Lainoland

coyoteNiña Coyote eta Chico Tornado
Pozoi Records, 2015

Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak ederto baliatu zuen joan den udazkenean Kalifornian eta Mexikon zehar egindako bira. Hainbat kontzertu emateaz gain, libre gelditu zitzaien egun batean San Frantziskoko Faultline estudioan sartu eta bost abesti grabatu zituzten, orain Pozoi Recordsek Lainoland izenburupean argitaratu dituenak, CD zein binilozko euskarrian. Alde batetik, estudioan bertan mamitutako hiru kantu dira (bi instrumental eta bat euskarazko testuarekin), astunak, pisutsuak, geldoak, herrestan datozen riff zikinen inguruan eraikiak, Black Sabbath eta Kyussen gomuta ekartzen dutenak; abesti baten indarrak abiadura azkarrarekin zerikusirik ez duela frogatzen duten erakustaldi apartak. Horien osagarri, nire ustez disko txiki honen alderik interesgarriena, Jimi Hendrixen Foxy lady eta Dut-en Haize eza kantuen bertsioak, taldearen ezaugarrietara ederto egokitzen direnak.

Gotzon Hermosilla