Britainia Handia

foxAzeriak ehizatzeko debekua auzitan

Erresuma Batuan aski errotua dago azeriak txakurrekin ehizatzeko ohitura. Duela 300 bat urte sortu zen tradizioa, eta goi mailako klaseen artean oso hedatua egon da duela hamar urtera arte. 2005eko otsailean, The Hunting Act izeneko legearen bitartez, ehiza mota hori debekatu zuen Britainia Handiko Gobernuak, baina debekuaren gaineko eztabaida ez da amaitu. Are, ehiza mota hori oraindik ere indarrean da. Britainia Handiko Justizia Ministerioak emandako datuen arabera, hamar urteotan pixkanaka gehitu egin dira lege hausteak: 2005ean, legea indarrean sartu zenean, 2 kasu erregistratu zituzten; 2013an, aldiz, poliziak 110 kasu jaso zituen. Horiek horrela, debekua ezarri zenetik 10 urtera, legearen aldekoen eta kontrakoen ika-mikak indarra hartu du berriro. Gainera, aurki hauteskundeak izango dira Erresuma Batuan, eta horrek hauspotu egin du polemika. Batetik, legea zorroztearen alde mintzatu dira debekuaren aldekoak, ehiztariek hainbat zirrikitu baliatzen dituztelako ehiza mota honi eusteko. Kontrakoek, ostera, bertan behera utzi nahi dute. Azken horien ustez, oraino ez da frogatu jarduera krudela denik. Ikusteko dago polemika noraino helduko den. Nolanahi ere, ehiza mota honen zaleek oraindik ere badute non ibili legea hautsi gabe. Izan ere, Ipar Irlandan legezkoa da azeriaren ehiza, nahiz eta kontrako ahotsak ugaritzen ari diren.