Kontzientziaren kateak

aitziber

Gauza guztiek dute beren neurria, nire pazientziak ere bai. Whatsapp erabiltzailea naiz: behar-beharrezkoa komunikatzeko erabil­tzen dut batzuetan eta inongo baliorik ez duten tontakeriekin barrez lehertzeko beste zenbaitetan. Baina bada doako mezularitzaren putzu horretan batere gustatzen ez zaidan arrain bat, zerbait egiteko superstizio-betebeharra sorrarazi nahi dizun mezu gogaikarri hori, hain zuzen ere. Badakizue zertaz ari naizen? Ez dakienarentzako adibide bat jarriko dut (normalean gaztelaniaz jasotzen ditut, baina egokiagoa iruditzen zait adibidea euskaraz jartzea): “Mezu hau emakume zoragarri batentzat da, zuretzat. Indar­tsua zarelako, polita kanpotik eta politagoa barrutik, bizitzari jakituriaz eta baikortasunez aurre egiten dakizulako... eta abar eta abar eta abar amaigabearen ondoren, bidali mezu hau beste 37 emakume maitagarriri eta bi egunean zerbait zoragarria gertatuko zaizu. Segi katea! Ez moztu! Pásalo!”. Zeini bururatu zaio emakume zoragarria naizela adierazteko horrelako putakeriak egitea? Esan behar badidazu, esadazu, baina utzi kate gogaikarri horiek alde batera. Gainera, zenbaitetan gorputzaldi txarra uzten didate, eta “badaezpada birbidali egingo dut” pentsatzen dut, honen tuntuna naiz askotan... Baina bidal­tzen hasita ere, non aurkitu 37 emakume zoraaagarri, maitaaaagarri, nahitaezkoak zure bizitzan? Lagunei bidaltzen diet, normalean ni bezain tuntunak direnei, amari, ahizpari, amonak ez dauka whatsappik, “kaka zaharra”, eta lankideren bati. Bidaltzen diedan bakoi­tzean pentsatzen dut “+++barkatu, putakeria bat egiten ari naiz, badakit, baina kontzientziak ere badu bere pisua”. Halere, oraindik 29 per­tsona falta zaizkit, “jode!”. Erabaki bat hartu dut: gehiagorik ez, akabo, ez naiz berriro eroriko kate nekagarri horien betebeharrean, jasotzen dudana jasotzen dudala ere. “Hau osasunaren lorea da, bidali maite duzun 12 pertsonari eta betiko osasuna izango duzu”. Zeinek behar ditu medikuak halako mirarizko mezuekin! Amak beti esan izan dit niri egiterik nahi ez dudana ez egiteko nik besteei, egia galanta.

Aitziber Garmendia