
Zuek deskargatzen duzue musika doan Internetetik?
M.: Bai! Lehen diskoa erosten bazenuen, kopia piloa egiten zenuen lagun guztientzat!
B.: Baina jatorria lagunaren diskoa zen; orain, Interneten dago dena eta anitzetan ez dugu ordaintzen. Lehen, disko bakarra, bederen, erosten zen.
M.: Bai; halere, elkarbanatu gabe musika ez da ezer... Zergatik saldu behar da musika?
B.: Ezagutza da, maite duzun hori konpartitzea, erosia izan ez arren. Horrez gain, badugu bertze arazo bat: Morauri eta bioi ez zaigu sosa inoiz ailegatuko gure musikazaletasuna berdintzeko! Lehen erosten genuen, baina...
M.: Ez bagenu hainbeste disko erosiko, aberatsak izango ginateke, biok!
Ukitu berezia eman diote lanari Mattinen marrazkiek. Zenbat denbora “engaina” daitezke lagunak horrelakoetarako?
M.: Kar-kar! Lagunak behin eta berriro “engainatu” ditugu. Pazientzia handikoak dira!
B.: Lagun eskuzabalak, bai, bihotz handikoak dira Morauren lagunak!
M.: Baina, aldi berean, beraiek ere partaide sentitu dira. Badago, aukera emanez gero, ekarpenak egiteko prest dagoen jendea, baina musikariok askotan itxi egiten ditugu ateak: oholtzara igo eta kito!
B.: Crowdfunding ez, hemen auzolanfunding egin da, kar-kar!
“Ez dago komunikabideetan ateratzeko edozer egiten duen musikaria baino gauza tristeagorik; beno bai, badago... goseak hildako musikaria”. Morauk blogean idatzia. Aukeratu behar izatekotan?
M.: Ez dakit, baina edozer egitea, ezta pentsatu ere! Azken urteotako joera da musikaria ez agertzea egiten duena erakusten, baizik eta solasaldietan iritzia ematen, tontoarena egiten, lehiaketetako epaimahaikide... Musikariok jarri behar ditugu mugak: zertarako gauden prest eta zertarako ez.
B.: Goseak hilez gero, ez genuke deus aterako... Ez dakit gu ote garen egokienak galdera horri erantzuteko, bertze lan batzuetan ari baikara. Euskal Herrian, beste hainbat kulturatan bezala, musikari asko ari dira horrela. Benetan goseak hiltzeko, musikatik bakarrik biziraun behar da, eta horrek eramaten du musikaria hainbat proiektutan parte hartzera, batzuetan gustukoak izan ez arren...
M.: Kontua da musikaren hutsaltze izugarria dagoela. Egun, musika gehiegi entzuten da: autobusean, supermerkatuan, kalean, ginekologoarenean... Edonon daukagu musika, musikariok hutsuneak betetzeko baliabide-edo bihurtu gara. Leku isilak aldarrikatu beharko genituzke.

KOLKOTIK

Arrainak gora, arrainak behera. Zein espezietakoak zarete zuek?
B.: Ni amuarrain pintto gorria.
M.: Ni lehorrekoa, Saharako arrain bat-edo.
Bion artean, nork jotzen du hobeto gitarra?
B.: Gutxigatik, baina neuk!
M.: Bai, berak!
Eta kantatu?
M.: Beñardok!
B.: Bai!
Baduzue arrain-ontzirik etxean?
B.: Nik ez.
M.: Geure etxea da arrainontzia! Autoak ere itxura hori du kontzertuetara joatean garenean.
Gehien maite duzuen himnoa?
B.: Neil Youngen My my, hey hey.
M.: Oraindik idatzi gabeko baten bat.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenuketen albistea?
B.: Maitasuna eta askatasuna zabaldu direla mundu guztian.
M.: Berako musikariek gitarra guztiak entregatu dituztela foralen kuartelean!
Euskaltegian, zer irakasteak ematen dizue nagia?
B.: Gutxi behar den edozein gramatika atal.
M.: Erabat ados.
Irakasteko gairik politena?
B.: Hiztegia, hitz bitxiak, sinonimo galduak... horrelakoak maite ditut.
M.: Ikasleek ikasi duten teoria praktikan jartzeko lanketak diseinatzea gustatzen zait.