Elaide, euskaldunontzako sare soziala

elaide

Euskal hiztunen eta euskara ikasleen bilgune izateko xedearekin, Elaide.eus euskaldunontzako sare soziala sortu berri dute Nafarroan Euskara Zerbitzua duten hainbat toki entitatek, ­AEKrekin, IKArekin eta Zubiarte Euskaltegi Publikoarekin elkarlanean, eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren zein Mintzakide egitasmoaren laguntzarekin. Auzolanean eta trukean oinarrituta, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkio Elaidek euskara erabili nahi duen orori, dela euskara balia gura dutenak elkarrekin harremanetan jarrita, dela euskara ikasten ari direnentzako harrera-gune eta bidelagun izanda. Horrenbestez, behin sare sozialean izena emanda, aukera ugari izango dituzte Elaideren erabiltzaileek: hitz egiteko eta harremanetarako tokia, planak egiteko agenda, euskarazko baliabideen bilduma, norbanakoen nahiz taldeen proiektuak proposatzeko txokoa, euskara lantzeko atarien bilduma, blogak egiteko guneak, euskarari eta bestelako gaiei buruzko zalantzak argitzeko atalak... Erabil­tzaileek horiek guztiak erabili edota hornitu ahal izango dituzte, baita egitasmoan parte hartzen duten erakunde eta elkarteek ere. Hala, AEKren hainbat baliabide ere topatu ahal izango dira sarean, AIZU!renak barne.


WOWIRUÑERRIKO Euskaldunon Agerkaria ipini dute abian Euskalerria irratiak eta Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak, tokiko informazioa jasotzeko ez ezik, euskal komunitatearen plaza bilaka dadin ere. Hori dela eta, izaera parte hartzailea izango du. Euskal komunitatea saretzeaz eta Iruñerriko albisteak emateaz gain, umoreari ere leku berezia eginen dio agerkari digitalak, horretarako propio sorturiko WOW (“Nafarroa, the wonder of the world”) atalari esker. Bertan, fikziozko albisteen bitartez, begirada umoretsu eta ironikoa eskainiko diote Nafarroako errealitateari. Eduki horiek guztiak www.euskalerriairratia.eus webgunean daude ikusgai eta erabilgarri.

 

 

 

LABURREAN

ANJEL LERTXUNDIREN eta Antton Olariagaren Maria Goikoak batbirulau! haurrentzako liburua oinarri, izen bereko aplikazioa sortu du Galtzagorri Elkarteak haur literaturaz gozatzeko. Liburuaren izaera jostalariari lotua dago aplikazioa, eta jolas eta baliabide ugari eskaintzen ditu: hitz-jokoak, puzzleak, abestiak, memoria-jokoak, bestelako jokoak... Android nahiz iOS sistemetan baliagarria, paperezko liburua edukitzea beharrezkoa da aplikazioa erabiltzeko. Liburua edukita, nahikoa da Galtzagorri elkartearen webgunera (www.galtzagorri.org) joatea aplikazioa eskuratu eta aktibatzeko.

BUSTIAUTOBUS GELTOKIAK ATERPE eta plato moduan baliatuta, Busti web telebista sortu dute Ipar Euskal Herriko hainbat gaztek Kanaldude Herri Telebistaren eta ehKz.eus gazte komunikazio proiektuaren laguntzarekin. Gazteen topaleku izateko xedez, hilean behin emititzen dute saioa, gazteen ekimenei ahotsa emanez. Kanalduderen webgunean (http://www.kanaldude.tv/), ehKz.eus-en edota Bustiren Facebook-eko txokoan ikus daitezke emankizunak.