Bai eta ez, ez eta bai

manifa

D ereduaren aldeko manifestazioa 2013ko abenduan eginikoa.

Azken boladan, lingua navarrorumekin lotutako berri asko iritsi dira Nafarroatik. Batetik, Parlamentuak Euskararen Legearen erreforma onartu berri du. Ondorioz, Nafarroa osoko ikastetxe publiko guztietara hedatuko da haurrek euskaraz ikasteko aukera. Hots, D eredua eremu ez-euskaldunetara zabaltzeko bidea ireki da. Hori bai, taldeak sortzeko gutxieneko ikasle kopurua erabakitzea Gobernuaren esku geratu denez, ikusteko dago nola garatuko den lege aldaketa. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, eremu euskaldunean jaitsiera izan da ezagutzan zein erabileran. Eremu mistoan, euskaraz dakitenen ehunekoa bikoiztu egin da 20 urtean, erabilera oso mantso hazi arren. Azkenik, eremu ez-euskaldunean, erabilera handitzen ari da, baina oso nekez; hori bai, ezagutzaren ehunekoa ia bikoiztu egin da 10 urtean, eskolaren eraginez, neurri handi batean. Bi albisteek gozotik bezainbeste dute gazitik. Agerian uzten dute, enegarrenez, euskarak Nafarroan bizi duen egoera aldrebesa: Gobernuaren babesik ez, ofizialtasun osorik ez eta herritarren ekina hauspo nagusi. Bidea gutxi-asko garbitu izanagatik, bidezidor malkarrean ibiltzera beharturik dira Nafarroako euskal hiztunak oraindik ere. Anartean, hor diraute harri koskorrek.