Nor omenduko du 20. Korrikak?

AEK-ko 11 ikas-taldek hartu dute parte Korrika 19 motorrak berotzen atazak antolatutako lehiaketan. Ikasleek proposatu behar izan dute 20. Korrikak omendu beharko lukeen pertsona edo erakundea, zergatiak azalduta. Maila bakoitzeko talde irabazle bat erabakita, ikasle horiek Korrika material sorta bat jasoko dute.
Hala, A mailako taldeen artean, Cintruenigoko ikasleek irabazi dute. Libre geratzen diren kilometroetan parte hartzen duten korrikalariak omentzea nahi dute: “Erriberan, herrien arteko aldeak oso luzeak izaten dira. Jende gutxi dago eta gaua hotza da, baina norbaitek egin behar du korrika. Eguerdian hiri barruan kilometro bat erostea eta korrika egitea oso erraza eta dotorea da… baina goizaldean, errepide huts eta ilun batean,  hamar edo kilometro gehiago egitea ez da hain eder eta erraza. Korrikalari horiek ausartak dira”.
B mailakoen artean, berriz, Usansolokoek irabazi dute, Berbalagun egitasmoa omentzeko proposatuta: “Berbalaguna oso ideia ona da, euskara gure euskaltegi edo etxetik kanpo praktikatzeko, alegia, edozein lekutan. Gainera, bizitza ematen dio euskarari; gero eta gehiago gara hitz egiten dugunok, lotsarik gabe eta akatsetatik ikasita. Bestalde, talde hauen helburua da jende ezezaguna harremanetan jar­tzea, leku ezberdinetan eta euskararen inguruan. Horrela, lagun berrien artean, beste herri batzuetako hizkerak ere ezagutu ahal ditugu”.
C mailan, Santurtzikoek irabazi dute lehiaketa, horiek ere Berbalagun/Mintzalagun ekimena proposatuta: “Korrika 19ren atarian, eta 20rako bi urte falta arren, jada badugu karabana koloretsu hau Euskal Herrian barrena ikusteko gogoa. Hala ere, ezin ahaztu sasi guztien gainetik egunero euskararen alde aritzen diren horietaz, berbalagun taldeez, esaterako.
Talde horiek hamaika ekitaldi egiten dute hizkuntza sustatzeko, nahiz eta askotan diru-laguntza eskasa jaso. Bestalde, sortzen dituzten harreman sareak askotarikoak izaten dira, eta zaletasun gehienei heltzen dietenez, partaideak sarri lagun bilakatzen dira. Hori guztia oso garrantzitsua izan da Ezkerraldean, horren etorkin tasa handia duen eskualdean. Ikastea zaila izanda, hona etorritako askok ez zuten ahalegin hori egin nahi izan. Zorionez, bazekitenek euskara zabaltzeko ardura hartu zutenez, egoerak hobera egin du. Horrelako ekintzei esker, egun posible da, neurri batean, gurean euskaraz bizitzea.
Horregatik guztiagatik, gure ustez, Korrika 20an omendurik onena berbalagun taldeak lirateke. Halaber, gure eskualdearen idiosinkrasia kontuan harturik eta gure herrian ekimen hau oso emankorra dela jakinda, Korrika hasteko herria ere proposatuko dizuegu: non eta Santurtzin!”.
Mila esker proposamen guztiengatik! batek daki, agian baten bat gauzatu egingo da...