Literatura

materraLapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua aurkitu dute

Esteve Materra idazle frantziskotarrak 1617an argitaratutako Doctrina Christiana liburua topatu berri du Aziti Bihia elkarteak, EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hizkuntzalari eta filologo gazteek sorturiko elkarteak. Aurkikuntza garrantzitsua da. Izan ere, euskal obra klasiko garrantzitsuenetan erabiliko zen euskalki literarioari, alegia, lapurtera klasikoari, hasiera eman zion liburu honek. Gainera, euskaraz inprimaturiko lehen liburuetakoa ere bada Materrarena. Argitalpen berantiarragoak ezagutzen diren arren, lehenaren ale guztiak galdutzat eman izan dira urte luzez. Zeharkako aipuen bidez, irakurle eta ikertzaileek jakin bazekiten lehen edizioa 1617koa zela. Halere, Oxforden gordetzen zen beste ale bakar bat edota ondorengo edizio modernoak erabili izan dira orain artean Materraren lana aztertzeko. 1623ko bigarren argitalpen moldatua da Oxfordekoa. Hain zuzen ere, bigarren horren edizio kritikoa prestatzen ari zirela aurkitu dute 1617koa Aziti Bihiakoek. Zehazki, Danimarkako Errege Bibliotekan topatu zuen Dorota Krajewskak elkarteko kideak. Esteve Materraz ez da askorik ezagutzen: ez zen euskalduna, eta Gaskoiniatik Lapurdira bidali zuten, Kontrarreformaren garairik gorenean, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko. Saran egindako urte gutxietan ikasi zuen euskara, eta euskaraz idatzitako doktrinak harrera bikaina izan zuen. Orain,Materraren jatorrizko lana argitaratzeko asmoa dute Aziti Bihiakoek. Gainera, webgune bat sortu dute (https://sites.google.com/site/materraedizioa), testuen transkripzioak, oharrak eta orain arte egindako ikerketak biltzeko. Aurkitu berri duten obraren faksimilea ere paratu dute bertan.