Mikel Urdangarin 2015, egitasmo berria

 

 

 

urdangarin

Pasa den urtarrilean bere proiektu berria aurkeztu ondoren, kontzertu birari ekin zion otsailean Mikel Urdangarinek, gitarraren laguntza bakarrarekin. Orain arte, 17 urteko ibilbidean, beti izan ditu lagunak agertoki gainean, baina oraingo egitasmo hau berak bakarrik gauzatu nahi izan du. Urdangarinek berak hartzen du, beraz, emanaldiaren eran­tzukizun osoa jendaurrean. Bestalde, lana osatzeko prozesua ere bestelakoa da,  alderantziz egin nahi baitu, ikusleei kantak sorreran erakutsiz, hau da, bukatu gabe daudenean. Hala, diskoaren grabazioa biraren amaierarako utzi eta konposatu dituen azken kantak aurkeztuko ditu kontzertuetan, jendearen harrera bertatik bertara ikusi ahal izateko. Horixe egingo du, hortaz, hurrengo emanaldi hauetan: apirilaren 10ean, Santur­tzin; 11n, Iruñean; 17an, Lasarte-Orian; 18an, Markina-Xemeinen; 24an, Sopelan; 25ean, Beran. Maiatzean, berriz, Derion 8an, Oiartzunen 9an eta Antsoainen hilaren 15ean.


TRIKIBIZKAIKO TRIKITIXA ELKARTEAK I. Maketa Lehiaketa antolatu du. Txapelketa honen helburu nagusia da bultzada ematea trikitixa zein pandero talde berri eta beteranoei; gainera, gazte taldeak ezagutzera eman eta pixkanaka-pixkanaka musika mundura plazara daitezen nahi dute. Parte-hartzaileek ekainaren 30era bitarteko epea izango dute euren piezak e-mailez bidaltzeko Bizkaiko Trikitixa Elkartera. Saria hauxe izango da: Iurretako Txirula musika dendan gastatzeko 500 euroko txartela eta aurtengo azaroan Getxon ospatuko den Nazioarteko Trikitixa Jaialdian jotzea. Kontuan hartzekoa da Nazioarteko Trikitixa Jaialdian jotzeagatik irabazleak 400 euroko katxeta kobratuko duela. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago jasotzeko: www.bizkaikotrikitixaelkartea.com.

ruperLURREAN ETZANDA
Ruper Ordorika
Elkar, 2014

Kantari oñatiarrak bere barneko korronteari heldu dio berriro, honako lan sakon eta zabal hau argitaratzeko. Hamaika kantu berrik agertzen duten sorkuntza lana ideia sotil bezain sendoaren gainean oinarritzen da: abestiak gizakumearen esperantzaren zerbitzura jartzen ditu egile-kantariak, oroimenaren garrantzia, maitasunaren beroa eta bizitzaren edertasuna azpimarratzeko, musikaren dohain ludikoak erabilita. Dionisio Cañas idazlearen Zerutik gertu ez da ondo egoten izeneko olerkiaren euskarazko egokitzapena izan ezik, beste abesti guztien musikak eta hitzak Ruper Ordorikak berak konposatuak dira.

ossoPARAXUTA
Osso
Autoekoizpena, 2015

Osso bikotea osatzen duten Lekter eta Serge ez dira berriak euskal musikaren eszenan. Euren curriculumean, Kokein, Cobra edota Eraso! taldeak ageri dira, baina oraindik gauza berriak probatzeko ilusioz jarraitzen dute. Disko hau ez da norabide bakarreko lana, moldaera desberdineko kantuek osatzen baitute, beti ere rockaren koordenadetan. Hamar kantuetan, hainbat musika pasarte entzun daitezke. Erritmo aldaketa handiak daude abestien artean; alabaina, badago kantu guztiak lotzen dituen hari fin bat ere.