Zer da hizkuntza bat, erabili ezean?

Ezer ere ez! Gehienez jota, adituentzako altxorra, desagertutako bitxikeria. Zertarako egin, hortaz, erabiliko ez dugun zerbait ikasteko ahalegina? Hizkuntza bat, euskara bera, erabiltzeko ikasten da. Eta erabiltzeko zein erabiliz ikasten da. Horren kontzientzia aspalditik du AEK-k, antzinatik ari da erabileran oinarritutako irakaskuntza eskaintzen. Hala ere, duela urte batzuk beste urrats bat eman zuen norabide horretan, Praktika Jarduerak izeneko saila sortuta. Horren baitan, hainbat eta hainbat egitasmo biltzen dira, eta ezaugarri ezberdinak badituzte ere, guztiek dute helburu euskara baliatzea. Horietako hiru ekarri ditugu orrialde hauetara: Hernaniko Zilegi eskola,  Bilboko Darabilbo egitasmoa eta Aguraingo Berbalaguna. Parte hartzeko eta hizkuntza praktikatzeko modu diferenteak, baina mingaina euskaraz dantzatzeko aukera apartak guztiak. Informazio gehiago, www.praktikatu.org webgunean. Eñaut Mitxelena, Ivan Santamaria, M. Egimendi.

“Zilegi eskolarekin erakusten dugu euskaraz edozer gauza egin daitekeela”

zilegi

Euskalduntze prozesua modu naturalean lantzea du helburu Hernanialdeko AEK-k duela 13 urte abian ipinitako Zilegi eskolak. Horretarako, nork bere gustuko gaiak lantzeko gunea eskaintzen die euskalduntzen ari direnei eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei, saio parte-hartzaile eta dinamikoei esker. Maite Villasante eta Amagoia Etxeberria Hernaniko AEK-ko irakasle eta Zilegi-eskolaren arduradunek aletu dizkigute Zilegiren nondik norakoak.

“Euskaraz bizi nahi duenarentzat da Zilegi eskola. Ikasle eta herritarrak parte-hartzaile izanda, erabileran eragin nahi dugu” azaldu du Villasantek. Erabilera sustatzeko, ordea, ez dute ohiko Mintzapraktika jardunen dinamika bera jarraitzen. “Euskara modu naturalean lantzeko beste modu bat da: euskaraz bizi nahi duenari mota askotako saioak eskaintzen dizkiogu” gehitu du. Hala, ikasle eta herritarren interesetatik abiatuta, denetariko gaiak lantzen dituzte ikasturtean, hilero bizpahiru saio edo ikastaro antolatuta: argazkilaritza, mendi-orientazioa, makrobiotika, sexualitatea, historia... Etxeberriak dioen moduan, “euskara ez da helburua, tresna baizik: gustuko gauzak, interesgarriak iruditzen zaizkigun ikastaroak, egiteko bidea”.
Orotariko gaiak ororentzat, izan euskara ikasle edo euskaldun oso. “Ez dugu bereizketarik egiten”. Ildo horretan, Zilegi eskolako saioak euskaltegitik kanpo egiten saiatzen dira. “Kultur etxeak, elkarteak... erabiltzen ditugu saioetan. Euskaltegiaren babesetik kanpora irteten saiatzen gara. Batetik, ikasleek errealitatea zein den ikus dezaten eta herritarrekin euskaraz harremanetan jar daitezen. Bestetik, herritarrei saioak arrotz ez gertatzeko” dio Villasantek.
Hernaniko AEKn sorturiko hainbat kezka izan ziren eskolaren jarduna piztu zuten txinparta. Etxeberriak dioenez, “uste zuten euskaltegiak, hizkuntzaren transmisore soila izatetik harago, herrian dinamizatzaile izan behar zuela. Era berean, herritarrak euskaltegira gerturatzeko moduak aztertu zituzten, zeren jende askok pentsa baitezake euskaltegia ikasleen eremua baino ez dela”. Herriko hainbat elkarte eta eragilerekin hitz egin ostean, Zilegi sortu zuten.
Ikasle zein euskaldun oso, denak herritar, denak hartu-emanean. Eskolaren leloak berak argi erakusten du hori: Hartu eta eman. Zilegi eskola izenak bezala, ez baita kasualitatez aukeratutako leloa. Urumea bailarako zenbait mendiri deitzen zaie Zilegi mendiak. Garai batean, inguruko herritarrek askatasun osoz ustia zitzaketen mendi horiek, mugarriz zedarritutako sarobe izeneko lur-eremu pribatu batzuk izan ezik. Mendi horietan, herritarrek nahi zutena hartzeko askatasuna zuten, zilegi zen haientzat, eta hortik datorkie izena mendiei. “Zilegi esparru hori izango litzateke eskola hau ere”. Parte-hartze librekoa eta, hartzaile pasibo hutsak izan gabe, herritarrei hartu eta emanez jarduteko aukera eskaintzen diena.
Saioetan denetarik lantzen dute. “Gai batzuk gaurkotasunak markaturikoak izaten dira; beste batzuk, aldiz, ikasle eta herritarrek proposatzen dituzte; eta guk, irakasle garen heinean, ikasleei zer komeni zaien ere aztertzen dugu, ikasleen maila ere kontuan hartu behar delako”. Hartu-eman horretan, hartzailea ere bilaka daiteke gai-emaile: “Ikasleak gairen batean jantzita egonez gero, Zilegin sartzen saiatzen gara. Erakuts dezatela dakiten hori, izan daitezela parte: hartu eta eman”.
Nolanahi ere, Etxeberriak azaldu duenez, “saio guztietan izaten da dinamizatzaile bat, zubi-lana egiteko, eta maila baxuenetako ikasleei zertxobait laguntzeko”. Gainera, ikasleekin aldez aurretik prestatzen dituzte saioak eskoletan: lexikoa, gaia... Izan ere, Zilegiko saioak euskaltegiko euskara eskolen zati dira. “Normalean, saioak eta eskola orduak aldi berean izaten dira. Ez dira derrigorrezkoak, hortaz, saioren batera joan nahi ez dutenek beste talde batean ematen dute ohiko eskola egun horretan” dio Etxeberriak. “Zilegi eskolako saio batera joatea ez da eskola bat galtzea. Ez horixe, beste eskola bat irabazten dutelako” nabarmendu du Villasantek. Azarotik ekainera, hilero bizpahiru saio antolatzen dituzte, bai Hernanin, bai Astigarragan, maila eta ordutegi tarte guztientzat, euskaltegietako talde guztiek parte har dezaten. Gutxi gorabehera, ikasturtean hamabost bat saio izan ohi dira.
Urteotako jardunaren balorazio ona egiten dute Zilegiren arduradunek: “Argi dugu euskara ikasteko beste modu bat dela, eta hori gabe ez dugu euskaltegia bera ere ulertzen. Gainera, AEKren filosofian ere oso ondo barneratzen da. Ez da gramatika ikastea, taulak eta halakoak, baizik eta euskara naturaltasun osoz, inkontzienteki, ikasteko era”. Ikasleek ere “ondo baloratzen dute”. Horren adibide dira datuak: “Aurreko ikasturtean, 300 bat lagunek hartu zuten parte. Eta ikusten da urtetik urtera herritarrak gero eta gehiago etortzen direla”. Finean, erabileran, motibazioan, jakintzan eta herritarren arteko komunikazioan eragiteko ez ezik, hainbat aurreiritzi gainditzeko ere balio baitu: “Euskarak zertarako balio duen eta, aurreiritzi asko izaten dira. Bada, Zilegirekin erakusten dugu euskaraz edozer gauza egin daitekeela”.

 “Honek balio du jakiteko nork hitz egin nahi duen euskaraz”

araia

Arabako Lautadan euskararen erabilera indartzeko ahaleginen parte da Berbalagun programa. Gaur egun, hamar talde daude osatuta: erdiak Agurainen biltzen dira; badira beste hiru talde Araian, eta bi Dulantzin. Talde horietako kide bik, Emiliok eta Ainhoak, eman digute euren esperientziaren berri.

Emiliok 51 urte ditu, eta orain dela hiru urte hasi zen programan parte hartzen. Zera dio: “Hirugarren aldiz hasi naiz AEKn ikasten. Hasi, utzi, berriro hasi... urte ugari eman ditut horrela. Aditzekin nahasten naiz”. Hirugarren urtea da Berbalagunarekin hasi zenetik; astean behin elkartu eta euskaraz aritzeko aukera ematen die. “Geratzen gara kafe bat hartzeko, eta bost/zortzi lagun artean egon ohi gara”.
Saio horietan pertsona bat izaten da euskara trebatu nahi dutenei hizkuntzarekin laguntzeko. Ainhoak 40 urte ditu, eta lehen urtea du eginbehar horretan. Ikastolan ikasi zuen euskaraz, eta beti izan du loturarik euskararen mugimenduarekin: “Berbalagunean sartu nintzen ideia gustatzen zitzaidalako, eta, parte-hartzaile bezala, ikusten dut hortik kanpo ere etekina atera ahal zaiola. Jendea ezagutzeko eta harremanak euskaraz egiteko balio du”.
Ikasgelatik kanpo ere, euskaraz hitz egiteko espazioak sortu nahi ditu programak. “Aukera ematen digu euskaraz aritzeko, baita jakiteko ere nork nahi duen euskaraz aritu” zehaztu du Emiliok. Kalean euskaraz egiteko ohitura falta nabarmendu du. “Zaila da, badakigu zer gertatzen den: koadrilan hiru euskaldun badira eta bat ez, beti amaitzen dugu gaztelaniaz”. Badira euskaltegira joateko denbora falta dutenak ere, baina horiek asteroko saioak baliatzen dituzte erabilera herdoiltzen ez uzteko. Hori bai, Emilioren iritzia da eskolak hartzea ezinbestekoa dela hizkuntza benetan menperatzeko.
Ostiralero biltzen da Ainhoa bere Berbalagun taldearekin. Lagun taldea da: kafea ordubetez luzatu, eta elkarrekin joaten dira haurren bila eskolara. Ez dira aurrez prestatutako saioak. “Taldea bazegoen ni iritsi baino lehen; hurbildu, eta integratu naiz. Edozein konturi buruz aritzen gara: lana, herria, euskara, umeak... edozer izan daiteke”. Pozik dago hilabete hauetan izandako esperientziarekin: “Jendea oso animatuta ikusten dut. Hitz egiteko eta saiatzeko gogo handia du, eta oso pozik joaten gara”.
Aguraingo AEK euskaltegian 60 ikasle daude. Nabaritzen da herrian bertan hizkuntzak izan duen garapena. Jaiotzez Olaztikoa bada ere, ia bi hamarkada daramatza Emiliok herrian. “Herrian gora doa euskal giroa. Betiko aitzakia zen euskaraz ezin zela hitz egin; baina, gaur egun, euskaraz egin nahi baduzu, posible da”. Bilbotik Gasteizera eta Gasteiztik Agurainera joandakoa da Ainhoa. Ikuspuntu horretatik, badu iritzia egoeraz. “Gainontzeko tokiak bezala dago Agurain: euskaldun asko daude, baina ez dago ohitura handirik euskaraz hitz egiteko. Poliki badoa hori aldatzen. Jarrera oso ona da, hori egia da”. Euskal hiztun berri eta zaharren sare hori indartzeko balio behar du Berbalagunak, haren ustez: “Kafe horren inguruan, astero, ordubetez aritzeaz gain, lagungarria da hortik kanpo ere topo egiten dugunean (supermerkatuan, kalean edo tabernan) euskaraz aritzeko eta ohiturak aldatzeko”.

 “Guk ereindako haziak indarra hartu behar du orain”

testiBilboko euskaltegi sareak eta Udalak antolatu dute elkarlanean Darabilbo egitasmoa, Bizkaiko hiriburuan euskararen erabilera sustatzeko. Amaitu berria da aurreneko edizioa, 13-14 ikasturtearen lehen hiruhilekoan gauzatu baitzen. Aitor Argote (Bilbo, 1968) eta Koldo Agirregomezkorta (Mutriku, 1972) AEK-ko kideak ibili ziren koordinatzaile lanetan, eta eurekin egin dugu lehen balorazioa.

 

Trikota, dantza, grabatu eta dastaketa tailerrak, eusLider egitasmoa, bisitaldiak zortzi museotara, Bilbon zeharreko ibilaldi gidatuak oinez eta bizikletaz, Euskolgetan jaiak, Athletic Fundazioarekin ekitaldiak Ibaiganen eta Lezaman, bertso gosari eta askariak... Denak euskaraz, dohainik eta Bilboko zortzi barrutietan sakabanatuta. Bilboko euskaltegi guztietako ikasleentzat eta berbalagunentzat, baina baita euskaldun ororentzat ere. Hori izan da Darabilbo.
Urria eta abendua bitartean, 42 jardueratan hartu zuten parte 650 lagunek (%50, ikasleak; %25, berbalagunak; %25, bestelako euskaldunak). Helburua:Bilbo osoan euskararen erabilera sustatzea, dohainik eta ekintza parte-hartzaileen bidez, komunikazioa bultzatzeko. Halere, barruti bakoitzean auzo bat baino gehiago dagoenez, koordinatzaileei arantzatxoa geratu zaie “barruti guztietara bai, baina auzo guztietara heldu ez garelako”. Hori dute hurrengo erronka, “baldin eta hurrengo ediziorik badago”. Haatik, Agirregomezkortak argi du egitasmoak jarraitu egin behar duela: “Guk ereindako haziak indarra hartu behar du orain”.
Argotek eta Agirregomezkortak ia hiru hilabete behar izan zituzten programa benetan oparoa prestatzeko. Urrian eta azaroan ia egunero egon zen ekitaldiren bat, eta abendurako, Txapelketa Nagusiko finalaren atarirako, utzi ziren bertso gosari eta askariak. Bi baldintza zituen Bilboko Udalak emandako diru-laguntzak: euskararen erabilera sustatzea eta ekitaldiak barruti guztietara zabaltzea. Horretarako, udaltegietako lokalak laga zituen hainbat ekitalditarako. Ikasguek, berriz, ekintza zehatz batzuen ardura hartzeaz gain, akuilu lana egin zuten jendeak parte har zezan. Hala, ekitaldi gehienetan ez zen betetzeko arazorik egon; alderantziz, parte-hartzaile batzuek ia guztietan eman zuten izena, eta tailerrak errepikatu zituztenak ere izan ziren. Koordinatzaileek diotenez, “partaideak oso pozik ibili ziren oro har”, eta askori “labur” ere egin omen zitzaion ekimena.
Izena eman zutenek ez ezik, tailerretan irakasle edota gidari lanetan ibili zirenak ere gustura agertu ei ziren. Koordinatzaileak pozik daude horrelako ekimenetan laguntzeko prest agertu den jende askorekin egin dutelako topo. Guztiek izan zuten aukera egiaztatzeko euskaraz primeran ibil daitekeela euskaltegitik kanpoko leku interesgarri askotan. Esaterako, “gida euskaldunekin egindako museoetako bisitaldiek arrakasta handia izan zuten”.
Etorkizunari begira, bi alde hartu behar omen dira kontuan: “Batetik, Udala eta finantziazioa; bestetik, euskaltegi sarea eta euren inplikazioa. Bakoitzak bere aldetik hartu behar ditu hainbat erabaki, baina elkarrekin ere bai. Momentuz, ez dakigu zer gertatuko den” dio Argotek. Halere, argi dute Darabilboren lehen edizioak izan duen arrakasta ikusita, errepikatu beharreko ekimena dela: “Modu batean edo bestean, honek jarraipena izango du”, Argoteren esanetan. Oso jende jatorra aurkitu dute auzoetan erabileraren inguruko lana egiteko gogoz, “eta hori ezin dugu galdu”. Euren aldetik, prest daude jarduera mota gehiago antolatzeko, “zoramena izan zen arren”. Agirregomezkortak dioenez, “saiatu ginen zaletasun ezberdinak dituen jendearengana heltzen, horregatik antolatu genituen artearekin, kirolarekin, kulturarekin... lotutako ekitaldiak, baina beti dago hobetzeko aukera”. Laguntzaileak ere izango lituzkete, izan ere, “behin ekimena ezagututa, jendea etorri zaigu beste jardun mota batzuk egiteko aukera eskaintzen”. Ea Darabilbo ez den edizio bakar batera mugatzen!