Mikel Ayllonen estreinako eleberria kalean da

 

 

 

ilustratu

Mikel Ayllon laudioarrak bere lehen nobela argitaratu du: Ez egin tiro anbulantziei (Elkar). Igartza saria irabazi zuen proiektuak 2013an, eta beka horri esker idatzi du liburua. Egileak berak adierazi duenez, “nobelak bizi dugun garai honen inguruko hausnarketa proposatzen du”. Idazlearen esanetan, nobelaren edukia eta zentzua laburbiltzen ditu Antonio Gramsci pentsalari italiarraren ideia batek: “Mundu zaharra hil delarik, eta berria oraindik jaio gabe, argi-ilun horretan sortzen dira munstroak”. Jendarte distopiko batean kokatu du Ayllonek eleberria, ez-leku eta ez-denbora batean. Hor bizi dira Gerard eta Sylvie protagonistak, munstro bihurtzen ari den gizonezko grisa lehena, emakume ekintzailea bigarrena. Atzekoz aurrera dago kontatua istorioa: kartzela eta heriotzatik abiaturik, egoera horretara nola iritsi diren jakingo du irakurleak eleberrian aurrera egin ahala. Horrela, amaierara iristen denean, historiaren hasieran aurkituko da.


gutunzuriaGUTUN ZURIA Jaialdiak VIII. edizioa beteko du aurten Bilbon. Letren nazioarteko ekitaldi hau apirilaren 16tik 25era bitartean gauzatuko da Azkuna Zentroa bataiatu berri duten Alondegian. Eros gogoan lemapean, erotismoak literaturan duen eragina izango du mintzagai. Azkenaurreko eguna, apirilaren 24a, aukeratu dute euskarazko saioetarako. Alde batetik, Edorta Jimenez eta Itxaro Borda idazleen arteko solasaldia gidatuko du Iñaki Mendizabal kazetariak. Horren aurretik, ordea, Udane Goikoetxea kazetariak hainbat poema irakurriko ditu, Mikel Inunziaga Inun abeslariaren musika lagun. Bestetik, Ilargiaren alde erantzian izeneko poesia eta musika errezitaldia, amorez eta umorez sortutako emanaldia, eskainiko dute Pettik eta Joxan Goikoetxea musikariek eta Harkaitz Cano idazleak.

kolpekaTXORIAK KOLPEKA
Bernardo Atxaga
Pamiela, 2014

Bi narraziok eta saiakera labur batek osatzen dute liburua. Lehenengoak Andoniren heriotza ­LSDaren argitan du izena, eta orain dela 800.000 urteko gizaki baten ezbeharra du abiapuntu. Herio­tza du gai nagusi. Bigarrenak, berriz, Pierrek dioena entzuten dut izenekoak, erlezain baten aitortza jaso eta erleen munduaren poesia bereganatzen du. Hirugarrenak, Lawrence Arabiakoa saiakerak, Thomas Edward Lawrence militar ingelesaren irudia aztertzen du, batez ere, haren ospe handiaren arrazoietan sakonduta.

 

 

 

gutunHAIN GUTUN LUZEA
Mariama Bâ
Itzultzailea: Iokin Otaegi
Edo!, 2015

Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat da nobela hau. Afrikako tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Ramatulayeren begiradari eta ahotsari esker, irakurleak hurbiletik biziko du poligamiaren esperientzia, baita Senegalgo errealitatearen beste zenbait ertz ere: kolonizazioa eta deskolonizazioa, familia eta emakumeen eskubideak, hezkuntza eta eguneroko bizimodua…