Kulturgintza

Sektorea babesteko neurriak aurkeztu ditu Geuk plataformak

Euskal Herriko kulturgintzaren endekapenari aurre egiteko asmoz, premiazko neurrien egitasmoa aurkeztu du Guk gEUre Kulturaz plataformak. Kulturgintzan diharduten edota harekin harremana duten 300 lagun baino gehiagoren ekarpenak batu dituzte proposamenok egiteko. Denek dute xede euskal kulturgintzak bizi duen “egoera larriari” konponbidea bilatzea. Orotara, hogeita hamarretik gora neurri proposatu dituzte. Hainbat esparruri dagozkie neurriok, eta ia denetan aipatzen dute babes beharra. Hala, babes juridikoa, babes ekonomikoa, sorkuntzaren babesa, ekoizpen eta zerbitzuen babesa, egituraketa eta ikusgarritasuna dira egitasmoan aleturiko esparruak. Plataformako kideen esanetan, “neurri hauek ezinbestekoak dira, kulturak etorkizun egonkor bezain iraunkorra izango badu”. Iazko otsailean eta ekainean Durangon eginiko bilkurak dira orain aurkeztutako neurrien abiapuntu. Kulturgintzaren egoera kaskarraz kezkatuta, kultur ekosistemako orotariko talde, eragile, norbanako eta erakundeak batu ziren, egoera aztertu eta irtenbideak bilatze aldera. Orduan jasotako ekarpenen emaitza dira oraingo proposamen zehatzak. Plataformak jakinarazi duenez, euskal erakunde publikoei aurkeztuko dizkiete, baita kulturgintzarekin lotura duten erakunde eta elkarteei ere. Esaterako, neurriak aurkeztu eta gutxira, Kulturaren Euskal Kontseiluari helarazi zioten testua. http://gukgeurekulturaz.com/  gunean jaso dituzte, banan-banan, neurri guztiak.