Ingurumena

plastikUrtero, zortzi milioi tona plastiko botatzen dira ozeanoetara

Neurtzeko zaila izanik kopuru zehatzik ematen ez duten arren, zientzialariek aspalditik ohartarazi dute munduko ozeanoak plastikoz beterik daudela. Berriki, Georgiako Unibertsitateak eginiko ikerketa batek urtero itsasoetara jaurtitzen den plastiko kopurua neurtu du: zortzi milioi tona. Kostaldea duten 192 herrialdetako hainbat datu hartu dituzte aintzat kalkulua egiteko: plastiko ekoizpenaren datu ofizialak, herrialde bakoitzaren errenta eta hondakinen kudeaketaren datuak. Aurreikuspenak ere egin dituzte, eta ez dira hobeak. Oraingo joerari eutsiz gero, aurten 9 milioi tona plastikok amaituko dute itsasoetan. Kopuruak, gainera, gorantz egingo du urtetik urtera, plastikoak eta hondakinak kudeatzeko baliabideak hobetu ezean. Plastiko kopuruak neurtzeaz gain, gehien kutsatzen duten herrialdeen zerrenda ere osatu dute ikertzaileek. Lehen postuan, Txina paratu dute, hondakinen % 28 botatzen duelakoan. Jarraian datoz, hurrenkera honetan, Indonesia, Filipinak, Vietnam, Sri Lanka, Tailandia, Egipto, Malaysia, Nigeria eta Bangladesh.