Ukabilak eta loreak

ukabilakJulen Belamuno
Elkar, 2014

Julen Belamunoren lehen liburuan, gizonezkoek dute ahotsa: besteen azalean muturreraino sartzen denak; haurtzaroko herria eta oroitzapenak bisitatuta galdutako munduaren samina duenak; aitari buruz filma egin nahi eta zer-nola asmatu ezinean dabilenak; onenak emanda dagoen boxeolari oraindik gazteak; funtzionario langile, zorrotz eta temosoegiak; Irlandarako joan-etorrian, berria gozatu eta zaharrari joaten utziko dionak; irudimena zukutzeari utzi ezinik besteen ezbeharretan atsegin hartzen duenak; guztia galdutakoan, ongizatea irabaziko duenak.
Dela narratzailearen ikuspuntutik, dela protagonisten ahotik, sentipen bertsuek blaiĀ­tzen dituzte kontakizunak; sor batzuetan eta nabarmen bestetan. Etsipena, desilusioa, izan zitekeenak baina izatera iritsi ez zenak eragindako arrasto garratza, garai hobeen malenkonia... Barne-bakardadeari egiten dio leku istorio-bilduma honek, norbere sentimenduen eta gatazken behaketari ere bai. Istoriook ez dute elkarren antzik, ezta loturarik ere, ez dute inon bat egiten; halere, nolabait, hari beretik zintzilikaturiko bizipenak ematen dute.
Ulertzeko aparteko zailtasunik gabeko kontakizunak, hizkuntza aldetik, apaindurarik gabeak eta zuzenekoak. Ulertzeko konplikatuak, aldi berean, bat edo bi, besteren larruan sartu eta sentitzen duen oro, sentitzen duen bezala, gure egiteko saiakera egiten dugun bakoitzean lez.
Usoa Alberdi Fernandez