Sarearen neutraltasuna jokoan

 

 

 

Interneti buruz hitz egitean, gauza asko ematen ditugu egintzat. Sarearen hainbat ezaugarri ‘naturaltzat’ jotzen ditugu aspaldi. Sarritan, ez gara konturatzen Internet asmakizun berri samarra dela, eta oraindik asko alda litekeela denborak aurrera egin ahala. Pentsa zer-nolako aldaketak bizi izan dituzten inprentak, irratiak, telefoniak edo telebistak –Interneten antzeko teknologiak aipa­tzearren- asmatu zirenetik, eta zabalkunde handia lortu arte.
Naturaltzat jotzen ditugun ezaugarri horietako bat, adibidez, sarearen neutraltasuna da: Internet zerbitzua kontratatzen dugunean, linea baino ez dugu ordaintzen, azpiegitura bera, alegia. Dela e-mailak irakurtzeko, dela Youtubeko bideoak ikusteko edo gure blogean idazteko, gure konexioa berbera da, zerbitzua –eta prezioa– ez da aldatzen.
Bada, Internet hornitzaileak, Telefónica, Vodafone eta enparauak, gero eta jarrera oldarkorragoa erakusten ari dira neutraltasun horren aurka. Argudio sinple bat darabilte: edukien enpresek (Google, Facebook, Amazon eta halakoek) diru asko egiten dute sarean, eta irabazi horiek ezinezkoak lirateke hornitzaileek ahalbideturiko azpiegituragatik ez balitz.  Beraz, irabazi horien zati handi bat beraiena da.
Ildo horretatik, AEBetan proposamen zehatzak egin dituzte hornitzaileek. Abiadura (eta prezio) ezberdinetako sareak sortu nahi dituzte: horrela, e-posta kontsultatzeko konexioa kontratatzen duenak aparte ordaindu beharko lioke hornitzaileari Youtuben edo Googlen bertan sartzeko. Ezaugarri ezberdinetako sortak sortu nahi dituzte, sare bidez jaso nahi diren zerbitzuen arabera: e-posta+bilatzaileak, 10 dolar hilean; Amazon+Ebay, beste 5; Youtube+Vimeo, beste 10...
Zorionez, Estatu Batuetako administrazioak duela aste batzuk erabaki du Internet oinarrizko zerbitzutzat jo­tzea, eta, ondorioz, bidea moztu die hornitzaileei halako bereizketak egiteko. Halere, hornitzaileok ez dute amore eman, noski, eta norabide horretan tematuko dira. Europako Batzordeak ere sarearen neutraltasunaren aldeko adierazpena sinatu zuen iaz; hori bai, oraindik ikusteko dago nola eutsiko dioten botere publikoek enpresa pribatu handien presioari.

Loturak, estekak, linkak...

http://zientzia.eus/artikuluak/sarearen-neutraltasunari-erasoak/
Interneten neutraltasuna ulertzeko artikulu argigarria. Zergatik da hain garrantzitsua sareak neutral jarraitzea?

http://www.argia.eus/albistea/interneteko-neutraltasuna-kolokan-aebetan
Neutraltasunaren aurkako azken eraso batzuen berri ematen dute.

http://www.teknopata.eus/2015/03/5819/
Estatu Batuetako administraziotik iritsitako albiste onak.

Joxe Rojas